GARA Euskal Herriko egunkaria
BINAKAKO TXAPELKETA

Goitik eta behetik, estutu ederra

Binakako txapelketa bizi-bizi iritsiko da ligaxkako azken txanpara. Artola-Imazen eta Ezkurdia-Tolosaren garaipenek sailkapena erabat estutu dute, bai goiko aldetik, bai eta beheko aldetik ere. Dena erabakitzeko geratzen da bi jardunaldiren faltan.

Seigarren garaipena jarraian kateatu zuten, atzo, Idiazabalen, Imaz eta Artolak. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Kirolak zerbait baldin badauka, sentimendua da, eta sentimendu horren aldaera boladaka etortzen da. Elordik urte gozoa izan zuen iaz, Buruz Burukoa eta Binakakoa irabazita. Iñaki Artolak gehiago sufritu zuen, nahi eta ezin horretan harrapatuta, eta aurten bazuen demostratu beharreko motxila hori. Bada, 2024. urte hasiera honetan, distira egiten ari da Alegiakoa. Horri esker -eta nola ez, baita Imazen erregulartasunari esker ere-, sekulako parekotasuna dago Binakako txapelketako sailkapenean. Hain berdinduta dago, azken jardunaldira arte ez baita erabakiko finalerdietarako txartel zuzena eskuratuko duen bigarren bikotea. Zortzina punturekin daude Peio Etxeberria-Zabaleta eta Artola-Imaz, biek ala biek 12. jardunaldian irabazi ondotik.

«Lehendabiziko lau bikoteen artean bukatzea ziurtatu dugu. Hurrengo partidak gutxirako balioko du; dena Labriten, azken jardunaldian erabakiko da. Finalerdietarako txartela jokoan egongo da eta asko motibatzen nau», adierazi zuen Baikoko aurrelariak, Elordi-Rezustaren aurka garaipen baliagarria eskuratu berritan, ahoan irribarrea ezin ezkutatuta. Langile trajea harrotasunez eramaten du Alegiakoak, eta badaki noiz edo noiz distira ateratzen ere, atzean morroi sendoa daukala, Ander Imaz. Atzeko koadroetan menderatu egin zuen Rezusta, une oro deseroso aritu zena, eroritako pilota andana pilatu zitzaizkiola. Galdutako bakarra egin zuen oiartzuarrak; Bergarakoak, aldiz, 5 galdu zituen.

«Esango nuke gure unerik gozoenean gaudela. Gustura gaude, minik gabe, elkar ondo ulertzen dugu. Eta partida irabazita, astea ere lasaiago eramaten da», esan zuen Imazek. Honek ere burua ligaxkako azken partidan dauka. Lehen itzulian, atzetik aurrera eginda, garaipen handia eskuratu zuten Peio Etxeberria eta Zabaletaren aurka (22-21) eta azken dema horretako garaileak sari potoloa eskuratuko du.

Batzuentzat zuzeneko txartela saria handia litzatekeen bezala, badaude beste zenbait bikote kanporatuak ez izateko borrokan murgilduta daudenak. Eta Elordi eta Rezustari asko konplikatu zaie dena. Atzo, Idiazabalen, partida fin hasi zuen mallabitarrak. 6-3 aurreratu ziren gorriak, erritmoa markatzen Elordi nagusi.

Urdinek, ordea, txiri-txiri, lan eginez, norgehiagoka estutzen hasi ziren. Lehendabizi seina berdindu zuten, eta 6-7 aurretik ere jarri ziren, estreinakoz. Artolak egindako aurrenekoa izan zen, txokora, eta 6-9koan ederki bukatu zuen jokaldia Alegiakoak. Nekeak eragin ahala, urdinak berotzen joan ziren, hobetzen, dieseleko motorra balira bezala. «Fisikoki hasiera oso gogorra izan da. Horrelakoetan pentsatzen dut, ni nekatua baldin banago, aurkariek ere antzera egon behar dutela eta, beraz, sufritzen jarraitu behar dela. Sufritzaileak gara Ander eta biok. Bi egoskor batu gara eta bikote ona egiten dugu», esan zuen, pozik, Artolak.

Egoskorkeria horretatik abiatuta, pilota moteltzen hasi zenean eta aurrean bukatzeko aukera gehiago sortu ahala, distira ere egin zuen Baikoko aurrelariak. 10-10 berdinketatik, 10-16ra urrundu ziren urdinak. Artolaren hutsegite bat eta Rezustak ongi egindako bat tarteko, suspertzeko itxura hartu zuten gorriek (12-17), baina ameskeria hutsa izan zen. Artolak bere bertsiorik onena atera zuen, jokaldiak bukatzeko eta garaipena ixteko (12-22).

KONPLIKATZEN

Urtezahar egunean Peio Etxeberria eta Zabaleta garaitu zituztenetik, jarraian beste bost jardunaldietan garaipena eskuratu dute Artola eta Imazek. Elordi eta Rezustak, kontrara, 2024ko bost partidetatik bakarra irabazi dute eta, beraz, final-laurdenetako ligaxkarako txartela konplikatzen hasia zaie. Oraindik beraien esku dute, baina Ezkurdia eta Tolosaren susperraldiarekin puntu bateko aldea besterik ez dago.

Bi bikoteek, gainera, aurkari berdinen aurka jokatuko dute: Lider dauden Jaka eta Mariezkurrenaren aurka -min hartuta dabil Berriozarkoa, eta ikusi egin behar ligaxkako azken partidak jokatu edo finalerdietarako zaintzeko hautua egiten duen- eta, matematikoki ez baina, hanka bat kanpoan duten Laso eta Arangurenen kontra.

Ezkurdia eta Tolosak erakustaldia eman zuten, atzo, Labriten, oso kamuts aritu ziren Peña eta Albisuren aurka (22-13). Atzelari anoetarra sendo aritu zen atzean, erreboteko bi pilota ere eramanda. Horrenbestez, sasoiko aurre egingo dio txanpa erabakigarriari.