GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKIA

Euskal eskiatzaileak podiumera igo dira Mendiko Espainiako Kopan

Andorran jokatutako indibidualean Elur Zalduak urrea eta Nahia Quincocesek brontzea erdietsi zituzten. Bertikalean, berriz, Zaldua bigarrena izan zen, eta Malen Osak irabazi zuen.

Malen Osa azkarrena izan da jokatutako bertikalean. (FEDME)

Joan den asteburuan, Mendi Kiroletako eta Eskaladako Espainiako Federazioak (Fedme) antolatutako erregulartasunaren zirkuituak bi proba izan zituen: indibiduala eta bertikala. Hots, Espainiako Koparen hirugarren eta laugarren hitzorduak.

250 eskiatzaile joan ziren Andorran jokatu ziren bi lehia horietara. Eta ohi den legez, Hego Euskal Herriko bi mendizale federazioetako lehiakideek parte hartu zuten. Emaitza orokorrei dagokienez, hiru eskiatzaile podiumaren kutxa ezberdinetara igo ziren: Elur Zaldua, Nahia Quincoces eta Malen Osa.

Lehen proba eguna indibiduala izan zen. Modalitate horretako lehiakideek Comapedrosa mendiaren inguruan jardun zuten. Irteera eta helmuga puntuak Xalet Igllon (2.300 m) izan zituzten. 16 urtez azpikoen mailan, Ibai Hernani laugarrena izan zen, eta Unai Sologaistoa bosgarrena. Hugo Roblesek, berriz, 18 urtez azpikoen kategorian laugarren postua lortu zuen.

Lehen domina 20 urtez azpikoetan heldu zen. Elur Zalduak aise irabazi zuen; izan ere, bigarrenari bost minutuko aldea atera zion. Oier Moreno seigarrena izan zen.

Bigarren domina seniorretan lortu zen; hain zuzen ere, Nahia Quincocesek sinatu zuen. Eskiatzaile bizkaitarrak denbora zeraman lehiaketetan parte hartu gabe. Nahiz eta beteranoen kategorikoa den, sailkapen nagusian hirugarren postuan amaitu zuen. Claudia Tremps irabazle katalanak ia bederatzi minutu atera zizkion. Mutiletan, Asier Labairuk zazpigarren postuan amaitu zuen. Jordi Alis katalana nagusitu zen.

URREA ETA ZILARRA

Biharamunean, igandean, bertikalak protagonismoa izan zuen. Arinsaleko eski estazioan seniorrentzat antolatutako ibilbideak 3,5 kilometro eta 720 metroko desnibela izan zituen. Gazteen kategorientzat prestatutakoak, aldiz, 300 metro desnibel gutxiago zuen.

Nagusien mailan, Malen Osak irabazi zuen 35:08 denborarekin. Kirolari oñatiarraren garaipena bitxia da oso. Berez, mendiko lasterketetan edo trail running-ean espezialista dugu, eta izaera honetako lehietan ez dugu inoiz ikusi. Hala ere, korrikalari batentzat bertikala oso erosoa da, eta gipuzkoarrak erakutsi du sasoi bikainean dagoela. Bigarren sailkatuari, Trempsi, bi minutu baino gehiagoko aldea atera zion. Gizonezkoetan, Labairu eta Xabier Macias bederatzigarren eta hamargarren postuetan sailkatu ziren, hurrenez hurren. Osa 23 urtez azpikoen mailan ere gailendu zen, eta Jon Razkin laugarrena izan zen.

Zalantzarik gabe, euskal eskiatzaileen artean Zalduaren jardunei azpimarra egin behar zaie. Indibidualean irabazi eta gero, bertikalean zilarra eskuratu zuen. Kirolari zubietarra zirkuitu horretako erregularrena izan da.