GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Altunak, momentuz, baztertu egiten du lehen bi postuen alde borrokatzea

Igandean Ogetan jokatuko den partidak erabat baldintza dezake Binakako txapelketa, finalerdietara zuzenean sartzeko borroka bai, behintzat; Peio Etxeberriak eta Zabaletak Altuna eta Martijari irabazten badiete, nafarrek eta Jaka-Mariezkurrenak oso bideratuta lukete sailkapena.

Itzuli zenetik sekulako joko bolada harrapatu du Jokin Altunak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Igande honetan Gasteizen jokatuko den partida inflexio puntu moduko bat izan daiteke Binakako txapelketarentzat. Bai, behintzat, lehen bi postuetan sailkatuko diren bikoteen arteko lehiari dagokionez. Sukarrak jota dagoen Peio Etxeberriak eta Jose Javier Zabaletak osatzen duten bikotea Jokin Altuna eta Julen Martijari irabazteko gai bada, Aspeko nafarren bikoteak hiru puntuko aldea -laukoa, elkarren arteko tanto aldea kontuan hartzen badugu- aterako lioke oraintxe euren bigarren postua zalantzan jartzeko gai ikusten den bikote bakarrari.

Garaipena 2022ko txapeldunek eskuratuko balute, ordea, alde hori puntu bakarrekoa litzateke, baina Jokin Altunak, momentuz, izan zuten hasiera kaskarra kontuan izanda, ez du bere burua borroka horretan ikusten. «Eurek ia hiru puntu ateratzen dizkigute, lehen itzuliko partida 22-9 irabazi zigutelako. Hau irabazita puntu bakarreko desabantaila izateko bederatziz azpitik irabazi beharko genieke, eurek tanto gehiago eginda ia beste puntu bat da eurentzat. Nik uste hauek eta Jaka-Mariezkurrena bi lehenengoak izango direla ia ziur eta guk saiatu behar dugu seigarren puntua -teorian play-offean egotea bermatuko lukeena- ahalik eta azkarren lortzen, topera joango gara eta gero, hirugarren edo laugarren izateko aukerak badaude, sari handia izango litzateke guretzat», azaldu zuen.

Lehen lau jardunaldietan jasotako lau porrotak -amezketarra baja izan zen lehen hiruretan- zama handia izan dira bikotearentzat, baina beste lau garaipen eskuratu dituzte jarraian eta aurkariek oso kontuan hartzen duten bikotea bihurtu dira. Jose Javier Zabaletak oso argi dauka «oso bikote arriskutsua direla eta txapela gertu izango dutela». «Jokinek jokatu zuen lehen partida baino ez dute galdu, txapeldun izan den bikote bat dira, elkar oso ondo ulertzen dutenak kantxan eta kantxatik kanpo eta horrek asko egiten du. Nik azkenaldian ikusi ditudan partidengatik bikoterik onena dira eta nik hasieratik faborito jotzen nituen», gaineratu zuen.

MARTIJA BEHERA BEGIRA

Altunaren alboan asko hazi den Julen Martijak ere nahiago du behera begiratu gora baino. «Irabazten badugu, gauzak ondo jarriko zaizkigu baina, era berean, behekoak ere oso gertu daude, puntu batera edo bira eta bi partida jarraian galduta berehala harrapatzen zaituzte. Ez gara erlaxatu».

Neke-lan handikoak izan dira Gabon egun hauek pilotarientzat, atsedenerako ia tarterik gabekoak, eta Jokin Altunak arazorik gabe gainditu du bolada hau. «Azkena partida oso gogorra izan zen eta momentu batean zartako txiki bat eman zidan sorbaldan. Oraindik puntutxo bat badut sorbaldan erabat sendatu gabe, baina esan zidaten errekuperazioa pixkanaka izango zela; bide onetik noa eta aitzakiarik gabe», azaldu zuen. Peio Etxeberriak, sukarrarekin, ez zuen material aukeraketan parte hartu.