GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Zenbat buru hainbat artaburu!


Hara, Euskal Herri osoko sagardoak sor-marka bakarra izango du epe motzean! Noizko euskal lurraldeetako euskaldunok ere sor-marka bakarra, erabakigune formakoa? Tira, sagardoz sagardo, eta sasoian sasoi, sagardotegiak tentsio handiko eremu bihurtzen ei dira, inguruko hirigune batzuk beste. Masifikazioa esaten diote, dentsifikazioa esan beharko arren. Amen! Bolumen kontua!

Bada hori, harira demonio, sor-marka ere, edo, egunotan non eta Davosen. Halere, ondo pentsatuta, urterik urte horko moketetako bero induzitura biltzen diren horiena ezin sor-marka izan, hainbat sorlekutatik joanak direlako, zor-marka baino, gutxi horiek zorrean uzten dituztelako lurralde-eskala guztietako periferiak eta ingurumena bera ere bere osoan. Nork-Nori-Zor. Ekonomia esaten duten horrek ondasunak eta hondamenak dakartza, batzuentzat sor-marka, zor-marka gehienentzat. Ekonomia tentsionatua, gero! Ulertzekoa da gero mapamundiko hemen-hor-han tentsio geopolitikoak izatea. Baina ez diezaiogun errua mapari bota, mapa egin eta mantendu nahi dutenei baizik! Total, hau duk/n hau! Mapetan Irak/n! Davos, hor ari dira, jartzen ados! Negazionismoa eta negozionismoa, bietan jarrai! «Zenbat buru hainbat aburu» dio esaera zaharrak. Bada, Davos Foro horretan, gehienak sikiera aburukide; araua berresten duen salbuespenik balego salbuetsita legoke. Balego diot! Behiala han-hor jarduten zuten talde armatuek bazuten kimikariren bat lidergoan, baina ordenako hemengo alderdiren batean ere! Ee! Eta hemengo ate birakarien energiak bultzatuta hango CEO izatera pasatua dena ere bada; hori bai, «hurbilketa ideologikorik gabe» mesedez! Zertarako behar ditu ideiak buru argi batek? Argiak duen prezioarekin gainera! Eta akzioek tentsionatutako burua izanda! Ama, ama! «Zenbat buru hainbat artaburu». Davos, horretan ados!