GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDIA

Alpeetako mendi garaietan, muturreko aldaketak askoz ere azkarragoak izaten ari dira

Ludovic Ravanel alpinista eta geomorfologian aditua da, eta azken urteotan egin dituen ikerlanen ondorioekin oso kezkatuta dago: gero eta luizi gehiago, permafrost-aren atzerakada, bero handia…

Mendi-gidariek udaran gero eta irteera gutxiago egiten dituzte Grandes Jorasses-eko iparraldeko hormara. (Mamuth/Dani ARNOLD)

2022 eta 2023 urteak inoizko beroenak izan ziren Chamonixen. Horretaz gain, airearen tenperatuei eta glaziarren atzerakadei dagokienez, urte horietako udarak Alpeentzat inoizko txarrenak bihurtu ziren. Eta, jakina, permafrost-arentzat ere oso kaltegarriak.

Tenperaturaren gorakada, glaziarren egoera kezkagarriak, klima aldaketa, prezipitazioen gorabeherak… Zientzialariek zein adituek gai horien guztien inguruan makina bat ikerlan egin dituzte. Eta azterketa guztien ondorioak oso kezkagarriak izaten ari dira.

Permafrost-aren ikerketa ere gai horien lehen lerroan kokatuta dago, baina hari buruz ez dugu asko entzuten. Hitz gutxitan esanda, termino horrek une oro izoztuta dagoen lurrarekin harreman zuzena du. Egoera termiko bati buruz ari gara, eta horrek arrokan, morrenetan, harritzan… eragina izan dezake. Permafrost-a berotzen bada, krisi klimatikoaren adierazlea da. Oro har, izotz hori goi mendietan dago, eta, jakina, bere degradazioak paisaiak aldatzen ditu.

Gai honen inguruan argibide gehiago jasotzeko Ludovic Ravanel frantziarrarengana joko dugu. Geomorfologian aditua da, eta klima aldaketak mendietan duen eragina aztertzen du. Hori gutxi ez, eta mendi gidaria eta alpinista ere bada. Osagai horiek guztiak lapikoan sartu eta goi mendietan kirol praktikek duten bide berriaz mintzatuko zaigu.

Ravanelek urte batzuk daramatza Alpeetako mendi garai horietan permafrost-aren inguruan ikerketa lanak egiten. Hango mendi gidariek bezala, aditu honek dio permafrost-ak dituen gorabeherak oso latzak izaten ari direla. Ingurumari hartan, bederen, abangoardian dagoen zientzialari eta alpinista honen sinesgarritasuna ez du inork zalantzan jartzen.

Nahiz eta oso gaztetatik mendiarekin lotura oso handia izan duen, Chamonixeko aditu honi kosta egin zitzaion mendietara irten eta ikerlanak egitea. Alpinismoa eta eskalada bere lehentasunen artean zeuden, baina institutuan ohartu zen geomorfologia zela benetan interesa pizten ziona. Hortaz, geografia fisikoaren diziplina horren sarean erori zen.

Duela hogei urte baino gehiago, Ravanelek arestian aipatu dugun guztiaren lehen ebidentziak jaso zituen. Cosmiques izeneko aterpean udara oso bat igaro zuen. 1998. urtea zen. Eta abuztuaren 22an, gauez, ezusteko handi bat bizi izan zuen: aterpearen azpian 600m3 neurriko granitozko harlauza bat amildu zen. Jazoera horren ondorioz, aterpea hainbat hilabetez itxi eta bere oinarria sendotu behar izan zuten.

Antzeko egoerak bost urte beranduago errepikatu ziren. Baina beste aterpe batean: Druko oinarrian dagoen Charpouan. Egunero luiziak ikusi zituen. Zalantzarik gabe, Druko irudi ikusgarriena 2005. urtean izan zen: “Bonnati” bidea (hego-ekialdeko zutoina) eraitsi zen.

Ezohiko gertakari horiek Ravanel hunkitu zuten, eta fenomeno horiek hobeto ulertu ahal izateko, sari asko irabazi dituen doktorego-tesi bat egin zuen. Mont Blanc-eko mendilerroko arrokazko permafrost-a eta luiziak aztertu zituen: «Bonatti zutoina tesi horren zati bat izan zen. Garai haietan tenperaturaren gorakadaren eta luizien arteko harremana ez zen oraindik oso agerikoa. Permafrost-aren geruza normalean 0ºko tenperaturatik gora ez da egoten. Eta, gainera, izotzak porlanaren lana egiten du. Goi mendietan eskarmentu handia dut, eta alpinistaren ikuspuntu horrek ikerlanak bideratzen ditu».

Permafrost-az gain, zientzialari frantziar honek zintzilik dauden glaziarrak ere aztertzen ditu. Bikain ezagutzen dituen Chamonixeko eremu garaietara gerturatzen da: Droites-eko, Aiguille Verteko, Aiguille du Midiko, Triangle du Taculeko edo Grandes Jorasses-eko iparraldeko hormetara. Gogoratu behar dugu Mont Blanc-eko mendiguneetan dagoen izotza Europako zaharrenetarikoa dela: «Ingurumenaren artxibo oso adierazgarriak dira. Triangle du Taculen, metro bateko sakoneran, duela 6.200 urteko izotza aurkitu dugu. Hots, klimaren benetako memoria».

