GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Oharkabean


Zantzua hartu eta sakon ezagutzerako, berriak sortu eta zabaltzen dira. Sare sozialen abanikoa gero eta zabalagoa da, publiko eta erabilpen desberdinei erantzuten die eta. Internet eta sare sozialak sortu zirenean, ohiko komunikabideetan tokirik ez zuten gaiak jorratzeko aparteko eremuak zirela uste izan zen, eztabaida feministak, esaterako; teknologiekiko itxaropena piztu zen, baina itxaron behar handirik gabe ohiko diskurtsoek ere plaza ezin hobea topatu zuten.

Edozein kasutan, sarean indartsuak diren kanpainak gauzatu dira, eztabaida mamitsuak izan dira eta belaunaldi berrietara iristeko aparteko baliabideak direla frogatu da.

Azken egunetan, sare sozialen indarraren adibideak ere izan ditugu, eta haien boterea eta gorrotoa sortzeko ahalmena ez zaizkigu gustatu; ukitu gaituzte, kolpatu eta haserretu, anonimotasunean min egitea beste intentziorik ez dutenen ahots horiek. Arazoa da ukipen hori etengabekoa dela, eta sarritan uste duguna baino oharkabeagoan gertatzen dena, gainera.

Egin berri den ikerketa baten emaitzek hala diote. Eviane Leidig Tilburgeko Unibertsitateko irakasleak sarean esanguratsuak diren emakumeen kontuak aztertu ditu eta ohartu da eskuin muturreko ideologia txertatzen dutela sortzen dituzten eduki askotan. Bistan, agerian, edertasunari edota produktuen promozioari lotutako mezuak dira, baina tartekatuta, azaldu duenez, bestelakoak ere topatu ditu, feminismoaren aurkako ideiak eta genero roletan oinarrituak, besteak beste. Datuak eman ditu eta, horien bidez, aurreikus zitekeen errealitatea argudiatu du, azken batean.

Mezu horien eraginaz dioena da, agian, beldurgarriena. Bere ustez, izan ere, eskuin muturreko mugimenduen legitimaziorako baliabideak dira eta, ezpainetako margo eta dekoraziorako trikimailuen artean estalita, inolaz ere onartuko ez liratekeen ideiak onargarri modura aurkezten dituzte; irribarreka, sotil eta hasiera batean alerta pizteko modukoak ez diren edukietan ezkutatuta.