GARA Euskal Herriko egunkaria
FIBA EUROCUPA

Bilbao Basket arazorik gabe nagusi, Bulgarian


FIBA Europe lehiaketan Bilbao Basketen ibilbidean ez dago porrotik oraindik. Balkan Botevgrad talde bulgariarra aurkari nahiko ahula zela bazekiten bilbotarrek; eta etxekoak hainbat jokalariz saiatu baziren ere, ez zioten talde bizkaitarrari kilimarik ere egin.

Izan ere, talde bulgariarrean aldaketa batzuk izan dira abendutik hona, bai jokalarien artean, bai entrenatzaileari dagokionez. Aurkaria ongi ezagutu gabe ekin zion partidari talde bilbotarrak, eta, konturatzerako, 7-2 atzetik aurkitu zuen bere burua. Kontrakarrean berriz ere.

Nolanahi dela, Bilbao Basket ez zen asko estutu; are gutxiago, 2-13ko partzial batekin erantzun ziolarik, batez ere Adam Smithen bitartez. Bilbotarrek berehala ikusi zuten Botevgrad hiriko taldea zerbaitengatik dela multzoko ahulena, Portoren eta Gottingenen aurka aurrez galduta azaldu baita aurreneko itzuliko azken jardunaldi honetara.

Hala ere, aurreneko laurdena 15-20 amaitu zen, bilbotarrek atzean izan zituzten zenbait akats zirela-eta. Dena dela, bigarrena hasteaz bat aldea arin zabaldu zuen Bilbao Basketek. Ez zituen alferrik 16 puntu sartu Adam Smithek aurreneko 20 minutu horietan -orotara 25ekin amaitu zuen-. Ez zen bakarra izan, ordea. Aspaldiko partez Alex Reyes fin aritu zen uztaiari begira, bai eta Hlinason ere.

Tarte batean 24-41 aurreratu zen talde bizkaitarra, baina Zohore pibot daniarraren eta Dimitroven bitartez markagailua apur bat txukundu zuen etxeko taldeak, 32-43 iritsiz atsedenaldi luzera.

TALENTUA NAGUSI

Saskiratzeak trukatzeko laurdena izan zen hirugarrena. Bilbao Basketen defentsa baloia lapurtzen ahalegintzera mugatu zen minutu horietan, eta, hala, Botevgradeko taldeak zenbait jaurtiketa erraz gauzatu zituen, Sotiroven hirukoei edo Dmitroven abileziari esker.

Trukean, alabaina, Adam Smithek ia nahieran aurkitu zuen saskirako bidea. Eskolta iparramerikarraz gainera, Denzel Andersson eta Renfroe bera ere puntuak arazo handirik gabe pilatzen hasi ziren.

Halakoetan talentu gehien duen taldeak dauka hogeita hamaika eskutik, eta, noski, kasu honetan Bilbao Basket izan zen nagusi. Horrenbestez, bilbotarren abantaila hogei puntuen langatik oso gora joan zen laurdena amaitu aurretik. Esate baterako, Smithen eta Reyesen artean jositako kontraeraso baten ondoren, hegaleko espainiarrak 43-68koa igo zuen markagailura. Azken laurdenaren faltan, emaitza 47-75 geratu zen, partida goitik behera erabakita utzita.

Azken hamar minutuak ia soberakoak izan ziren. Talde biek, nolabait esatearren, jokoaren diziplina ia erabat galdu zuten. Azken batean, dena erabakita baldin badago, ez da harritzekoa halako jarrera.

Gisa horretan, Kullamaek aspaldiko partez puntu batzuk sartzeko aukera izan zuen eta, era berean, Unai Barandallak ere jokatzeko aukera izan zuen. Surne Bilbao Basketek berea ondo bete zuen, eta hori da garrantzitsuena.

Orain, berriz, ACB Ligako ibilbidea ez okertzea behar dute beltzezko gizonek, neurketak eta bidaiak pilatu arren.