EGOERA LAZGARRIA

Alpinista eta aditu frantziar honek argi eta garbi utzi nahi du egoera asko aldatu dela; alegia, muturreko eboluzioa bizitzen ari garela. Eta klima aldaketa horren lehen lerroan mendi garaiak kokatzen dira: «Muturreko inguruak dira, eta, hortaz, izaten ari den eboluzioa ere muturrekoa da. Degradazioa iritsi da, eta horren adierazle bat da izotzezko plataformek atzera egin dutela. Azken 50 urteotan azaleraren %50 galdu dute. Horri permafrost-aren degradazioaren txikitzea gehitzen badiozu, nik ondorioztatzen dut Tour Rondeko iparraldeko aurpegia laster batean kolapsatuko dela. Izotzaren zein elurraren azalera txikitzen ari denez, beroak harkaitzezko eremuetan sartzeko erraztasun handiagoa du. Hots, berrelikadura zirkuituak sortzen dira. Mendiak asko ahuldu dira, eta, bizirik dauden organismoak direnez, erresistentzia ahalmena galtzen ari dira».

Ravanelek gehitu du azken urteotan fenomeno horiek asko azkartzen ari direla, eta dio iazko urtea oso sinbolikoa izan zela; besteak beste, makina bat luizi, morrenen ezegonkortzeak, errimaia erraldoien agerpena… ikusi zituelako. Bide batez, aipatzen du 2015. udatik aurrera, 2016koa eta 2021ekoa kenduta, gainerakoak oso beroak izan direla: «Duela bi urtekoa gogorra izan zen oso. 4.750 metrora dagoen Major lepoan 18ºko tenperatura izan zuten. Ekainaren 18a zen. Eta lehen aldia zen 10ºtik gora igotzen zela. Malloryn, adibidez, orratzaren iparraldeko isurian, lehen aldiz zintzilik dagoen glaziar batetik ur emaria ikusi nuen. Eta Mont Blanc-eko mazizoan, soilik uda batean, 250 luizi egon ziren eta Mendebaldeko Alpeetako glaziarren bolumenak %6,2 egin zuen atzera. Duela hamabost urte ezin genuen irudikatzen egun gertatzen ari dena. Aipatu dudan guztiaz gain, galera asko eta oso nabarmenak izan dira: bioaniztasunean, lehorteak, aterpe klimatikoak…».

Egoera lazgarri hori ikusita, honako galdera egiten du adituak: mendearen amaieran Chamonixen 8º gehiago egiten baditu eta glaziar guztiak desagertzen badira, nola planifikatuko ote da etorkizuna? Galdera hori erantzutea ez omen da erraza; horrela baieztatzen du, bederen, Ravanelek. Zalantzen, erruen eta amorruen artean, zera dio: «Argi dago egun arrisku existentzial bat dagoela. Nazio Batuek ere hori onartzen dute. Oro har, gizabanakoa edo publikoa jabetzen da gertatzen ari denarekin, baina maila politikoan erronka handi horien aurrean ez dugu behar-beharrezkoak diren erabakirik ikusten. Herritarren aldetik ez dut haien jarreretan aldaketa sakonik ikusten. Gizartearentzat egon daitezkeen onurak ez dakit existitzen diren».

Ravanel, zientzialaria eta aditua izateaz gain, alpinista ere bada. Gainera, mendian dauden arriskuen prebentzioan lan egiten du. Hots, mendizaleak informatzen ditu. Protagonista honek argi du mendizaleek elkarte oso txikia osatzen dutela, eta beti jakin dutela egoera berrietara moldatzen. «Urtaroak beti aldatzen dira, eta azpiegiturak egokitu ere bai. Adibidez, Mer de Glaceren ingurumarian 800 metroko eskailerak jarri dira, Mont Blanc du Tacul bezalako leku estrategiko batean ere gauza bera egin da, Ecrins-eko Pilatte izeneko aterpea itxi da… Uste dut mendizaleek profesionalen praktikak ikusten dituztela, eta diodan bezala egokitzen dira. Mendi-gidariek ez dituzte Mont Blanc-eko eta Cosmiques-eko ertzak proposatzen. Hori seinale bat da».

Ravanelek aipatu duen guztiari gehitu behar diogu sasoi egokiak gero eta gehiago laburtzen direla eta mendizaletasunaren praktikak gero eta gehiago teknifikatzen ari direla. Mendi-gidariak aipatu ditugunez, Alpeetan jarduten duten batzuek onartu digute bezeroei eskaintzen dizkieten proposamenak edo irteerak asko aldatu direla. Batez ere, udarari begira.

Frantziarrak ere gai hau mahai gainean jarri nahi izan du: «Arriskuak gutxitu behar dira. Gidari gazteenak dagoeneko gai hori jorratzen ari dira. Fenomeno edo egoera horrekin jaio dira. Eta argi dago mendizaletasuna baldintza kaskarretan praktikatzen dutela. Jakitun dira sentsibilitate, zorroztasun eta arreta gehiago eduki behar dituztela arrisku horiek hobeto kudeatzeko. Baina egungo klimak muga bat gainditzen badu, orduan praktika hori zaila izango da aurrera eramatea. Ez dago zalantzarik: bero egiten duenean, askoz ere egokiagoa eta seguruagoa da Aiguilles Rouges-en eskalatzea Mont Blanc-en baino».