GARA Euskal Herriko egunkaria
ERLEZAINTZA
Entrevue
Martxel Aizpurua
Erlezaina

«Ingurumen aldetik panorama beltza dago eta hori erleetan islatzen da»

Ez omen dago ikasteko modu hoberik erakutsi nahia baino, orduan agertzen direlako norberaren lotsak eta konbentzimenduak. Martxel Aizpurua erlezainarekin bildu zen NAIZ Irratia luze eta zabal hitz egiteko; ondo eta azkar usoek egiten baitute hegan, ez erleek.

(Gorka RUBIO | FOKU)

 

Donostiako apaizgaitegian ikasia lehenik, Bartzelonan Biologia eta Palinologian espezializatu zen. Zazpi urtez UZEIko Natura Zientzietako hiztegien arduraduna izana biologiako terminologia lantzen, eta, aldi berean UEUn Natur Zientzietako Sailaren arduraduna. 35 urtetan profesionalki aritu da erlezaintzan eta, jubilatu denez geroztik, afizio gisa mantentzen du. Arkamurka Natur Taldearen egoitzan jarri dugu hitzordua Martxel Aizpuruarekin.

«Erletxo erletxo, nagusia hil da» (UEU, 2023) liburuaz gain, besteak beste, 2020an «Erleekin solasean» (UEU, 2020) ere baduzu. Bi lanetan errealitatea fikzioarekin nahasten duzu eta ez dio uzten dibulgazio lan izateari.

89an argitaratu nuen beste liburu bat: ‘Erleen bizitza ezkutua’ (Gaiak, 1989). Hori bazen lan deskriptibo bat, erleen bizitza nolakoa zen kontatzen zuen. Hori ezin errepikatuko nuen berriz, eta nola dibulgatu erleen mundua beste modu batean? ‘Erleekin solasean’ elkarrizketa bidez egin nuen eta azkenekoa gehiago da saiakera bat, pixka bat da erle munduak zenbat adar dituen. Ez da liburu sakona, pistak ematen ditu eta espero dut baten bati pista horietatik gehiago lantzeko gogoa piztea.

Erleen gaineko ezagutza modernoa dela esan daiteke, erabilera aldaketa handia izan du urte gutxian. Ikusi besterik ez dago Langstroth erlauntzak ekarritako aldaketa. Nola bizi izan duzu modernizazio hori?

Hasi nintzenean baserrietan garai bateko erle kaxak zeuden. Abaraska ezin zen begiratu eta ustiaketa berezia zen. Ezagutu ditut, baita ere, Nafarroako kofoinak eta bestelako erlauntzak. 1988an gaixotasun bat etorri zen, varroa izeneko akaroarena. Ordurako noiz etorriko zain geunden, zeren Katalunia aldetik Espainiara sartu zen eta sekulako sarraskia egina zuen. Behetik gora etorri zen eta zain geunden. Ordurako Gipuzkoako Erlezainen elkartea (GEE) sortua zen eta arduradun nintzen. ‘Renove plan’ moduko bat egin genuen jendeak erlauntz zaharrak ekarri eta berriak eraman ahal izateko.

Zaharrek «varroa» errazago hartzen zuten?

Ez, ezinezkoa zen tratamendua ematea. Etxean egindako kaxa zaharrak ziren eta ezin zen erlea begiratu, hegazkinetako kaxa beltzen modukoak ziren. Ustiatzen zituzten, baina ez ziren maneiagarriak. Hori dela eta, elkartetik arlo ezberdinetako ikastaroak ematen hasi ginen.

Zein izan ziren informazio iturriak?

Ikasteko modurik onena da erakutsi nahia. Hasieran, oinarrizko liburuak erosten dituzu, ikastaroak egiten dituzu eta, ondoren, elkarteetan egon naizenez, jendeak galderak egiten dizkizu eta askotan ez-jakinean harrapatzen zaituzte. Orduan, saiatzen zara bilatzen, honekin eta harekin hitz egiten… Adibidez, aholkulari oso ona izan dugu Bartzelonan, Josep Serra, Generalitateko teknikari bat. Gure analisi poliniko eta teknikoak hari bidaltzen genizkion. Dakidana ibilian ikasi dut.

