GARA Euskal Herriko egunkaria
PELLETAK KOSTALDEAN

Plastikozko lehen pinportak euskal kostaldera heldu dira dagoeneko

Galiziako kostaldea bete duten lehen mikroplastikozko pellet edo pinportak Euskal Herrira iritsi dira, antza. Bizkaiko Arena, Sopela eta Gorrondatxe hondartzetan hondakinak jaso dituzte, baina ez da baieztatu Toconaotik heldu direnik. Ekologistek koordinazio handiagoa eskatzen dute erantzun eta gardentasunean.

Pertsona bat, plastikozko pinporten laginak jasotzen, Muskizko hondartzan. (H. BILBAO | EUROPA PRESS)

Mikroplastikozko lehen pinportak euskal kostaldera iritsi dira. Oraindik baieztatu gabe dago joan den astearte arratsaldean Bizkaiko La Arena hondartzan aurkitutako aleak Galiziako kostalde osoa bete dutenen jatorri berdinekoak ote diren, Toconao ontzikoak, alegia, baina, edonola ere, alarma guztiak piztuta daude, denbora kontua baino ez baitzen gurera heltzea. Arantxa Tapia Lakuako Ingurumen sailburuak atzo azaldu zuenez, laginak Aztiren eta Gaikerren laborategietan aztertzen ari dira, Galizian jasotako analisiekin alderatuko dira, «zehatz-mehatz», eta proben emaitzak gaurko espero dituzte.

«Materiala dentsitate txikikoa da, oso erraz eraman daiteke. Baliteke, bai, edo baliteke ez izatea, aukera guztiak irekita daude», adierazi zuen, gaurko «datu eztabaidaezinak» izango dituztela aurreratu aurretik. Sailburuak gaineratu zuen ez direla «kopuru handiak» orain arte detektatu direnak, baina nabarmendu zuen jakin badakigula «istripu eta isurketa garrantzitsu bat gertatu zela», eta «aurreikus daitekeena» dela gutxienez zati bat euskal kostaldera iristea.

Sailburuak azaldu zuen Santurtzitik ontzi bat abiatuko dela, plastiko isuriari itsasoan bertan erantzun ahal izateko beharrezkoak diren tresnekin. Besteak beste, euskal ontziek erabili ohi duten xurgagailu bat eta plastikoa biltzea ahalbidetuko duen Aztik garatutako sare txiki eta berezi bat eramango ditu itsasontziak.

Plastikozko lehen bolatxoak surflari talde batek atzeman zituen astearte arratsaldean, itsasbeheran. Lakuak ez zuen uste pinportak hain azkar helduko zirenik, heldu den asterako aurreikusten ziren, baina, dena den, asteartean itsas kutsaduragatik Larrialdi egoera ezarri zuen asteartean.

60 LAGUN LANEAN BIZKAIAN

Arantza Atutxa Bizkaiko Aldundiko Natura Ingurune eta Nekazaritza diputatuak hareatzetan ezarritako zaintza dispositiboaren berri eman zuen. Adierazi zuenez, 60 pertsonek parte hartzen dute, hala nola zaindariek, hondartzak garbitzeko zerbitzuak eta Basalaneko langileek.

Atzo arte La Arenan, Sopelan eta Gorrondatxen bildu dituzte hondakin plastikoak, eta horien laginak Aztira bidali dituzte, argitzearren Toconaoko isurikoak diren.

Prentsaurrekoan esan zuenez, Lakuarekin elkarlanean, Aldundia materiala biltzen hasi da, langileek hareatzetan galbahe lana egiten duten bitartean. Herritarrei, oro har, hondartzetara ez joateko eskatu zien Atutxak, batez ere marea inguruetara, mikroplastikoak zapaldu eta hondoratu baititzakete, biltzea zailduz.

Bizkaiko ingurugiro arduradunak baieztatu zuen beraiek aurreikusten zutela pellet arrastoak datorren astean helduko zirela eta, horregatik, orain arte aurkitutako materialen jatorriari buruz zuhurtziaz berba egin zuen. Baina, hala ere, egun hauetan etor daitekeenari aurre egiteko plana amaitzen ari direla azaldu zuen. Horren arabera, plastikoen bilketarako edukiontzi espezifikoak izatea aurreikusten dute, baita harea bahetzeko tresnak eta eskularruak ere.

