GARA Euskal Herriko egunkaria

EGUNGO TXAPELDUNA, ERANTZUN BAINO GALDERA GEHIAGOREKIN

Aitor Elordik onartu du bikote gisa zalantzak sortu dizkiela azkenaldiko bolada txarrak, eta uste du partidetan «erasoan gehiago aritzea» falta zaiela, denbora gehienean defentsan aritu behar izanda dabiltzalako bera eta Rezusta. Astelehenean ez dute lan errazik izango Jaka eta bueltan den Mariezkurrenaren aurka.

Aitor Elordik ez dio arrazoi zehatz bati egozten euren txakalaldia, baina argi du gorriz jantzita joatearen presioak ez diola askorik eragiten. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bikote bezala sentsazioak onak ez direnean eta puntuak batzen ez dituzunean, azkenean zurrunbilo batean sartzen zara, zeure buruari normala baino galdera gehiago egiten hasten zara eta bolada txar hau ahalik eta arinen bukatzen saiatu behar dugu; horretan zentratuta gaude». Hausnarketa hori oraintxe erantzun baino galdera gehiago dituen Aitor Elordik egindakoa da, Tolosan, asteleheneko partidarako material aukeraketaren ostean. Agian kasualitate bat baino ez zen izan eta saskian ere ez zegoen aurkitu nahi zutena, baina «inoiz baino gehiago» kosta zitzaien asteartean Beotibarren astelehenerako pilotak apartatzea, Rezustarekin osatzen duen bikotea aspaldiko egoerarik latzenean denean.

«Dena buruz behera jartzen ari zaigu, txapelketa halako ondo hasi genuenean. Orduan ere esaten genuen, ondo hastea baino hobea izaten dela hobeto amaitzea; oraindik ez da txapelketa bukatu, baina egia da guk nahiko genukeen baino okerrago gabiltzala eta ea geratzen zaizkigun bi partidetan puntutxo bat ateratzen dugun, ze bestela asko zailduko zaigu kontua», gaineratu zuen mallabitarrak.

Lehen hiru partidak irabazita, bikain ekin zioten Binakakoari bizkaitarrak eta Beñat Rezustak, baina ordutik aurrera beste bi partida baino ez dituzte irabazi, Laso-Arangurenen aurka Bilbon zazpigarrenean eta Peio Etxeberria-Zabaletaren aurka hamargarrenean, eta sei lehenengoetan egotea dute, momentuz, bermatuta. «Gauza batzuk okertu egin dira; partida batzuk egon dira agian jokatu aurretik puntuarekin kontatzen genuenak, gure maila eman ez eta aurkarien merituz puntu hori galdu dugunak. Egia da ere pilotariak kantxan izaten ditugun sentsazioez asko gidatzen garela eta egon dira partidak Beñat atzean ez dena eroso sentitu eta ni aurrean bai, eta, alderantziz, Beñat sendo egon denean ni ibili naiz joko mailatik behera eta nik uste hor egin digutela ihes beste puntu batzuek», azaldu zigun mallabitarrak, txakalaldiari arrazoi zehatzik topatu ezinik.

IRREGULARTASUN HANDIA

Izan ere, tarte horretan Peio Etxeberria-Zabaletari Mungian irabazteko gai izan ziren eta Errege egunez Astelenan Altuna-Martijaren aurka galdu arren, sekulako maila erakutsi zuten, ziurrenik orain arteko txapelketako partidarik ikusgarrienean. «Horrek esan nahi duena da gu ere zalantzekin gabiltzala; momentu batzuetan ematen dugu gure maila, ze azkenean hor goran dabiltzan bikoteen aurka irabaztea lortu dugu, Peio-Zabaletari esaterako, baina gero, hurrengoan beheko postuetan dabiltzanen aurka galdu egin dugu eta horrek esan nahi du gu ere ez gaudela gure %100ean. Seguru kantxan zalantzekin gabiltzala, azkenean sailkapena izaten da horren erakusgarria eta, esandakoa, orain artekoa ahaztu eta falta denari aurre egin, oraindik garaiz gabiltzalako, gure esku dagoelako eta ea puntu hori lortzen dugun».

Euren beheraldiaren diagnostiko zehatzik egiteko gai ez den arren, mallabitarrak badu azkenaldian gertatzen ari zaienaren uste bat. «Azkenaldian gertatzen ari zaiguna da lehen parte horretan, bai, eusten diogula partidari; gu erasoan aritu baino, erdaraz esaten den bezala, a remolque joanda lortzen dugu partidari eustea eta aurkariek ihes egin barik egotea, baina gero heltzen da bigarren zati hori eta aurkariek, asko egin barik, ihes egiten digute eta hor joaten zaizkigu partidak. Azkenean lortu behar duguna da, beste bikoteek gure aurka lortzen duten moduan, erasoan jokatzea, partidak aurrera ateratzeko. Erasoan jokatu behar dugu eta horren bila irten behar dugu, ea nik aurrean erritmo pixka bat sartzen dudan eta Beñatek pilota atzeratzen duen».

Pilota borobila dela-eta azkar erakusten ditu aurpegi guztiak. Iaz garai honetan esne-mamitan zen bizkaitarra eta goia jo zuenetik nahi beste gozatu ezinik dabil. «Lehen justu Beñatekin komentatzen aritu gara nola iaz ligaxkan hirugarren sailkatu ziren -Peio Etxeberriarekin aritu zen Rezusta-, play-offeko lehen partidan 21-19 irabazten joan ziren, finalerdiak tanto bakarrera izan zituzten, partida hura galdu, igandean play-offetako bestea ere bai eta etxera txapelketa on bat eginda, ze hirugarren sailkatu baziren txapelketa on bat egin zutelako izan zen. Ea orain alderantziz den, kili-kolo amaitu eta gero, zorte pixka batekin, finalerdietarako sailkatu».

Zalantza-ekaitz honetan, gauza bat behintzat nahiko argi dauka Aitor Elordik: kantxara gorriz irteteak ez dio inolako kalterik egiten. «Ez dut uste horrena denik, beti komentatu izan dizkidazue txapeldun izatearen presioaren gorabehera horiena baina, egia esanda, ez nabil horri bueltaka, nire jokoak kezkatzen nau».