GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
Rafael Larretxea eta Etzozi Elgezabal
Euskal presoen senideak

«Badaukagu esperantza, legerian zirrikituren bat irekiko ote den»

(Oskar MATXIN | FOKU)

Dispertsioa bukatu zen eta preso gehienen egoerak nabarmen egin du hobera. Baina ez da denen kasua. Badaude 50 bat preso ehuna urteko kondenak dituztenak eta, salbuespen legeriaren ondorioz, baliteke hamarkadak igaro behar izatea kartzelan.

Egoera hori da Joanes Larretxea hernaniarrarena eta Manex Castro billabonatarrarena. Kondena luzeak dauzkate eta, 2008an ezarritako araudiaren arabera, 2049ra arte ez lituzkete askatuko. Larretxearen aita, Rafael Larretxea, eta Castroren bikotekide Etzozi Elgezabal elkarrizketatu zituen GARAk.

Urte asko daramatzate preso. Nola aurre egiten diozue?

Rafael Larretxea: 2009an atxilotu zutenean, preso zeudenek 5 edo 10 urte zeramatzaten. Asko iruditzen zitzaizkigun, eta uste genuen ordutik hamar urte igarotzerako gauzak aldatuko zirela. Bada, bete dituzte 14 urte eta ez dirudi berehala bukatuko denik.

Etzozi Elgezabal: Ez duzu pentsatzen horrenbeste urte izango direla, nahiz eta zigorra itzelezkoa daukan, pentsatzen duzu konponduko dela.

2049ra arte luza liteke espetxealdia. Nola aurre egiten diozue hipotesi horri?

R.L.: Burutik denetik pasatzen da. Urteak aurrera doaz, 14 daramatzate, eta gelditzen zaiena. Gure bizitza, ordea, laburragoa da. Baina badaukagu esperantza, zirrikituren bat irekiko ote den.

E.E.: Nahiago dut egunean egunekoa bizi. Egia da mamu hori hor dagoela; gaur-gaurkoz hori da daukana eta kontziente izan beharra dago.

Legeriaren arabera, zigorraren laurdena betetakoan kalea zapaltzeko aukera izango lukete. Horren esperantzarik behintzat badaukazue?

R.L.: Dispertsioa bukatu denetik gauzak beste era batera ikusten dira. Baina baimenak orain arte ez dizkiete inoiz gure senideei aplikatu. Beraz, oso zail ikusten da aukera hori.

E.E.: Gaur-gaurkoz gure kasuan ez dago baimenetarako aukerarik. Izan ere, 78. artikulua aplikatuta dute. 2003ko lege horretatik datorren artikulua da, eta dio kondenaren osotasuna kontuan hartuta kalkulatuko dela laurden hori. Beraz, 400 urteko kondena badaukazu, horren laurdena 100 urte dira, alegia, beteezina da. Artikulu hori aplikatzen bazaie, ez dago baimenik lortzeko aukerarik; lasterrago beteko dute 40 urteko kondena.