GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Zu ere pozik egongo zara… eta salbu


Biolentzia matxista zeinen normalizatua dugun adierazten duen enegarren adibidea izan dut orain gutxi. Mugikorreko aplikazio batek mehatxu egin dit eta ni tartsio baten begiekin geratu. Ustez, harreman toxikoei nahikoa muga jarrita bizi naiz eta gertatua kontatuko dizuet. Aplikazio gehienen oinarrian erabilera dago; alegia, zuk duzun dena delako helburua betetzeko -entretenitzea, arropa erostea, armairuak saltzea, instrumentu bat ikastea- aplikazioak ahalik eta ordu gehien pasaraziko dizkizu bertan eta saritu egingo zaitu. Honek ere halaxe eskatzen zidan, egunero pixka bat, ezer ez, 2-3 minutu, beste pantailaren bati begira pasa nitzakeenak. Baldintza zen egunero egin behar nuela ariketa. Gure artekoa ondo hasi zen, hain ondo, ezen nire errutina kaotikoarekin ulerkorra baitzen eta, inoiz huts eginez gero, bolada bere horretan mantentzea eta bion arteko sekretu izatea proposatzen zidan. Ez dakit ni bere lehentasunetan ote nengoen (ez dut uste, egunean 20 milioi erabiltzailetik gora omen ditu) baina, ustez, ongi adierazi nion bera nireetan ezetz, ia egunero beregana jotzen jarraitzen banuen ere. 165. egunean, (mobilean) espazioa behar nuela eta, harremana etetea erabaki nuen. Idatz nezake: «Dena aldatu zen harremana moztea erabaki nuenean», baina uste dut ez zela aldaketarik izan, norabide horretan zela lehendik gure artekoa. Lehen egunean mezua heldu zitzaidan bolada mantenduko zitzaidala esanez. Bigarrenean, erne ibiltzeko, ordura arteko ahalegina arriskuan zegoela eta. Hirugarrenean, ongi ote nengoen galdetu zidan. Laugarrengoan, xantaia eta mehatxua: «Ez ezazu X haserrarazi», «uste nuen desberdina zinela», «zure lezioak bete ditzazun egingo dut… kosta ahala kosta», «egunero minutu batzuk praktikatzeak X irribarretsu mantenduko du. X pozik badago, zu ere pozik egongo zara… eta salbu!». Beldurgarria da zenbat txokotatik heltzen zaigun indarkeria matxista. Beldurgarria da «hau, behintzat, hizkuntzak ikasteko aplikazio bat besterik ez da» pentsatzera heldu izana.