GARA Euskal Herriko egunkaria

Herrietako proiektu berritzaileen bultzadan jarriko du fokua Udalbiltzak

Udalbiltzako kide berriak diren zazpi udalei harrera egin zien nazio erakundeak, Bergaran, kargu berrien lehen batzar nagusian. Bertatik, erronkak zehaztu zituen zuzendaritza berriak, azpimarra herrietan lantzen diren proiektu berritzaileetan eta Euskal Herri osoko hedapena duen erakunde publikoaren potentzialtasunean jarriz.

Karguak berritu eta hurrengo lau urterako lanaren ardatzak zehaztu zituen Udalbiltzak, atzo, Bergaran. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Udalbiltzak batzar nagusia egin zuen atzo Bergaran, kargu berriak aurkeztu eta erakundeko kide berriei harrera egiteko. Dima, Berrobi, Larraun, Izurtza, Markina-Xemein, Mendaro eta Plentziako udalak dira kide berriak; orotara 84 dira orain.

Aurten 25 urte beteko ditu Udalbiltzak, eta, horren harira, orain arteko ibilbidea gogoratzeaz gain, hurrengo lau urteetako betebeharraren ardatz nagusiak zehaztu zituzten. Izan ere, nazio eraikuntza udalerriz udalerri lantzen diren proiektu horietako askotan dagoela azpimarratu zuten Kontseilu Nagusiko kideek, eta egitasmo eta esperientzia berritzaileok bultzatzeko zein sor daitezkeen oztopo tekniko eta juridikoak gainditzen laguntzeko asmoa jarri zuten jardunaren lehen lerroan.

Azken 25 urteetan egitasmoari bizirik eusteko lanean aritu direnen lana eskertu zuten. Oroitu zuten Lizarra Garaziko Akordioaren garai betean jaio zela Euskal Herriaren burujabetza helburu duen egitasmoa, Loren Arkotxak gidatuta.

Haren ondotik, Mertxe Aizpuruaren lehendakaritzapean izan zen «berregituratze» aldia aipatu zuten, baita erronka ezberdinei erantzun eta ibilbidearen birdefinizioan eta berrantolaketan sakondu zuten Luis Intxauspe eta Jabi Asurmendiren gidaritzapeko lantaldeen ekarpena ere.

BEHARRETARA EGOKITUTA.

Azaldu zutenez, «ilusioz beteriko hasierako urte haien ondoren, garai gogorrak etorri» ziren, «epaiketak eta zatiketak tarteko», baina erakundeak bizirik jarraitzea lortu duela nabarmendu zuten, «unean uneko egoerara eta beharretara» egokitzeko gaitasuna erakutsiz.

Abian jarritako proiektuen artean eta egokitze gaitasun horren adibide gisa, besteak beste euskal naziotasuna aitortzeko EHNA agiria, lurralde eta herritarren kohesioa sustatzeko Hurbiltzen programa, ikerkuntza bultzatzeko Ikerbiltza ekimena edota Nazio Eraikuntzaren Behatokia aipatu zituzten, eta hurrengo lau urteetan, Euskal Herriak aurrean dituen erronkei heltzeko asmoa azpimarratu zuten, «arloz arlo jakintza eta esperientzia duten pertsonek osatutako» lantalde baten gidaritzapean. Ezagutzera eman zutenez, Begoña Enbeita Maguregi, Ioritz Berra Juaristi, Garazi Urdanpilleta Astibia, Agurtzane Solaberrieta Mesa, Ivan Verdugo Markotegi, Karlos Renedo Lara eta Andoni Lariz Bustindui dira Batzorde Eragileko kideak.

Abian dauden proiektuak bultzatzeaz gain, «tokian-tokian arrakasta izan duten eta izaten ari diren egitasmoak nazio mailara eraman eta Euskal Herri osora zabaltzeko» ahaleginean jarri nahi du fokua Udalbiltzak. Esan zutenez, asmoa da proiektu horiek indarrez bultzatzea, sustatzea, eta egon daitezkeen oztopo tekniko edo juridikoak gainditzen laguntzea.

Udalbiltza bezalako nazio erakunde bat XXI. mendeko erronka globalei «erantzun berritzaileak emateko» oso tresna baliagarria izan daitekeela azpimarratu zuten, bereziki «udalak botere munizipal eraldatzailea esperimentatzen ari diren espazio gero eta zabalagoak» bilakatu diren honetan. «Euskal Herri osoan hedapena duen erakunde publiko nazionala, aldaketa sistemikoa bilatzen duten egitasmoen sustapenerako eragile aproposa» izan daitekeela erantsi zuten.

Udalbiltzak logo berria estreinatuko du, «‘u’ letraren forma irekiak udalerriekin elkarlanean aritzeko eskuak irekita dituen erakundea» dela adierazteko. Koloreak dira beste elementu nagusia; horien bidez «egitasmo berritzaileen inguruan eraikitzen ari diren mundu ikuskera berritzaile horiei leku egitearen» ideia islatu nahi dutela esan zuten.