GARA Euskal Herriko egunkaria

Eskualdeko hizkuntzetako azterketei eusteko eskaria, Hezkuntza ministroari

Euskaraz edo okzitanieraz jarduten duten hezkuntza ordezkariek agerraldia egin zuten Pauen. «Eskualdeko hizkuntzetako azterketak egonkortzeko eta mantentzeko» lan egin dezan galdegin ondoren, hainbat eskaera helarazi zizkioten Amelie Oudea-Castera Hezkuntza ministro frantses berriari.

Pauen egindako agerraldiaren irudi bat. EASKA (S)

Euskaraz edo okzitanieraz aritu, murgiltze ereduan jarduten duten ikastetxeetako ordezkariek kezkak eta erronkak partekatzen dituzte, are gehiago gorabehera handiak ezagutu dituen azterketen auzia aintzat harturik. Hori dela eta, atzo zenbait ordezkari elkartu ziren Pauen, Amelie Oudea-Castera Hezkuntza ministro frantses berriari eskatzeko lan egin dezala «eskualdeko hizkuntzetako azterketak egonkortzeko eta mantentzeko».

2021ean Gobernu frantsesak Eskualde Hizkuntzen Ondarea Zaintzeko eta Sustatzeko Legea bozkarazi zuenean, aurrerapenak gertatuko zirela pentsatzeko arrazoiak baziren; geroztik «azterketen auzia diskurtso bikoitz honen adierazle enblematiko bihurtu da», atzo Pauen elkartu ziren hezkuntza eragileek nabarmendu zutenez.

Hezkuntza Nazional frantsesak Biarnoko hiriburuan duen egoitzaren aurrean eginiko agerraldia babestu zuten eragileak hauek dira: Azterketak Euskaraz dinamika; sare publiko elebidunean jarduten duten ikasleen gurasoak batzen dituen Biga Bai elkartea; okzitanierazko murgiltze ereduan jarduten duten Calandreta eskolak; Akitaniako Hizkuntz eta Kulturen Zentroa (CRE); bigarren mailako sail elebidunean lan egiten duten irakasleak biltzen dituen Euskara Geroan sarea; euskal ikastetxe giristinoetako sare elebiduna ordezkatzen duen Euskal Haziak elkartea; Ipar Euskal Herrian sare publiko elebiduna ordezkatzen duen Ikas Bi; sare publikoan okzitaniera bultzatzea xede duen Oc-Bi elkartea; Ikas, euskal pedagogia zerbitzua, eta Seaska.

Hamar eragile horiek adierazi zuten, eskualdeko hizkuntzei dagokienez, azken urteotan harturiko hainbat erabakitan borondate politikoak eta erabaki administratiboak ez datozela bat. Eta Bordeleko Hezkuntza errektore Anne Bisagni-Faurek behin baino gehiagotan hizkuntza hauekiko «kontrakotasuna» agertu duela salatu zuten.

Bisagni-Faure Bordeleko Errektoretzara heldu bezain laster, ordura arte ikasleek bere hizkuntzan egiten zuten Brebet azterketaren zientzietako probari buruz erabaki trabagarria hartu zuen, «bere aurrekoak ez bezala, irakasle elebidunei frogak zuzentzea eragotziz», oroitarazi zuten, agerraldian irakurritako agiriaren bidez.

«2023ko abenduaren 4an aurtengo saiorako sail elebidun publiko eta pribatuetatik etorriko ziren eskaerak aztertuko zituela iragarri zuen Erretoretzako buruak, baina abenduaren 15ean sinatu zuen zirkularrak berriz gogorarazten du sail publiko eta pribatu elebidunetako ikasleek duten debekua bertako hizkuntzan idazteko Zientzietako probari dagokionez», deitoratu zuten, euskaraz eta okzitanieraz jarduten duten ikastetxeetan dagoen kezka azalduz.

MINISTROARI ESKAERAK

Horrendako, Gobernu frantses berria lehen urratsak egiten ari den honetan, mezua helarazi nahi izan zioten Exekutiboari, eta, aho beretik mintzatuz, Hezkuntza ministro berria den Amelie Oudea-Castera paristarrari.

Horrela, «eskualdeko hizkuntzetako azterketak egonkortzeko eta mantentzeko» jokatu dezan galdegin zioten eta, horretarako, zenbait neurri hartzea ezinbestekotzat jo zuten.

Lehenengo eta behin, Brebetako azterketetako irakasgai eta dokumentazio guztia eskualdeko hizkuntza batera, euskarara edo okzitanierara, itzultzea eskatu zioten Hezkuntza ministro berriari.

Era berean, Seaskako ikasleekin egiten den moduan, galdegin zioten sail elebidun publiko eta pribatuko ikasleei ere aukera ematea zientzietako proba «nahi duten hizkuntzan osatzeko».

Bestalde, Gobernu frantsesak iragarritakoaren arabera, batxilergoaren lehen ikasturtean irakasleek osatu beharko luketen matematika azterketa berria «eskualdeko hizkuntzan egiteko aukera esperimentalki baimentzea» proposatu zioten Amelie Oudea Casterari.

Baxoa azterketarekin jarraituz, Ahozko Proba Handia eskualdeko hizkuntzan egin nahi duten ikasleei aukera hori baimentzeko eskatu zioten ministroari.