Bartzelonan eta Parisen paleopalinologian espezializatu zinen, alegia, antzinako polenaren ikerketan. Hortik pasa zinen ezti-polena ikertzera.

Aranzadi Zientzia Elkarteko prehistoria lantaldeak bazituen beste espezialistak, baina polenarena, ez. Lurrean dagoen polena atera daiteke; beraz, jakin daiteke zer landare zeuden eta, ondorioz, klima. Espezialista hori falta zutelako joan nintzen ikastera. 7 bat urte egin nituen horretan eta ez nuen emaitzarik lortu. Okurritu zitzaidan, eztiak polen berria baduenez, osorik egongo zenez eta inguruko landareak ezagutzen nituenez, horrekin trebatzea eta prehistoriarainoko bidea egitea. Gorabehera batzuk tarteko, eztiaren analisiarekin geratu nintzen.

Gaur egun asko egiten da eztiaren polen ikerketa.

Barietatearen gaineko Europako Legedi Orokorra badago eta, listoia ezartzen baduzu, urtez urte exijentzia maila mantendu behar da. Kalitateko eztia nahi duenak parametro horietara hurbildu behar du. Jendeak askotan egiten du merkatu bat ezti mota jakin batena eta gero ez du onartzen urteren batean ez duela maila horretakoa analisiak ez duelako ematen, eta hori ez da erraz onartzen.

Badirudi ez dela erlezaintzarako garai esperantzagarriena, «varroa» erabat menderatu ez eta liztor asiarra sartu da, baldintza meteorologikoek lore-uztari eragiten diote, pestizidak nonahi, biodibertsitatea… nola ikusten duzu?

Varroak jarraitzen du gerra asko ematen, lehen baino gehiago. Oraindik erasokorragoa da eta lehen tratamendu bat nahikoa bazen, orain bi edo hiru eman behar dira urtean. Eta deskuidatzen bazara, erlea galtzen duzu. Liztorrarekin gauza bera gertatzen da. Agian, Araban leku lehorretan errazago libratzen dira; dirudienez, liztorrak errekak eta hezeguneak jarraitzen dituelako. Momentu honetan, bi gaixotasun horiekin arazo bat dago, batez ere, erlezain txikientzat. Urtero borrokan ibili behar baduzu eta dozena erditik hiru galtzen badituzu desmoralizatu egiten zara. Eta, bai, liztorra aipatzen da, baina liztor garaia baldin badator erlea ahul dagoenean, kalteak handiagoak dira.

Erlezaintza ezti ekoizpenera bideratua dago gaur egun. Horrek ez al du talka egiten erlerik gabe biodibertsitaterik ez legokeen aipuarekin? Alegia, erletik onura atera beharrean, berau babesteko dinamikak egoteak logikoagoa dirudi.

Erlea esaten dugunean guk ezagutzen dugun ‘etxeko’ erlea datorkigu burura. Munduan 20.000 erle espezie daude, Europan 5.000 bat eta gurean 400-500. Erle horiek polinitzatzaileak dira, baina ez dira erleak bakarrik, sailkatutako intsektuak milioi bat direla esaten da eta, gutxienez, beste milioi bat falta omen da ezagutzeko. Horietatik heren bat, alegia, 300.000 dira polinizatzaileak. Gertatzen da intsektu eta esandako erleak bakartiak direla, ez dela familia handi bat sortzen gure erleekin bezala. Diozunaren harira, nik uste dut beste aziendekin gertatzen dena ez dela gertatzen erleekin. Ezti urte txarra bada, guk ez diogu jaten ematen ezti gehiago egiteko, gehienez ere, ez hiltzeko izango da. Eta varroa etorri zenetik, gure espezieko (Apis melifera) erle basati guztiak hil dira. Ez dago.

Ez dago Euskal Herrian, Europan, edo non?