Iragarri zuen, adibidez, lanean ari diren 60 kideez gain beste 40 gehituko direla datozen egunetan, eta, horiez aparte boluntarioak behar izanez gero, Sare Berdea eta Bizkaia Gara erakundeek koordinatuko dutela hori. Alde horretatik, eskatu zuen inor ez dadila banaka edo taldeka hondartzetara joan hondakinak biltzera.

Gipuzkoan, bere aldetik, Iraunkortasuneko Departamentuak Hondartzen Lurralde Mahaia deitu du ostiral honetarako, pelleten auzia aztertzeko. «Elkarlanerako eta baterako ekintzarako» deia egin zuen atzo erakunde horrek, inplikatutako alderdi guztiei ingurumen mehatxu horri aurre egiteko ahalegin koordinatuak batzeko eskatuz. Bestetik, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak bilera telematikora deitu zituen atzo administrazioetako arduradunak eta teknikariak, euskal kostaldean dagoen mehatxuaren aurrean egoera eta erantzun posibleak aztertzeko.

«KUTSATZEN DUENAK, ORDAINDU»

Administrazio desberdinak auzi honi nola erantzun aztertzen ari diren bitartean, Lurraren Lagunak, Ekologistak Martxan, Greenpeace, SEO/- BirdLife eta WWF erakunde ekologistek «ingurumen hondamendi berri» honen aurrean administrazioen arteko koordinazioa eskatu dute, «ingurumenean duen inpaktu larriagatik eta, Ingurumen Fiskaltzak esan duenez, giza osasunerako izan dezakeen arriskugarritasunagatik».

Talde ekologistek kezka handiz ikusten dute Galiziako Xuntak isuriaren aurrean izan duen erreakzioa, eta «Prestige-ren marea beltzarekin eta Espainiako Gobernuarekin izan zuen koordinazio faltarekin» antza duela uste dute. Ildo honetan, zorroztasun zientifikoa eta gardentasuna eskatu dizkiote Xuntari. «Galiziako Gobernuak Galizian ezarritako itsas kutsadurari buruzko ikerketa taldeen aholkularitza izan behar du», adierazi zuten asteartean prentsa ohar batetan.

Idazkian, toxikotasun zantzuak eta ingurumen delitua egon daitezkeelako, Fiskaltzak eginbideak ireki dituela txalotzen dute. Haien aburuz, Toconao edukiontzi-ontziaren jabea den enpresa ezin da zigorrik gabe geratu, eta gutxienez bere gain hartu behar lituzke itsaso eta hondartzen egokitzapen eta zaharberritze kostuak, «kutsatzen duenak ordaintzen duela» iritzita.

KUTSADURA «FISIKOA» ETA «KIMIKOA»

Talde hauen eta, oro har, gizartearen kezka da gutxirako. Izan ere, plastikozko pinporten isurketaren ondoriozko kutsadura fisikoa zein kimikoa izango da, eta oso kaltegarria izan daiteke fauna ozeanikoarentzat. Hori ondorioztatu zuten atzo Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko (CSIC) zenbait adituk, Toconao ontziak plastikozko pelletez betetako hainbat edukion- tzi Portugalgo kostaldearen aurrean galdu ondoren sortutako egoera eta gertakariak aztertzeko egindako bileran.

Efe agentziari egindako adierazpenetan, Ethel Eljarrat, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko Ingurumen Diagnostikoaren eta Uraren Azterketen Institutuko (IDAEA) zuzendariak aipatu zuen garrantzitsua dela plastikoa fabrikatzeko lehengai gisa erabiltzen den bolatxoen osaera zehatza ezagutzea, eta adierazi zuen normalean polimeroek osatzen dituztela eta gehigarri kimikoren bat gehitzen zaiela.

Azaldu zuenez, lehen informazioen arabera, pellet horien osagai nagusia polietilenoa da, eta, gainera, eguzki iragazki gisa erabilitako gehigarri baten proportzio txiki bat du (UV622). Gaineratu zuenez, plastikoek, oro har, eta pelletek, zehazki, kutsadura fisikoa eta kimikoa sor dezaketen arazoa planteatzen dute. Fisikoa, itsasoan eta kostaldean sakabanatuta agertzen ari diren eta itsas organismo mota guztiek «nahita edo nahi gabe» har ditzakete zatitxo txikiei dagokie. Aipatu zuenez, horrelako produktuak hartzeak animalia batzuen digestio aparatua buxatzea edo urdailean metatzea eragin dezake, eta horrek asetasun sentipena eragiten du, eta, horren ondorioz, ez jateagatik hil daitezke.

