GARA Euskal Herriko egunkaria

Legeak aplikatuta ezohiko espetxe politikarik ez dagoela dio Itxasok

Denis Itxasok, Gobernu espainolak EAEn duen ordezkariak, NAIZ Irratian esan zuen euskal preso politikoei «legedi arrunta» aplikatzen zaiela gaur egun, eta gaineratu zuen ez dagoela Exekutiboaren agendan 5/2003 eta 7/2014 legeak aldatzea.

Denis Itxaso, Gobernu espainolaren ordezkari kargua hartzen, 2020an. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gobernu espainolak EAEn duen ordezkari Denis Itxasoren iritziz, egun euskal preso politikoek ez dute salbuespen legedirik pairatzen. Hori adierazi zuen atzo NAIZ Irratian egin zioten elkarrizketan. «ETAk bere jarduerarekin jarraitzen zuen bitartean ETAko presoei aplikatzen zitzaiena politika antiterrorista bat zen. Horren inguruan eztabaida egon zitekeela onartzen dut. Sakabanaketa politika antiterrorista zen», adierazi zuen.

«ETAren jarduera eta aktibitate terrorista amaitu zenean aplikatu izan dena ordenamendu juridiko arrunta izan da. Horrek esan nahi du espetxeratuta dauden ETAko kide guztiek, graduz aldatzeko bete behar dituzten baldintzak betetzen baldin badituzte, aukera hori dutela. Horretaz aparte, legediak esaten duen moduan jatorritik ahalik eta gertuen bete behar dituzte zigorrak. Hori da espetxe legediak esaten duena eta hori da betetzen ari dena terrorismoa bukatu zenetik», gaineratu zuen.

Sarek eskatzen duenaz, alegia, zigorrak batzeko eta fiskalek graduen aldaketari buruzko helegiteen inguruko legeak aldatzeko aukeraz galdetuta, ezezko biribila bota zuen Denis Itxasok. «Gobernu espainolak ez dauka asmorik indarrean dagoen terrorismoaren inguruko legea aldatzeko. Ez dago agenda politikoan», bota zuen Gobernu espainolak EAEn duen ordezkariak.

ERRAUSTEGIA ETA URDAIBAI

Zubietako erraustegitik Artaxoara eraman dituzten lixibiatu toxikoei buruz ez zuela ez aparteko informaziorik ez iritzirik esan zuen. Guardia Zibila afera ikertzen ari dela eta txostena egiten duenean epaileen eskuetan utziko duela azaldu zuen. «Baina puntu horretara ez gara iritsi», esan zuen.

Urdaibaiko Guggenheim proiektuari buruz ekimenaren bultzatzaileek zalantzak agertu dituztelako kezkati azaldu zen, eta gaineratu zuen Lakuako Gobernuaren jarrera ez zuela momentuz ezagutzen. Exekutibo espainolak EAJren eskaerari erantzunez 40 milioi euro bideratu zituela gogora ekarri zuen. «Planteatu diren proiektuek zentzua badute trantsizio ekologikoari begira, baina museoaren baldintza zegoen», gogoratu zuen.

MARTXOAREN 3A ETA ETORBIDEA ZUBIA

Gasteizko Martxoaren 3a gogoratzeko fundazioa martxan ez dagoela nabarmendu ondoren, Gobernu espainola bertan parte hartzeko prest dela nabarmendu zuen. EH Bilduk eskatuta, 600.000 euroko partida agindu zuen Madrilek, baina fundazioa eratu ez denez ezin izan da bideratu. Gasteizen bezala, trantsizio garaian Estatuko hainbat tokitan giza eskubideak urratu zirela esan zuen Itxasok, eta hori gogoratzeko zentro bat komenigarria dela azpimarratu zuen.

Irun eta Hendaia lotzen dituen Etorbidea zubian ez dela Estatu frantsesaren eta espainolaren patruila mistorik izango esan zuen Itxasok. Gai horretan Schengengo Hitzarmena aldarrikatu du. Europar Batasunean estatuen arteko mugak aspaldi altxatu zirela gogoratu du eta muga horiek zeharkatzeko «askatasun osoa egon beharko litzatekeela» erantsi. «Hori indarrean dago», azpimarratu zuen elkarrizketan Itxasok.