GARA Euskal Herriko egunkaria
INDEPENDENTISMOAREN KONTRAKO JAZARPENA

Arnaldo Otegi: «Borroka armatua ez desagertzeko atxilotu gintuzten»

«Bateragune auzia» delakoa «lawfare» kasu garbia dela salatu zuten atzo auzipetuek. Bere garaian ondorioztatu zuten eta orain berretsi dute: «Gordina bada ere, egia da: borroka armatua ekuazio politikotik ez ateratzeko atxilotu gintuzten. Eta porrot egin dute», esan zuen Arnaldo Otegik. Estatu-indarkeria mantendu dutenei «elkarbizitzari ekarpen estrategiko bat» egiteko eskatu zien.

Arnaldo Otegik hartu zuen hitza, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Rafa Diez lagun zituela. (Jon URBE | FOKU)

Guztira espetxean 31 urte pasatu zituzten “Bateragune auzi”-ko auzipetuek balorazio «gordina» egin zuten atzo, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak auzia betiko itxi ostean, berriz epaitzeko aukera betiko baztertuz. Arnaldo Otegik hartu zuen hitza, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Rafa Diez ondoan zituela (Sonia Jacintok ez zuen bertaratzerik izan), eta honako hau nabarmendu zuen: «Zertarako egin zuten hau? Ezker abertzaleak estrategia ez aldatzeko, Euskal Herrian eszenatoki berri bat ez sortzeko, eta borroka armatua ekuazio politikotik ez ateratzeko atxilotu gintuzten. Horretan ari ginenok bidetik atera nahi izan gintuzten».

Uste hori bere garaian adierazi zuten eta, 15 urte igarota, berretsi egin dute ezker abertzaleko ordezkariok. Bigarren helburu bat ere ikusten dute operazio horren atzean: «Ezker independentistaren potentzialitatea neutralizatzea, betirako neutralizatzea». Batean zein bestean «porrot egin dutelako» pozik agertu ziren Otegi eta bere kideak.

Bateragune lawfare kasu garbia dela esan zuen Otegik, kontzeptu hori orain pil-pilean den arren Euskal Herrian aspalditik erabilia dela oroitaraziz: ilegalizazioak, atxiloketak, torturak... aipatu zituen. «Ilegaltasun osoz egindako estrategiak jarri dituzte martxan, eta guri hau tokatu zaigu», esan zuen auzi honetaz.

Ibilbide luze horretan «ezohiko» albistetzat hartu zuen asteazkenekoa, ezkerreko independentismoari gutxitan ematen diotelako arrazoia espainiar auzitegiek. Hala ere, bi zehaztapen interesgarri egin zituen: batetik, Arkaitz Rodriguezek hamar urte eman dituela preso, akusazio ezberdinak tarteko, eta beti errugabe atera dela azkenean; eta, bestetik, bera bi aldiz atera dela irabazle Estrasburgoko Auzitegian espainiar Estatuaren aurka, «ez baita Europa osoan antzeko kasurik izango».

DEMOKRAZIA ETA ELKARBIZITZA

Jada etorkizunari begira jarrita, Auzitegi Konstituzionalaren erabaki honen ostean bi ondorio atera nahi izan zituzten zigortutakoek. Lehen hausnarketa Pere Aragones Kataluniako presidentearen hitz batzuetatik abiatu zuen: «Berak esan duenez, denetik egin du Estatuak, denetik. Eta, ez al da garaia behingoz lawfare kasu hauek alboratu eta arazo honi era demokratikoan heltzeko, herriei hitza emanez eta hori errespetatuz?».

Bigarrenik, elkarbizitza sustatzeko aukera aipatu zuen EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Gogora ekarri zuen ezker independentistak sufrimendu guztiak aitortuz agerraldia egin zuela 2021eko urriaren 18an, eta «Estatu biolentzia mantendu duten guztiei» gonbita egin zien, beraiek ere «elkarbizitzari ekarpen estrategiko bat egin diezaioten, sufrikarioan ardura izan duten neurrian. Herri hobea sortuko dugu horrekin».

Prentsaurrekoa bukatu aurretik, Arnaldo Otegik eskerrak eman zizkien, «bihotz-bihotzez», urte luze hauetan elkartasuna eman dieten guztiei. Esker on hori adierazteko, EH Bilduk bideo bat zabaldu zuen sareetan agerraldia amaitu ostean. Bideoan auzipetuak eurak azaltzen dira, “Bateragune auziaren” amaiera ospatzeko euskal musikagintzako aurpegi ezagun batzuek egindako “Zuekin batera” abestiaren doinuak entzuten direla.