10 FéV. 2024 Baserritarrek tokiko elikadura sistema aldarrikatu dute Bilbon eta Iruñean Ehun bat traktore iritsi ziren atzo Bilbora, EHNEk eta ENBAk deituta, Europako merkatu libreko akordio guztiak «bertan behera» gera daitezela eskatzeko, elikadura sistema «tokikoa izatea» beharrezkotzat jotzen baitute. Bilboko Areatzan arkumea saltzeko «azoka gardena» egin zuten, eta sekulako arrakasta izan zuen. Traktoreak Bilbora ere iritsi ziren atzo. (Aritz LOIOLA | FOKU) Nerea LAUZIRIKA BILBO Bizkaiko baserritarrek Bilbora eraman zuten protesta atzo, ENBA eta EHNE sindikatuek deituta. Elikadura sistema «tokikoa» izatea eta Europako merkatu libreko akordio guztiak «bertan behera» uztea eskatu zuten. Nafarroan ere izan ziren protestak, ostegun gauean hasita. Dozenaka traktorek igaro zuten gaua Iruñeko erdigunean.Traktoreak goizean goiz sartu ziren Bilbora hiru zutabetan: Durangaldea eta Artibai; Busturialdea, Gernika, Erandio eta Txorierri; eta Enkarterri eta Ezkerraldea. Elkarretaratzea egin bitartean, «azoka gardena» egin zuten Areatzan, «pedagogia apur bat egiteko». Abeltzainek arkumeak saldu zituzten, laurden bat 20 euroko prezioan. 50 arkumeak berehala saldu zituzten eta «traktorada» iristerako azoka bukatuta zegoen.Ekimenarekin, Zeelanda Berriarekin sinatutako akordioaren ondorioak salatu zituzten. Izan ere, hitzarmenaren arabera, herrialdeak lehentasuna izango du hango bildotsak eta esnea hemen saltzeko.100 bat traktore bildu ziren San Mamesen. Lanerako erabili ohi duten ibilgailua aldarrikapenez apaindu zuten baserritarrek, “Gure lana, zuen jana”, “Baserritik bizi nahi dugu” eta gisa horretako leloekin.Bertan azaldu zituen EHNEko Unzalu Salterainek baserritarren eskakizunak. Batetik, Europako merkatu libreko akordioak bertan behera utzi beharra nabarmendu zuten, baserritarrentzat «galbidea» direla eta.Bestetik, Salterainek aldarrikatu zuen bidezko prezioak bermatu behar zaizkiela baserritarrei, ezin dutela jarraitu «kostuen azpitik saltzen eta laguntza batzuekin». Ekoizleen ustez, egungo politika ereduak «porrot» egin du eta tokikotzea ezinbestekoa da.Horrez gain, baserritarrek pairatzen duten «gehiegizko burokrazia» ere salatu zuten. Izan ere, ENBAko Iñigo Bilbaok azaldu zuenez, urtean hilabete baten baliokidea bideratu behar izaten dute burokrazia kudeatzera.Traktoreak Areatzara abiatu ziren ondoren, Kale Nagusian behera, eta txalo artean hartu zituen jendeak. Areatza osoa hartu zuten traktoreek eta ekitaldia egin zuten bertan. Karlos Ibarrondo ENBAko presidenteak Salterainek azaldutako eskaerekin bat egin eta konpromisoa galdegin zien alderdi politikoei.EHNEko Andoni Garciak multinazionalak Euskal Herriko lurrak eta urak bereganatzen ari direla salatu zuen eta Etxalde mugimenduko Maite Aristegik azaldu zuen badutela egoerari buelta emateko plan egingarria, hura egikaritzeko borondatea baino ez dela falta. BAITA NAFARROAN ERE Dozenaka traktorek igaro zuten gaua Iruñeko erdialdean. Goizean, Udaltzaingoak hiriaren erdialderako zirkulazioa itxi zuen «traktore gehiago iritsi zirelako». Hiriaren kanpoaldean ere protestak izan ziren eta trafikoan gorabeherak eragin zituzten. Egoera bideratzeko asmoz, Jose Maria Aierdi Landa Garapen eta Ingurumen sailburua UAGN, EHNE, UCAN eta Alinar erakundeekin bildu zen atzo, baita Nafarroako eskualde ezberdinetako nekazari eta abeltzainen ordezkariekin ere. Bileraren ostean, Salvador Moreno nekazarien eta abeltzainen bozeramaileak hiriburuko trafikoa egunean zehar «arintzeko» konpromisoa hartu zuen. Erabakia Nafarroako Gobernuaren konpromisoren bat lortu ondoren hartu zen, Nafarroako nekazaritza sektorearentzat onuragarria izango litzatekeen erreforma fiskal batean oinarrituta eta 2025ean aplikatuko litzatekeena, baina 2024ko urtarrilaren 1era arteko atzeraeraginezko ondorioekin. IRAUNKORTASUNA Unzalu Salterainek argiutzi zuen ez dutela zerikusirik eskuinmuturrarekin lotutako protestekin: ��Hor mugitzen den jendeak merkatu libreago bat nahi du��. Haiek, ordea, alderantzizko bidea egitea aldarrikatu zuten,��iraunkortasunari lotutako bidea��.