GARA Euskal Herriko egunkaria

«Iris XXII», hurrengo mendea komikian eman dute Yurre Ugartek eta Julen Ribasek

Yurre Ugarte idazlearen eta Julen Ribas ilustratzailearen elkarlanetik sortu da «Iris XXII» komikia. 2160. urtean kokatutako gizartearen istorioa kontatzen dute bertan, hondamendi naturalak kateatzearen ondorioz geratu den agertokikoa. Teknologiarik gabeko irla izango da kokalekua, gizarte egituraketa berri bat duena.

Ugarte eta Ribas, liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

Gizarte bat irudikatu dute Yurre Ugarte idazleak eta Julen Ribas ilustratzaileak, 2160. urtean kokatutakoa, “Iris XXII” komikian (Txalaparta). Hondamendi naturalak kateatu osteko eszenatokian kokatzen da eta, bitxia gerta daitekeen arren, ez dago gailu elektronikorik bertan. Durangoko Azokan egon zen lana salgai eta aste honetan iritsi da liburu-dendetara.

Istorioa hondamenaren osteko gizarte batean kokatuta dagoela kontatu zuen Garazi Arrula editoreak aurkezpenean: «Itxuraz urrun den mundua izanik ere, oinarria ezaguna eginen zaigu. Egun antzeman daitezkeen krisiak agertze dira, hondamendi bihurtu direnak».

Ugartek fikziozko istorio bat dela zehaztu zuen: «Gaur egungo gizartetik abiatuta, kapitalismo patriarkalak suntsitutako planeta batetik, hondamendiak biderkatu eta jasan ondoren bizirik irten den talde bat dago, jatorri anitzetako pertsonaiaz osatua, eta irla batean hartu dute bizileku». Gizatalde horretako kidea da Iris haurra, liburuari izenburua ematen dion pertsonaia, nahiz eta ez den pertsonaia nagusia.

«Gizarte eraikuntza ezberdin bat» ageri dela gaineratu zuen Ugartek, eta aurkezpenean aipatu zituen gizarte horren zenbait ezaugarri: eguzki haziak daramatzaten izakiak daude; arbasoen ondare kulturala berreskuratzeko lanetan dabiltza batzuk, iritsi zaizkien iraganeko dokumentu kultural apurrak berreskuratu eta itzultzen; eta ugalkortasun maila emakumeek erabakitzen dute.

TEKNOLOGIARIK EZ

Badago atentzioa ematen duen ezaugarri bat, ordea, idazleak irri artean aipatu zuena: «Jonki digital elektronikorik, heroina elektronikorik gabeko gizartea da. Ez dago bankurik, dirurik ere ez, ezta aseguru-etxerik ere. Eta, aldi berean, iraganetik libratu ezin duten zama bat daukate». Teknologiarik gabeko ikuspegi hori egin zitzaion deigarri Ribasi proposamena jaso zuenean: «Teknologiaz beteriko mundu bat irudikatu nuen, 2160an kokatua zela jakindakoan; baina kasik neolitora heldu gara komikian: ehunak lantzen dituzte, arkitektura ere oso oinarrizkoa da…».

Teknika tradizionala erabili du Ribasek marrazkiak egiteko; «papera eta tinta txinatarra», zehaztu zuen ilustratzaileak. Eta idazlearekin batera «ping-pong» bat osatu duela kontatu zuen, horrelako proiektuetan elkarlana ezinbestekoa izaten baita; Ugarte gidoia moldatzen joan da, eta Ribas, berriz, gidoitik abiatuta ilustrazioak egokitzen.

UTOPIEZ ETA KOMIKIEZ

Komikiak utopia bat ala distopia bat irudikatzen duen galderari erantzunez, Ugartek «postoptimismotik sortutako istorio bat» dela esan zuen. Bere ustez, egungo gizarteak baditu distopia baten ezaugarriak: «Oso zaila iruditzen zait gizarteko injustizia maila oso baxua den, biolentzia maila baxua dagoen edo krimenik ez dagoen utopia bat irudikatzea. Horrelako gizarte batean ez gaudenez, normala iruditzen zait utopia asko ez sortzea; baina aldi berean pentsatzen dut utopiak sufrimendutik, ez dagoenetik eta minetik sortzen direla. Utopiak ez datoz jendea besaulki batean eroso eserita dagoela».

Komikigintzaren inguruan ere egin zituen pare bat hitz editoreak. Izan ere, orain dela hamar urte ekin zioten komikiak argitaratzeari. Txalaparta argitaletxean urtean pare bat argitaratzeko ahalegina egiten dute. «Talentu handia dago, baina ditugun baldintzak ez dira onenak; hala eta guztiz ere, Txalapartan bidea egin nahi dugu komikigintzan, harrobi horretan parte hartu, espazio bat eman, eta generoa egonkortzen lagundu».