GARA Euskal Herriko egunkaria

Puntako laborategia EHUren eskura, desagertuak identifikatzeko

Hitzarmen berri bati esker, «pauso esanguratsua» emango da 1936ko gerran desagertutako pertsonen gorpuzkiak identifikatzeko. EHUko Biomics taldeak Donostiako Auzitegiko Genetika Unitatearen «puntako» laborategia erabili ahal izango du.

Donostiako laborategia ezagutu zuten aurkezpenean parte hartu zuten ordezkariek. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gogora Institutuak, Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundeak eta Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmen bat erdietsi dute, zeinaren bitartez EHUko Biomics taldeak Donostiako Auzitegiko Genetika Unitatearen laborategia erabili ahal izango duen. 1936ko gerran, gerraostean eta frankismoaren lehen aldian (1939-1962) desagertutako pertsonen gorpuzkiak identifikatzeko lanetan arituko dira bertan.

Gogora eta genetika forentsean espezializatutako Biomics laborategiaren arteko lankidetza ez da berria, jadanik 50 gorpu identifikatu baitituzte. Baina Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak bultzatu duen akordio berriarekin, Nerea Melgosa saileko buruak nabarmendu zuenez, «pauso esanguratsu» bat emango da 2017an DNA Bankua irekitzearekin abiatu zen prozesuan. Ordutik, desagertutakoen senideen 652 lagin jaso dituzte eta 1936ko gerrako 296 biktimaren gorpuak identifikatu, baita EAEko hobirik handienak aurkitu ere, Begoñan, Urduñan eta Zornotzan.

Horrela, Donostiako Auzitegietan dagoen «puntako» laborategian lan egingo dute aurrerantzean Biomicseko ikertzaileek eta, horri esker, EHUko talde honek «lokalizatutako eta desobiratutako DNA laginak identifikatzeko lanak eta senideen laginekin egiten dituen erkatzeak optimizatu ahal izango ditu», ziurtatu zuen Melgosak.

Nerea Melgosarekin batera, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria, Guillermo Quindos EHUko Garapen Zientifiko-Sozialeko eta Transferentziako errektoreordea, Miriam Baeta Biomicseko doktorea eta Jose Angel Gauna biktima baten senidea izan ziren hitzarmenaren berri emateko Donostiako Auzitegietan atzo egin zen aurkezpenean.

Laborategiak ezagutu ondotik hedabideei egindako adierazpenetan, Quindosek azpimarratu zuen Biomics taldea «liderra» dela genetikaren eta biomedikuntzaren arloko ikerketan. «Bere ekarpena erabakigarria izaten ari da Gerra Zibilean desagertutako pertsonen bilaketa eta identifikazioan, eta gaurko akordioak ekintza hau indartzea ahalbidetuko du», adierazi zuen.

Jose Angel Gaunak, kasurako, haren osaba zenaren gorpuzkiak berreskuratu ditu. 24 urterekin etxea utzi zuen Luis Gaunak, bere osabak, errepublikazaleekin «Bilbo defendatzeko», eta tiroz hil zuten. Urte asko igaro ditu familiak Luis Gaunaren berri izan gabe, «sufrimenduzko» urteak, ilobak zehaztu zuenez, ez baitzuten «lore-sorta bat eramateko lekurik». 2017an, baina, DNA lagina eman zuen Jose Angelek eta bere osabaren hezur-hondakinak identifikatu eta berreskuratu ahal izan zituen.

«Orain, osaba familiaren panteoian dago atseden hartzen. Pozgarria da. Zirkulu bat ixtea bezala da, eta guk ere atseden hartu ahal izan dugu, 80 urte baino gehiago igaro ostean», esan zuen.

IDENTIFIKAZIO LANAK

Gorpuzki hondakinak identifikatzea ez da lan erraza, Miriam Baeta Biomicseko doktoreak aitortu zuenez. 1936ko biktima hauen hezur-hondakinak 80 urte inguru desagertuta egon dira eta, denborarekin, DNA degradatu egiten da. Hezur edo hortz bat identifikatzeko, lehenik zati bat hartu eta hauts bilakatzen dute, gero zelulak puskatzen dituzte eta, horrekin, DNA liberatzen dute. Lortutako DNAren lagina nahikoa bada -batzuetan ez da, eta berriz egin behar dute prozesu osoa-, Gogoraren DNA bankuan gordeta dauden senideen laginekin alderatzen dute, eta PCR proba batekin ahaidetasunari buruzko informazioa lortzen dute.

Aurrerantzean erabiliko duten Donostiako Auzitegiko Genetika Unitatearen laborategiak «senideen eta hezur hondakinen analisi genetikoak egiteko behar den ekipamendu eta baliabide guztiak ditu», Baetaren esanetan.