GARA Euskal Herriko egunkaria

Elhuyarrek AA-rekin egiten duen lana aurkeztu du Europako Parlamentuan

Elhuyarreko ordezkariak, Europako Parlamentuan. (Elhuyar)

Elhuyarren ordezkaritza bat Europako Parlamentuan izan zen atzo, Orai adimen artifizialeko gunean egiten duen lana azaltzeko. Ohar batean azaldu zuenez, Jon Abril Olaetxea elkarteko koordinatzaile nagusia eta Igor Leturia Azkarate Oraiko hizketa-teknologien arduraduna Gutxiengoen Batzordean izan ziren, eta, esaterako, “Elia” itzultzaile automatikoaz, “Aditu” hizketa-ezagutzaileaz eta TTS hizketa-sintesiko zerbitzuaz aritu ziren, beste hizkuntza gutxiagotu batzuen ordezkariekin bilduta.

«Gizarte digital batean bizi gara, eta eremu digitalean sendoa ez den hizkuntza baten etorkizuna larria izango da. Hizkuntzen biziberritze prozesuetan digitalizazioa oso aintzat hartu beharreko elementua da», adierazi zuen Abril Olaetxeak. Gaineratu zuen, kulturak eta hizkuntzak homogeneizatzeko joera gero eta handiagoa denean, euskararen antzeko mailan dauden hizkuntzak interneten aktiboki agertzeak beste gizarte eredu bat eraikitzen laguntzen duela.

Elhuyarreko ordezkariak, merkatuan dauden plataforma digital, telebistako eskaintza, interneteko eduki eta lantokietako eta edozein esparrutan hizkuntza gutxituetan aritzeko eskubidea bermatu behar dela esan zuen, eta nabar- mendu zuen, ildo horretan, teknologia horiek garatzeko laguntzak behar dituztela hizkuntza gutxiagotuek. «Batetik -azaldu zuen-, teknologia propioak garatzeko, multinazional handien logiketatik kanpo aritzeko, baina baita gure eduki eta erreferentzia kultural eta linguistiko propioen arabera aritu ahal izateko ere».