GARA Euskal Herriko egunkaria
JAZARPENA

Itziar Ituñoren kontrako kanpaina, Sareren manifestazioan izateagatik

Estatu espainoleko eskuin muturrak Itziar Ituño aktore basauritarraren aurkako jazarpen kanpaina bat abiatu du, iragan larunbatean salbuespeneko espetxe politikaren aurka Bilbon egin zen manifestazioan parte hartzeagatik. Mobilizazioaren deitzalea zen Sarek enegarren kriminalizazio saiakera salatu zuen eta babesa adierazi zion Ituñori.

Itziar Ituño, Jon Maiarekin hizketan, Sareren Bilboko manifestazioan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Euskal Herritik diskurtso ofizialen aurkako konpromiso politikoa adierazten dutenen aurkako enegarren kanpainako protagonista (edo biktima) da Itziar Ituño aktorea, joan den larunbatean Sareren manifestazioan presoen auziari irtenbidea ematea eskatzen zuen pankarta eraman zuen pertsonetako bat.

Eskuin muturreko joera garbia duten sare sozialetako erabiltzaileek abiatutako kanpaina hau hasi da ondorioak izaten: BMW Lurautok, Araban, Bizkaian eta Nafarroan marka duen kontzesionario ofizialak eten egin du aktorearekin zuen lankidetza hitzarmena, eta Iberiak, berriz, bideoak ezabatu ditu Ituñok ikus-entzunezko produktuak gomendatuz parte hartzen zuen kanpaina batetik.

Hegazkin konpainiaren kasuan, Ituño ageri zen bideoak ezabatu dituzte beren sare sozialetako profiletatik, baina ez dute momentuz inolako adierazpen ofizialik argitaratu.

Kontzesionarioaren kasuan, aldiz, ohar bat plazaratu zuen, eta bertan azaldu zuten Ituñorekin zeukaten harremana eten egin dutela, argudiatuz ez direla «ideologia politiko batekin lotzen». «Aniztasunarekiko, inklusioarekiko eta jendartearen %100aren errespetuarekiko konpromisoa berresten dugu», gaineratu zuten.

Paradoxikoa da, zinez, gizartearen %100 errespetatzen dutela esatea, bere ideologia publikoki adierazten duen pertsona batekin harremana hautsi egiten dutela iragarri ondoren.

Halako jazarpen kanpainak ez dira berriak gurean, eta azkena ere ez da izango, tamalez. Hortxe daude, esate baterako, euskal musikariek eta taldeek Estatu espainolean pairatu duten zentsura, edo berriki Joxe Mari Agirretexe ‘Porrotx’ jomugan jarri duen kanpaina.

“La Casa de Papel’ hasi zenean ere, Ituñok bertan parte hartzen zuela-eta, antzeko kanpaina bat abiatu zuten, telesailari boikota egitera deituz. Emaitza, bistan da, hutsaren hurrengoa izan zen, mundu mailako fenomenoa bilakatu baitzen.

SAREREN SOSTENGUA

Nolanahi ere, irainez betetako mezu horiez aparte, Ituñori babesa eta elkartasuna adierazi diote erabiltzaile askok, tartean mobilizazioa antolatu zuen Sarek, lehenbizi txio baten bidez eta ondoren prentsa-ohar baten bitartez. Honetan aipatzen duenez, bai Ituñoren aurkako kanpainaz bai eta Porrotxen kontrakoa aipatuz, «ezin dugu isilik geratu, lintxamendu politiko honek dakarren bidegabekeriaren aurrean. Ozen salatzen dugu egoera hau, eta bidegabekeria hau jasaten ari direnekin bat egiten dugu».

«Honela, duela egun batzuk Bilbon 70.000 lagunek defendatu eta aldarrikatu genituen helburuak lortzeko lanean jarraitzeko erabakia berresten dugu», erantsi du Sarek oharrean.