GARA Euskal Herriko egunkaria

Zaldibar behin-behinean zigilatzeko lanak, maiatzera arte

Zaldibarko zabortegia behin-behinean zigilatzeko lanak egiten ari da Lakuako Gobernua. Atzo iragarri zuenez, helburua da zazpi hilabeteko epean lan guztiak osatzea, urriaren erdialdean egikaritze subsidiarioa abiatu zenetik zenbatzen hasita.

Zaldibarko zabortegiko lanak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gaur lau urte beteko dira Zaldibarko zabortegia erori zela. Luizi handia izan zen 2020ko otsailaren 6an, eta Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak harrapatu zituen. Azken honen gorpua aurkitu zuten sei hilabete igaro ondoren, Beltranena ez. Lakua arduratu zen gorpuen bilaketaz, eta ondoren lanean jarraitu du zabortegia behin-behinean zigilatzeko.

Atzo komunikabideei bidalitako ohar batean azaldu zutenez, urriaren erdialdetik ari dira lanean, mantentze lanik ezaren ondorioz egonkortasun baldintzek okerrera egin dutela antzeman eta txosten teknikoen bidez egiaztatu ondoren. Helburutzat dute zeregin guztiak zazpi hilabeteko epean betetzea, ekintza hasi zenetik zenbatzen hasita. Aurrekontua 2,6 milioi eurokoa da. Lanak exekuzio subsidiarioaren bitartez egiten ari dira.

Gasteizko Gobernuak nabarmendu zuenez, behin-behineko zigilatze lanak egiten ari dira, euri ura ez iragazteko eta, gisa horretan, hondakin masaren pisua ez handitzeko, egonkortasuna bermatuz. Lehenengo asteetan lanak lurzorua berriro egokitzean zentratu ziren, eta jatorrizko isurketa ontziaren azalera osoa garbitu dute.

Gainazalean %4ko gutxieneko malda duen azalera konbexuak ematen duten materialen aportazioa egin ondoren, polietilenozko oihalak jartzen ari dira, eta soldatu ondoren zabortegiaren azalera estaliko dute.

«Soldaduraren kalitatea alderdi kritikoa da, zigilatzearen osotasuna zaintzeko; izan ere, soldadura makinek polietilenozko oihalen muturrak lotu ahal izateko, beharrezkoa da inolako hezetasunik ez egotea», nabarmendu zuten.

«Horren ondorioz, meteorologiak obraren bilakaerari eragiten dio, euriak edo kondentsazioak lan horiek egitea eragozten dutelako. Ildo horretan, azken egunetako meteorologiak obraren programazioa betetzea ahalbidetzen du», gaineratu zuten.

Lanak bi fasetan banatu direla ohartarazi zuen Lakuako Gobernuak. Agintarien esanetan, lehenengoa eta «kritikoena», orain egiten ari direna, malda handiena duen eta diketik gertuen dagoen eremuan da, eta bigarrena zabortegiaren goiko aldean izango da. Aurreikusten da lehen fase horretako instalazio lanak martxoan zehar bete ahal izango direla.

«Oso garrantzitsuak diren beste alderdi batzuk honako hauek dira: soldatutako xaflak ainguratzea, haizeak osotasunari eragin ez diezaion, eta zabortegiaren gainazalean hainbat elementu ez egotea, hala nola harriak, adarrak eta beste», azaldu zuten Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailetik.

«Bi beharrizanei erantzuteko, malda bakoitzaren arteko bide horizontaletan material pikortsu fina jarriko da zigilatzearen gainean. Material hori ez da kaltetuko, eta haren pisuak eutsi egingo dio, haize bortitzen aurrean kaltetu ez dadin», adierazi zuten.