GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Gure maitasuna ez dago preso


Bizitza polita da!» esan zigun behin nork eta kartzelan zegoen lagun batek, hura ikustera joan ginenok animatu nahian. Gauzak zer diren, berak irribarretsu amaitu zuen gurekin izandako elkarrizketa laburra, kristal lohi batek banantzen gintuela, eta gu, ordea, disimulatu ezineko negar batean. Hegazkinez joanak ginen, berrogei minutu bisita etsigarri bezain pozgarria egiteko uharte batean preso zeukaten lagunari. Mendeak pasatu direla ematen du, baina orain ez dela asko bukatu dira autobusak, trenak, furgonetak eta ordu txikietako bidaia nekagarriak. Hego Euskal Herriko preso politiko guztiak etxetik hurbil daude, gizartearen mobilizazioari eta lan politiko isil eta etengabeari esker. Tartean hainbat zauri sendagaitz geratu dira.

Hala ere, egoera politikoa erabat aldatu da. Olatuen aparra bezala, poliki-poliki zabaldu dira itxaropena eta indar-sentimendua gure artean. Baina gatazkak ez dira amaitzen, biktimen sufrimenduak bere horretan jarraitzen badu. Eta euskal presoen gaiak, sufrimendua ez ezik, inpotentzia ere eragiten du gugan, hain baitira ugariak eragile sozial eta politikoen jardunak, sarri askotan ematen baitu batzuek ez dutela amaierarik nahi. Euskal presoen bizi baldintzek nabarmen hobera egin duten arren, etxera bidea oztopoz gainezka ikusten da. Ate asko zabaldu dira, baina gehiago eta zabalago ireki beharko dira aurrerantzean. Gustatuko litzaiguke, zinez, hilaren 13ko manifestazioa azkena izatea. Eta ez dugu etsiko helburu horretan. Bitartean, ezinbestekoa da euskal gizarteak sakonki barneratzea preso zaharrek, gaixoek, kondenaren zati handi bat bete dutenek... kalean egoteko eskubidea dutela. Legea bete dadila, hain zuzen ere!

Artziniegako alkatearen Gabonetako bandoan irakurri dut zorionaren oparia berau eraikitzen laguntzen dutenei dagokiela. Larunbatean opari hori eraikitzen jarraituko dugu, presoen gaiak amaiera zoriontsua behar duelako. Joseba Sarrionandiaren poemak dioenez, gure maitasuna ez baitago preso.