GARA Euskal Herriko egunkaria

Martxoan aurkeztuko duen bide orria landu du Bagirak Kanbon

2022 amaieran Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea eguneratzeko prozesua martxan emateko asmoa jakinarazi zuen Bagira dinamikak. Birfundazioaren gakoak eta ondoko hamarkadako erronkak jaso dituen bide orria zehazteko jardunaldia egin zuen atzo Kanbon.

Bagira jardunaldietako tailer bat, atzo Kanbon. (Guillaume FAUVEAU | FOKU)

2022ko abenduan Bidarrain eginiko aurkezpenaren ondotik, transmisio historikoari buruzko fase batekin hasi zen, iazko otsailean, Itsasun, heldu den martxoaren 31n Uztaritzen antolaturiko Aberri Egunarekin bururatuko den Bagira dinamikaren ibilbidea.

Iraganaren karpeta lekukotasunez bete ondoren, mugimendu abertzalearen ondoko hamarkadan aitzineratuko dituen erronkak marrazteari begira inkesta martxan eman zuen Bagirak Itsasuko Adierazpenaren 60. urteurrena markatzeko ospatu zuen Aberri Eguna amaitu bezain pronto.

1.500 lagunek erantzun zuten inkestak Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen barnean adostasun maila handia dagoela erakutsi zuen. Era berean, lehentasunezko lan arloak zehaztea ahalbidetu zuen. Bagira prozesuaren gidaritza batzordeko kide den Txomin Povedak azaldu zuenez, ariketa horrek «mugimendu abertzaleak elkartzeko eta gibeltasun eta gogoeta tarte baten hartzeko gaitasuna erakutsi du, oinarrizko gaien inguruan gogoetatzeko eta etorkizunerat baturik proiektatzeko».

Ibilbide horrekin jarraituta, abenduaren 2an, Hazparnen antolaturiko Gazte Egunak geroa irabazteko engaiamendua irudikatu zuen.

Hitzordu horiek guztiak baliatu ditu Bagirak gogoeta zabaltzeko. Molde ezberdinak baliatu dituzte, saio irekiak antolatuz edota eremuka bilera bereziak eginez, Bidarrain finkaturiko helburuari heltzeko.

LEHEN ZIRRIBORROA

Ekarpen horiek bildu ondoren, ezkerreko mugimendu abertzalearen birfundazioaren gakoak eta ondoko hamarkadarako bide orria aztertzeko jardunaldia egin zuten atzo Kanbon. Lehen zirriborroaren gaineko iritziak trukatu zituzten Xalbador Kolegioan antolaturiko jardunaldian. Egoera lokal zein globala, abertzaletasunaren oinarriak, estrategiak eta praktikak, etapa instituzional berri baterako perspektibak… halako gaien inguruan aritzeko, talde txikitan antolatu zituzten goizean solasaldiak.

Arratsaldean, berriz, «heldu den hamarkadarako lorgarriak diren helburuak» zehazteko ordua izan zen.

Zenbait tailer ere egin ziren, inkestak lehentasun gisara zehaztu zituen ondoko gaien inguruan eztabaidatzeko: euskara, etxebizitza, klima, soziala, laborantza herrikoia, gazteria eta feminismoa.

Lanak bateratzeko ariketa batekin amaitu zen lana, 17.00ak aldera.

Mugimendu abertzalearen jardunaldiaren ostean, heldu den martxoaren 31n Uztaritzen ospatuko den Aberri Egunean publiko eginen den behin betiko bide orria idazteko etapa martxan du Bagirak.