GARA Euskal Herriko egunkaria

Kandido Sagarzazu preso ohi donostiarra hil da, 48 urterekin

Bat-bateko osasun arazo baten ondorioz hil zen atzo Kandido Sagarzazu donostiarra, soilik 48 urte zituela. Hiru aldiz kartzelatu zuten eta, azken aldian, 12 urte eta erdi izan zuten preso. Egun gutxiko tartean hil den bigarren preso ohia da, Jose Ramon Foruriaren atzetik.

Kandido Sagarzazu, 2015ean aske utzi zutenean. (ETXERAT)

Kandido Sagarzazu, bi estatuetako kartzeletan preso izan zuten donostiarra, atzo hil zela jakinarazi zuten haren senideek. 1975. urtean jaio zen Gipuzkoako hiriburuan, eta gazte hartu du herioak, 48 urte baino ez zituela.

Bat-bateko osasun arazo baten ondorioz zendu zen. Buruko isuri bat izan zuen Sagarzazuk eta erietxean artatu zuten, baina ezin izan zioten bizia salbatu.

2015. urtean zigorra amaitu eta aske itzuli zen Euskal Herrira Kandido Sagarzazu. Oso urruti izan zuten preso urte horietan guztietan; azkenak Murtzia-II espetxean egin zituen, baldintza gogorretan. Esate baterako, 2013an funtzionario batek kolpe bat eman zion besoan, kiroldegian zela, eta, gainera, zigortu eta isolamendua ezarri zioten, 48 orduz.

Behin baino gehiagotan atxilotu eta kartzelatu zuten Kandido Sagarzazu. Lehenengo aldia 1996an izan zen, kale borroka egin izanaren akusaziopean. Hiru urte geroago, ETAko Donostia komandoarekin lotu zuen Poliziak eta berriz espetxeratu zuen Auzitegi Nazional espainolak. Hirugarren aldia, azkenengoa, 2003. urtean izan zen, Cahorsen. Horrek Sagarzazuk bizi izan zuen espetxealdi luzeenari bide emango zion: 2015eko maiatzaren 29an utzi zuten aske, 12 urte preso eman eta gero.

Parisko auzitegi bereziek agindutako kondena 2011n amaitu zitzaion, baina orduan Estatu espainiarraren esku utzi zuen Polizia frantsesak, eta Auzitegi Nazionalak zigortu zuen.

EGUN GUTXIAN BIGARRENA

Egun latzak izaten ari dira azken hauek euskal presoei edo gatibu ohiei dagokienez. Larunbatean hil zen Jose Ramon Foruria ere, Markina-Xemeingoa, oraindik baldintzapeko askatasunean zela.

“Foru” 2011n eraman zuten etxera zigorra betetzera, gaixotasun larria pairatzen zuelako. Espetxean sartu eta berehala garatu zuen gaitza, 2003ko irailean. Maskurian minbizia zuen eta kaleratzea eskatu zuen. Auzitegi Nazional espainolak 2006an ukatu zion eskubide hori lehen aldiz eta, azkenean, 2020an, graduz aldatu zuten.