GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren motxilak


Edozein kontzepturi eman ahal zaio buelta, eta korrontea alde duzula pentsatuz, lasai zoaz. Istant batean alda daiteke dena, eta alde zeneukana kontra bihurtu. Kontzeptuek euren ifrentzua dute. Uraren indarretako bat, erresaka eta ikusten ez diren korronteak. Ideiak eta kontzeptuak erresaka handikoak dira; hori guztia jakin behar da buruan ditugun pentsamenduak kudeatzean. Aurrekoan leitu nion Gorka Urbizuri elkarrizketa interesgarria; beti dauka hausnarketa zorrotzaren korrontea. “Motxila” kontzeptua aipatu zuen: «Neurri batean, neukan motxila kentzeko utzi nuen ‘Berri’, baina batzuetan inpresioa dut taldea uztearekin motxila zamatu egin dela. Halere, ez naiz horretaz kexatuko».

Ez du ezer esan ospearen gainean. Motxilak duen zamarik handiena ospea da, eta zaila da kudeatzeko era askatzailean. Motxilaren barruan, ospeaz gaindi, erantzukizuna dago. Dena den, “motxila” hitzaren esanahia, testuinguru horretan bederen, ezkorra da. Motxila ulertzen dugu modu suntsitzailean, etsai bezala, aurre egiteko. Horregatik Urbizuk bukatuko du esaldia esanez ez dela, hala eta guztiz ere, kexatuko. Nahiago du motxila eraman, motxilarik gabe ibili baino. Ez duenak gustura hartuko luke motxilaren zama, nahiz eta ez duen jasan zuzenean hura garraiatzeak dakarren sufrimendu eta oinazea. (Jarraituko du).