GARA Euskal Herriko egunkaria

Gutun Zuria, letrak diziplina anitzen topaleku bihurtzen diren tokia

Mariasun Landak (Errenteria, 1949) haur eta gazteen literaturako 24 bat liburu argitaratu ditu; horietatik asko hainbat hizkuntzatara itzuli dira eta, are gehiago, sari ugari eman dizkiote. Juan Mayorga (Madril, 1965) Estatu espainoleko antzerkigile interesgarrien artean dago; Teatro de la Abadia konprometituaren zuzendaria da. Bi idazleak Bilbon letrei eskainitako Gutun Zuriaren jaialdiko aurtengo saridunak dira... eta horrek arrazoi bat du.

Alondegian egindako atzoko aurkezpenean, Mariasun Landa izan zen protagonista. (BILBOKO UDALA)

Kirolaren hiztegi propioan, izarrez eta jokalari ospetsuenez osatutako talde bati deitzen zaio “All Star”. Literaturari dagokionez, liburu salduenen “top”-ean edo ‘best-seller’ zerrenden lehen postuetan kokatzen diren nobelez erraz osa daiteke “All Star” izar multzo bat... Baina salmentek behar dute izan honetan erreferentzia bakarra? Kalitatea horretan datza? Letren jaialdi bat, bere egitaraua osatzean, izen ospetsuak ekarri beharko ditu entzuleak erakarri ahal izateko?

«Gure eredua ez da ‘All Star-ena’; hemen daudenak zerbait kontatzeko dutelako da. Gure zigilu propioaren bila gabiltza. Guk izen zerrenda bat ekarri genezake hona, baina guk erakutsi nahi duguna literaturaren barne prozesuak dira, horiek nola proiektatzen diren eta, liburu bat irakurtzera esertzen garenean, hori ahalbidetzen duen guztia ikusaraztea. Lan anitzeko XXI. mendeko kultura bat erakutsi nahi dugu, non autoreak, kulturaren arlo bakar batean gelditu ordez, beste zenbait diziplinatan eta tokitan aritzen baitira: kazetaritzan, artean, kulturaren kudeaketan ere...», adierazi zuen atzo egin zen aurkezpenean Ivan de la Nuezek, Bilboko Gutun Zuria jaialdiko aholkulariak.

DIZIPLINA EZBERDINAK, BERBETAN

Alondegian otsailaren 27tik martxoaren 2ra burutuko den Gutun Zuria Letren Nazioarteko Jaialdiaren edizio berriak erroetara joko du; are gehiago, urte osoan zehar gune honetan burutzen den lanarekin zerikusi berezia izango du, gaur egungo kulturaren sistemako diziplina ezberdinak elkarren artean mintzatzen jarriko dituelako.

Aurten egingo den “Berba dariola” izenburupeko edizio honetan, bi izen propio nagusituko dira: jaialdia otsailaren 27an inauguratuko da, Mariasun Landari ohorezko makila emanez, eta martxoaren 2an amaituko da, Juan Mayorga omenduz.

Euskarazko haur eta gazte literaturaren berritzaile handia, nazioartean oso ezaguna eta gai sozialak bere lanetan islatu dituen idazlea -2023ko Emakunde saria jaso zuen berdintasunari egindako ekarpenarengatik, esaterako-, Mariasun Landa saritzean Alondegiak bere ezaugarrietako bat izan dena aldarrikatu nahi du: bere jardueretan, bereziki Mediatekan, haurrek duten garrantzia. Auditorian egongo da, Patxi Zubizarretarekin hizketan -euskal literaturako ezinbesteko beste idazle bat-, otsailaren 27an.

Juan Mayorgarekin antzerkigileen ekarpena omendu nahi izan da. Mayorgak Madrilgo Teatro de la Abadia eta Alcala de Henaresko Corral de las Comedias zuzentzen du.

Horrez gain, osatu den egitarauan daude Rosa Montero eta Gemma Ruiz (aurrez aurre, otsailaren 28an), Nerea Ibarzabal eta Arantxa Urretabizkaia (otsailaren 28an), Miren Agur Meabe eta Sonia Rueda artista plastikoa (otsailaren 29), Jon Mikel Euba edo Txomin Badiola (martxoaren 1ean), Bibiana Collado, Abdellah Taia edo Anna Starobienets kazetariak (otsailaren 29an).

Topaketak, solasaldiak eta elkarrizketa anitz izango dira eta, nobedade gisa, jaialdiak aurten bi sail berri zabalduko ditu: Gutun Zuria +Pro kongresu profesionala, liburuaren industriari zuzendua, eta Gutun Zuria Zabalik, urtean zehar hedatzen dena. +Pro horretan baieztatutako izenen artean, arlo horietako erreferente profesionalak nabarmentzen dira, hala nola Karlos del Olmo, Antonio Moreno Sandoval, Irene Intxausti, Veronica Garcia, Oscar Lopez, Jorge Carrion, Mercedes Moran, Santiago Mediano, Alicia Selles, Elena Sanchez Nogales, Fernando Juarez, Lorena Fernandez, Jesus Trueba edo Jose Antonio Ruiz de la Torre.

Gutun Zuria Zabalik egitarauari dagokionez, letren hibridazioaren inguruko elkarrizketa gune berria izan nahi du. Jaialdia urte osoan irekita mantentzeko asmoz, jaialdian bertan landutako gaiak hedatu eta garatuko dira, ikuspuntu, perspektiba eta eztabaida berriez. Era berean, literaturaren inguruan sortzen diren joerak eta eztabaidak aztertuko dira, sorkuntza garaikidearen eta bere testuinguru sozialaren barruan. Oskar Alegria zinemagileak mustuko du “Zinzindurrunkarratz” filmarekin.