GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Hausnartu beharreko eten ideologikoa


Hainbat inkesta eta kazetaritza-erreportajek fenomeno berezi baten inguruan ohartarazi dute: ideologiari dagokionez gero eta alde handiagoa dagoela gizon gazteen eta emakume gazteen artean. Joera hori antzeman da Z belaunaldiko gazteen artean; hau da, joan den mendeko azken hamarkadaren erdialdetik mende honetako lehen hamarkadara bitartean jaiotakoen artean, eta nabarmena da mundu osoko herrialde askotan. Oro har, ikusten da emakume gazteek jarrera ezkertiarragoak edo liberalagoak dituztela; mutilen artean, ostera, jarrera kontserbadoreen aldeko joera ikusten da.

Jarrera ideologikoan dagoen genero arrakala horren gaineko irakurketa desberdinak egin dira. Alde batetik, zenbaitek horren arrazoia feminismoak izan duen gorakada dela uste dute. Aditu batzuen arabera, gizon eta emakumeen artean sare sozialetan bereizitako espazioak finkatu izanak lagundu du banantze horretan. Edonola ere, dibergentzia ez da genero-kontuetan bakarrik gertatzen. Katalunian, adibidez, egiaztatu dute kontserbadurismorako joera horrek ez duela zerikusirik gai soziokulturalekin. Adibide gisa jartzen dute migrazioaren aldeko jarrerak gora egiten jarraitzen duela. Hala ere, adierazi dute zergak jaistearen aldeko edo osasun publikoa pribatizatzearen aldeko iritziak areagotu egin direla gazteen artean, eta horrek pentsarazten du agian biratze ideologiko horrek zerikusi handiagoa izango duela politikarekiko mesfidantzarekin. Nolabait, aurreko mendearen amaieran gertatutakoa errepikatzen ari da; orduan, pribatizazioa langile-klasearen zati handi batek babesten zuen, enpresa publikoak kudeatzeko erabiltzen zen moduarekin oso kritiko agertuz. Uste zuten esku pribatuetan askoz hobeto kudeatuko zirela.

Zilegi da pentsatzea gizon eta emakume gazteen arteko eten ideologiko horretan feminismoaren gorakadak eragin handia izan duela; emakumeei begirada zabaldu dielako eta gizonezko asko kontra jarri dituelako. Hala ere, irakurketa sinpleegia izan liteke hori, prozesu sozialak konplexuak izaten direlako, testuinguruak ezberdinak direlako eta inplikatutako eragileak askotarikoak direlako.