GARA Euskal Herriko egunkaria
BURUZ BURUKO PALA TXAPELKETA

Roman Maldonado argentinarra txapeldun, erakustaldia emanda

Bere mailaz behetik aritu zen Iñaki Urrutia hiru jokotan gainditu zuen Larrabetzun bizi den 24 urteko palistak. Bigarren jokoan izan ezik, Maldonadok bere joa eta indarra inposatu zituen eta Pablo Fusto txapeldun eta bere «idoloaren» besarkada jaso zuen.

Roman Maldonado, Buruz Buruko txapeldun berria, pozarren, finalean nagusitu eta gero. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Pablo Hernan Fusto palista argentinarrak badu oinordekoa. Roman Maldonado Larrabetzun bizi den aurrelari argentinarrak Buruz Buruko aurreneko txapela eskuratu zuen atzo 24 urterekin, Iñaki Urrutiari hiru jokotan irabazi ostean. Armintzakoa ez bezala, Maldonadok bere maila eman zuen Bilboko Bizkaia pilotalekuan eta bere kolpe bizia inposatu zuen. Alabaina, sufritzea tokatu zitzaionean ere gogotik saiatu zen eta zorte pixkatxo bat ere lagun, ez zion jokorik egiten laga bere arerioari: 5-10, 9-10 eta 2-10.

Iñaki Urrutia, berriz, txanponaren ifrentzua izan zen. Armintzako atzelariak ez zuen bere mailarik eman, bigarren jokoan izan ezik. Orduan bai, neurketa berdintzeko abagunea izan zuen 9-8 aurreratuta, baina ez zuen errematatzen jakin. Finala 0-2 jarri zelarik, azken jokoan ez zen inolako lehiarik ere izan, 2-10eko emaitzak erakusten duenez.

«Hau izugarria da. Hamaika urte nituenetik Pablo Fusto da nire idoloa eta, ez dut nire burua halakoekin alderatu nahi, baina nire ahalegina goraino iristeko izan da beti. Aurreneko kontratu profesionala sinatu nuenetik, garbi neukan ez nuela ‘beste bat gehiago’ izan nahi, eta begira. Ikaragarria da!», onartu zuen Maldonadok, hunkituta, etxekoen eta Pablo Fusto txapeldun handi eta bere «idoloaren» besarkada jaso eta gero.

HASIERATIK NAGUSI

«Aurreneko jokoan bere eskuinarekin gainetik pasatu zait, eta errebotean ez dut batere asmatu», onartu zuen Iñaki Urrutiak partida amaitutakoan.

Akordatzerako, 2-1 atzetik izatetik 2-8 aurreratu zen Maldonado, tartean Armintzako atzelariak, aukerako pilota izan zuenean, goregi bidalitako pilotakada pare baten laguntzari esker. Maldonadoren eskuina oso fresko zegoen; indarraren indarrez, sake bat luzetxo joan zitzaion Larrabetzun bizi den palista hegoamerikarrari, baina horrek ez zuen saihestu aurreneko jokoaren zoria, 5-10 nagusitu baitzen.

JOKORIK EDERRENA

«Bigarren joko horretan bai izan dut irabazteko eta finala berdintzeko aukera bat, baina ez dut ondo erabaki eta berarentzat erori da. Eta hirugarrenean ez naiz kantxara azaldu ere egin», aitortu zuen, burumakur, Urrutiak. «Txapeldunak ez duela zorterik behar diote batzuek, baina ez da egia. Behar izan dudanean, zortea alde izan dut», berretsi zuen Maldonadok.

Bizkaia pilotalekuko zaleek gehiago gozatu zuten bigarren joko honetaz, tantoen maila asko igo baitzen. Urrutiak Maldonado errebotean aritzera behartu zuen, baina tanto bakarrean Maldonadok lau errebote bata bestearen atzetik eraman bakarrik ez, pilota zaila jarriz erantzun zion txapeldunak. Are, erreboteko zuloan argentinarrak berak aurkitu zuen tantoa amaitzeko une aproposa. Ondorioz, 5-3 galtzetik 5-7 irabaztera igaro zen Larrabetzukoa.

Ez zuen etsi, ordea, Armintzakoak, eta 9-8 aurretik ere jarri zen, sakea eskuetan. Hala ere, Maldonadok jokoa 9na berdindu zuen, dejadaz azken tanto gogor bat amaitu eta gero. Hurrengo errestoan asko arriskatu zuen Urrutiak, eta bere pilotakadak botea kanpoan eman zuen; bada, 9-10 argentinarrarentzat. Handik aurrera ez zen finalik izan eta merezita gailendu zen Roman Maldonado 24 urteko gaztea.

HIRUGARREN POSTUA

Dan Necol eta Ibai Perezek jokatu zuten arratsaldeko aurreneko partida, Banakako Txapelketako hirugarren postuaren bila. Iazko finalista biek gorabeherez betetako partida jokatu zuten, eta, horrela, kitarakoan erabaki behar izan zen. Iazko txapeldunak bere indarra baliatu zuen azkenean 10-5, 2-10, 10-5, 7-10 eta 5-4 nagusitzeko Sestaoko pilotariaren aurrean.

Bosgarren eta azken jokoan izan ezik, ez zen berdinketarik izan partida osoan. Bere indarra ezartzeko gai bazen, Necolek airean erabiltzen zuen Ibai Perez eta, aldiz, oinazpian arazoak izan arren, Sestaoko aurrelariak Necol erotzeko kapaz izan zen bere trikimailuekin.

Kitarakoan, berriz, aurrelari frantsesa 4-2 aurreratu zen, baina aukera eman zion Ibai Perezi, sakea laburregi aterata. Bizkaitarrak 4na berdindu zuen, baina azken tantoan Necol iazko txapeldunak bere kolpe indartsua inposatu zuen eta podiumeko beheko koxkara igo ahal izan zuen.