Ez dago Europa osoan. Zer pasatzen da? Gure erlauntzetik erlekumea ateratzen bada, behar bada sartuko dela pareta zulo batean edo zuhaitz batean, baina urtebeteren buruan varroak galtzen du. Momentu honetan, gure espezieko erleak gure zaintzapean daudenak bakarrik daude. Bere kasa utziko bagenu, zaintzarik gabe, ziurrenik denak galduko lirateke. Ez hori bakarrik, orain jana ematea areagotu egin da erlea bizirik egon dadin. Ari dira erle beltzarekin hobekuntza genetikoa egiten, beste ezaugarri batzuen artean osasun aldetik hobea izan dadin. Pixka bat moldatu beharra dago ditugun gaixotasunei aurre egiteko, eta, bai, bideratzen dugu erlearen jokabidea, baina eskuak lotuak ditugu.

Sektorearen erradiografia atera duzu.

Momentu honetan, 2.000 erlezain egongo dira Euskal Herrian eta profesionalak dozena bat izango dira, gehiago ez. Era berean, 150 erletik gora dituztenak asko jota 100. Horrek esan nahi du gure erlezaintza zaletasunak mantentzen duela; orduan, egin behar dena da zaletasun hori mantendu. Horretarako, oinarrian, elkarteak mantendu behar dira. Egun, gehiengoak aldundien dirulaguntzetara lotuak daude eta horri gogor heldu behar zaio. Nik uste orain ematen diren baino laguntza gehiago eman behar direla, erlezain denak baitaude, nola edo hala, elkarteekin harremanetan. Profesionalak diren horiek, berriz, behar lukete elkarteetan bultzatzaile hitzaldiak eta ikastaroak antolatzen, zuzendaritzan eta gisako lanetan. Sektore bat profesionalik gabe oso ahula da.

Ekologista asko ari dira mugitzen basoen ustiapen industriala edo lurraren artifizialtasuna salatzeko. Zer eragin du erlezaintzan?

Gure ingurumenari ematen ari garen jipoiak eragin zuzena dauka erlezaintzan. Alde onak ere baditu; nik uste Bizkai aldean zenbait erlezainek kexa agertuko luketela eukaliptoak kenduko balituzte, horietatik eztia lortzen dute eta. Baina, oro har, ekosistema ezberdinetako paisaia batek, belardiak, basoak… erlezaintza hobetuko luke. Bestalde esan behar da, garai batean, gaztaina zela monokultiboa, eta eztia izugarri ematen zuten. Pinuarekin ordezkatu zirenean bien kontrakoa izan zen, bai ekosistemaren kontrakoa, bai erlezaintzaren kontrakoa; okupatzen du baina ez du ematen.

Gainera, belardiak lehen segatu egiten ziren eta, normalean, loratu ondoren. Orain, segatzen dira loratu baino pixka bat lehenago (orduan du proteina gehien) edo larrean dabiltza. Larrean dagoen belardiak ez du eztirik ematen. Lore aldetik paisaia pobrea dugu eta ez mendian bakarrik, herrietan ere ez dago lore basatirik, jardinak mozten dira mozten direlako, ez dute beste arrazoirik. Intsekturik ez da sartzen herrietara eta enararik ere ez atzetik. Eta enarentzat lekurik ez dago teilatupeetan. Hiri arauetan egon beharko luke etxe guztiek derrigorrez zuloak izatea enarak eta hontzak egoteko. Eremu urbanoak basamortuak dira.

Batetik, paisaia dago eta, bestetik, pestiziden erabilera nekazaritzan. Guk erleetan ikusten dugu, baina intsektu guztietan du eragina. Alemanian azken 10 urteetan intsektuen %40 galdu da eta horrek kate osoari eragiten dio. Eta pestizidekin ez dabiltza ekoizle handiak bakarrik, baserri eta baratzeetan etengabe ari gara pestizidak erabiltzen.

Ingurumen aldetik panorama beltza dago eta hori erleetan islatzen da. Erakundeek azterketak egin behar lituzkete, baina gertatzen dena da ez dituztela azterketa gehiegi egin nahi, horrek esan nahi baitu ondoren neurriak hartu beharko direla.