GARA Euskal Herriko egunkaria
KORRIKAREN IBILBIDEA AURKEZTU DUTE

«Harro herri», herriz herri: Korrikaren 23. edizioko ibilbidea

Korrika egin zale eta euskaltzale diren guztiek dagoeneko presta dezakete beren agenda. AEK-k atzo iragarri zuen ekimenaren 23. edizioko ibilbidea. Euskal Herria iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera gurutzatuko du, martxoaren 14an Irunen hasiz eta hamar egun beranduago Baionan bukatuz. Kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko da.

23. Korrika ibilbidearen mapa. (GARA)

 

Martxoaren 14an abiatuko da Korrika Irundik, jakina denez. Atzo, baina, ibilbidea bere osotasunean aurkeztu zuten ekimenaren antolatzaileek, euskaltzale eta korrika egin zaleak direnak, agenda hartu, eta 23. edizio honetarako presta daitezen. Kilometroak erreserbatzeko aukera, berriz, otsailaren 1ean zabalduko da.

Euskal Herriko iparraldea eta ekialdea izango dira Korrikaren hasierako protagonista. Esan bezala, martxoaren 14an, osteguna, abiatuko da lasterraldia, Irungo San Juan plazatik, 16.00etan, eta ondorengo orduetan Hondarribia, Irun, Hendaia, Donibane Lohizune eta Kanbo bisitatuko ditu, besteak beste.

Maulera martxoaren 15eko (ostirala) goizaldean iritsiko da eta Donibane Garazira 11.00k aldera. Izpegiko lepotik Nafarroa Garaira egingo du salto Korrikak, Baztan eta Zubiritik Pirinio inguruetara aurrera egiteko.

IRUÑEA ETA GASTEIZ

Nafarroa ekialdetik egingo du behera Korrikak martxoaren 16an, lehen eguzki izpiekin Zangoza inguruan euskararen aldeko aldarria zabalduz eta arratsaldean Iruñera iritsiz (17.00ak inguruan). Nafar hiriburu eta aldirietan hainbat buelta egin ondoren hegoalderantz egingo du Korrikak, lekukoari segika.

Igandean, martxoaren 17an, Tafalla izango du puntu beroetako bat, 02.00etan, eta Tuterara eguerdian ailegatuko da. Erriberan euskara protagonista izango da igande guztian zehar eta asteleheneko lehen orduetan, berriz, Lizarran sartuko da euskararen aldeko lasterketa.

Egun horretan bertan Nafarroa atzean utzi eta Araban sartuko da Korrika. Guardia, Trebiñu, Langraiz eta Murgiatik igaro ostean, 19.30ean iritsiko da Gasteizera, goizaldean Lautadatik berriz ere Nafarroa aldera egiteko.

Besteak beste, Dulantzin, Agurainen eta Araian ibili eta gero, Ziordiatik (04.30) sartuko da Korrika Nafarroan. Sakana gurutzatuta, Ultzama, Larraun eta Leitzaranetik ere igaroko da asteartean, eguna Gipuzkoan amaitzeko Hernani, Lasarte-Oria eta Usurbil korrika jarriz.

Martxoaren 20an, asteazkena, itsasoa ikusiko du berriro Korrikak Orio, Zarautz eta Zumaiako parajeetatik, barnealdera itzuli baino lehen (Azkoitia, Bergara, Eibar). Arratsaldean Bizkaian sartuko da Korrika, berriz ere kostaldetik, “Harro herri” leloa Ondarroan eta Lekeition erakutsi ostean eguna Gernikan amaitzeko.

BILBO ETA DONOSTIA

Ostegunean, hilak 21, Bermeo izango da lehen plazetako bat eta eguerdian Galdakaon ibiliko da euskararen aldeko ekimena. Bilbon 17.00ak aldera sartuko da eta hiriko auzoetan gora eta behera ibili ostean Barakaldotik aurrera egin eta eguna Ezkerraldean itxiko du Korrikak.

Araba iparraldea eta Bizkaia izango dira martxoaren 22ko protagonistak. Aiaran 08.00ak baino zerbait lehenago egongo dira korrikalariak prest; Laudion, 11.30 inguruan, eta Zornotzan, 17.30 pasatxoan. Eguna Durangon amaituko du.

Gipuzkoara itzuliko da Korrika martxoaren 23ko lehen orduetan. Arrasaten goizaldean izango da eta Zumarragan ere eguna argitu aurretik arituko dira euskaltzaleak. Herrialdea mendebaldetik ekialdera gurutzatuta, Donostiara 19.30 baino lehen iritsiko da.

Martxoaren 24an bukatuko da Korrika, baina egun horretan Gipuzkoa, Nafarroa Garaia eta Lapurdi zapalduko ditu. Oiartzundik Lesakara eta Beratik Sarara igaroko da, oraindik ilun dela. Biarritz eta Angelun barrena ibili ostean, Baionara ailegatuko da Korrika, 23. edizio honen azken pausoak bertan emateko.