GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Eutsi hariei eta brodatzen segi!


Hau astea, gero! Tentsionatuago izan dut burua nik kostaldeko herri batzuek uda partean portu ondoko guneak baino. Hortaz, arrapaladan gainbegiratu ditut mahai gaineko egunkari biak, etxera bueltako iluntze aldera; eta hau kopla, aurrean papera eta atzean papera periodikoa letuz ilustratu! Hauxe bai albiste konpota nire buruan, nazioartekoa eta nazio bidean den hemengoa, ekonomia eta ekologia, eskubideak eta eskuma bideak, ezkerrak eta eskelak, publikatua eta publizitatea… Kristoren mataza buruan, hariak berak ere belarritik atera nahian. Tira, pentsatu dut, harira!

Caucus leitu dut bazterren batean, eta, kolpea!, cuscus pasatu dit burutik goseak. Momentuan konturatu naiz okerraz, baina hango Iowakoa barik Europako Self-Determination Caucus-a izan da! Nonbait kontinente zaharrean berezko nazioa direnak nazio aitortza aitortua izateko bidean hasi dira, argitasun lege-asmo bat bideratuz. Argia eman diezagula, bestela jai dugula! Bada bai, bada garaia autodeterminazio eskubidea eskubidetzat har dezaten barrura begira, kanpora begira aspaldian hartu zuten moduan. Garaia ere, mataza handiko hariek mataza propioa izateko, 0 kilometroko matazak helburu!

Total, kasualitatea ala kausalitatea, ez dakit zer izan den, baina hango marmotaren egunean atera dituzte hemen makro-inkesta baten emaitzak, Eusko Legebiltzarreko aulkiek zein maizter izango duten argitzekoak edo. Ene, ene, hainbeste gauza dira argitu beharrekoak! Eta nago ni, zergatik ez dute galdetegian sartu halako galdera xinplea, beste guztien atarikoa dena: zein egunetan nahiago duzu hauteskundeak izatea? Marmotari galdetu beharko bestela, zulo-eneatik atera eta giroaz konturatuta; giroa, bai, zerikusirik ez eguraldiarekin! Total, kanpainan gara, kuota handitzeko asmoz, halabeharrez. Eutsi hariei eta brodatzen segi!