Hori litzateke material horiek hartzeak eragin ditzakeen ondorio «fisikorik» txarrena; baina kutsadura «kimikoaz» ere ohartarazi zuen, plastikozko pinportaren gehigarriak askatu egiten baitira eta organismoaren gainerako ehunetan metatuta geratzen baitira. «Organismo hori arrain jangarria bada, gizakiak arrain hori jaten duenean, bere organismoan gai kutsatzaile horiek, gehigarri kimiko horiek ere sartzen ditu», ohartarazi zuen.

IDAEAko zuzendariak gogora ekarri zuen gizakiok ez ditugula normalean arrainaren urdailak jaten, eta, beraz, ia ezinezkoa dela pelleta pertsonek kontsumitzea. Hori dela eta, kutsadura «kimikoa» kutsadura «fisikoa» baino problematikoagoa izan daitekeela esan zuen, kutsadura mota hori kontsumitzen diren arrain zatietan pilatzen baita.

Eljarratek nabarmendu zuen, halaber, plastikoek eta mikroplastikoek itsasoetan eragindako kutsadura «ez dela gauza berria», eta lehen mailako ingurumen arazoa dela.



Fiskaltzak eginbideak hasi ditu

Estatuko Fiskaltza Nagusiko Ingurumen Unitate Espezializatuak (FGE) lehen ikerketa eginbideak enkargatu ditu dagoeneko, Galiziako kostaldeetan pelletak isurtzeagatik. Albiste agentziek atzo azaldu zuten Ministerio Publikoak informazioa galdegin diela Xuntari eta Sepronari, eta laguntza eskatu die, baita ere, Guardia Zibilari eta Galizia, Asturias, Kantabria eta EAEko fiskaltzei.

Zehazki, Antonio Vercher fiskalak Galiziako Xuntako Ingurumen, Lurralde eta Etxebizitza Sailari eskatu dio Galiziako kostaldera kutsagarria izan daitekeen materiala heldu izanaz duen informazioa helarazteko, bereziki Parke Nazional Illas Atlánticas, Parque Natural das Dunas de Corrubedo e as Lagoas de Carregal e Vixán parkearen gaineko «eragina eta ebaluazioa», azpimarratzen duenez, «ingurumena bereziki babestu eta aintzat hartzeko guneak direlako».

Bestetik, Sepronako langileek laginak hartu eta analisiak egin dituztela egiaztatu ondoren, horien emaitzak eskatu dizkie, eginda baldin badaude. Eta, nolanahi ere, Fiskaltzari atxikitako Sepronako taldeari «arriskutsua izan daitekeen materialaren» laginak hartu eta aztertzeko eskatu dio, eta zehaztu ditzala «atzemandako mikroplastiko kopuruen iritsiera lekuak eta materialaren denbora data».

Ez da mugitu Fiskaltza bakarrik. Noiako (Coruña) Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegiak eginbideak hastea erabaki du, baliabide naturalen eta ingurumenaren aurkako delitu bat egon daitekeelakoan. GARA



Bruselak isuriaren ondorio larriez ohartarazi du

Europako Batzordeak atzo ohartarazi zuenez, Galiziako kostaldean 25 tona plastikozko pinporta isurtzeak «itsas ingurunea eta jarduera ekonomikoak, hala nola arrantza, mehatxatzen ditu». «Ahalik ondoen nola lagun dezakegun aztertzeko gogoz gaude», adierazi zuen Virginijus Sinkevicius Europako Ingurumen, Ozeano eta Arrantza komisarioak sare sozialetan. Estatu espainoleko zenbait eurodiputatuk asteartean Batzordeari ingurumenaren «hondamendiaz» balorazioa egiteko eskatu ondoren heldu zen komisarioaren mezua. Honek, alabaina, egoera horren kudeaketa estatuko agintariei dagokiela adierazi zuen. Hain zuzen, Luis Planas, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministro espainolak atzo esan zuen «une honetan» behintzat arrantza sektoreak ez duela «inolako eraginik» pairatu mikroplastikozko pinporten auziagatik. GARA