GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPEAK

Leo Billonen eta Benjamin Vedrinesen neguko trilogia historikoa

Drus, Droites eta Grandes Jorasses mendietako iparraldeko hormetan zailtasun handiko hiru bide eskalatu dituzte hiru egunean. Den-denak era askean, gainera. «Orain arte Mont Blanc-eko mendilerroan egin duguna baino askoz ere zorrotzagoa izan da».

Leo Billonek eta Benjamin Vedrinesek Mont Blanc-eko mendilerroan neguko trilogia bikaina egin dute. (Benjamin VEDRINES)

Agian, aurreratzen ari garen guztia datu objektiboek zehaztuko dute. Lehenik eta behin, esan behar dugu hiru bide eskalatu dituztela Mont Blanc-eko mendilerroko hiru iparraldeko murruetan: Drus, Droites eta Grandes Jorasses mendietan. Eskalatutako bideak: “Voie des guides” (ED+, M8+, 800 m), “Them-Vimal” (ED+, M7/8, 1.000 m) eta “No siesta” (ED+, WI6, M8 X R).

Zailtasun handiko hiru marra. Eta horiek guztiak ondoz ondoko hiru egunetan igo dituzte. Neguan eta era askean. Inolako zalantzarik gabe, Billonek eta Vedrinesek ingurumari hartako alpinismoan egin duten urratsak beste irakurketa bat behar du. Protagonistok ere egin berri dutenari azpimarra berezia egin diote: «Trilogia hori biok ala biok orain arte Mont Blanc-eko mendilerroan egin duguna baino askoz ere zorrotzagoa izan da».

Aurkezpenak, lerroburu nagusiak eta definizioak alde batera utziko ditugu, bi alpiniston xedearen inguruko nondik norakoak ezagutzeko. Puntako kirolariak direnez eta jarduera zailak eta berriak egin dituztenez, bazekiten hurrengo urratsak beste ikuspegi bat behar zuela. Horretarako honako asmoarekin bat egin zuten: Mont Blanceko hiru hormatzar laiotzetan hiru bide igo hiru egunean. Marra horiek, gainera, gogorrak izan behar ziren; exijenteak edo “min” egiten duten horietakoak.

Era askean eskalatzeko eta azkar joateko, bazekiten mistoko luzeetan murgiltzea zela egokiena: «Hiru mendi horietako makina bat marra aztertu genituen, eta Drus eta Droites mendietan bagenekien batzuek eite horiek dituztela. Grandes Jorasses mendian, berriz, helburua pixka bat aldatu genuen. Zailtasun teknikoekin oso saiatuak gara, eta urtero koska bat gora egiten dugu. Eskalatu ditugun bideen inguruan oso ondo hitz egin digute. Goraipamen asko dituzte, zorrotzak, mitikoak… Erronka horren atzetik genbiltzan; bagenekien asko eskatuko zigula eta onartu behar dugu oso gogorra izan dela».

Jakina, eskalada horiek egin ahal izateko, burua sendo eta sasoi bikaina izateaz gain, beste eite garrantzitsu batzuk zehaztu behar dira: ordutegiak, logistika, pareta batetik bestera egin behar den trantsizioa… Hiru egunean egitea zoramena da, baina aktibitatearen D eguna (urtarrilak 28) iristen ari zela, protagonistok argi zuten posible zela.

Halere, zalantzak alde batetik eta bestetik iritsi zitzaizkien: «Adibidez, ‘Voie des guides’ ez zen orain arte egunean eskalatu, eta, hortaz, ez genekien muga hori hausteko gai izango ote ginen. Bide horrek hamar ordu eskatu zizkigun. Ordutegiaren kontua oso inportantea zen baina, era berean, beste ertz batzuk zehaztu behar genituen: jaitsieren ordutegia, atseden hartzea, lo egitea, bidearen oinarrira goiz heltzea… Erritmo onean eskalatzea oso garrantzitsua zen, baina argi esan nahi dugu, bide horietan gozatzeaz gain, era seguruan jardun nahi genuela. Mistoko luze samurretan eta pikoak ez ziren elurrezko aldatsetan, adibidez, ez ditugu luzeak egin; bata bestearen atzetik joaten ginen geure burua ia babestu gabe».

«OSO ESPERIMENTALA»

Billonek eta Vedrinesek onartu dute erritmoa eta segurtasuna ondo kudeatu ondoren, bide bakoitza egun batean eskalatzeko beste arlo batzuei azpimarra egin behar izan zietela. Adibidez, denbora ez “galtzeko” ez dute ia atsedenik hartu. Ez jateko, ez edateko, ezta txiza egiteko ere. Xehetasun horiek indar asko izan zuten; izan ere, pare bat ordu aurrezteko aukera eman zien. Hori aski ez, eta bileretan, sokaburuaren ardura aldatzeko orduan, bizpahiru minutu soilik erabiltzen zituzten.

Nortasun handiko bide horietako bat egun batean egin ostean, normalena jaitsi, jarduera bukatutzat eman eta atseden hartzea da. Baina frantziarrok beste bi jarraian egiteko prest zeuden, eta sasoiari zein motibazioari eustea zaila da oso: «Egoera oso bitxia zen; besteak beste, marra bat eskalatu, berriro martxan jarri eta bigarrenarekin buru-belarri jarri behar genuen. Eta, ondoren, hirugarrena. Geure buruarekin oso zorrotzak gara, eta, jakina, pozarren gaude eginiko lanarekin. Beste eskalada batzuetan ez bezala, trilogia honetan une oso bereziak bizi izan ditugu gailur bakoitzean. Ezberdina izan da. Bitxia zen tentsioaren kontu hori ere. Horma baten azken metroetan desagertzen zen. Jorasses menditik jaisterakoan, ordea, bikoiztu egin zen. Luzea eta aspergarria da».

Nahiz eta puntako alpinistak diren, Billonek eta Vedrinesek ezaugarri ezberdinak dituzte. Teknikoagoa da lehenbizikoa; bigarrenak, aldiz, egundoko sasoi fisikoa du. Alkimia (sokada) berezi horretan orekak eta elkar ondo ezagutzeak maila gorenera eraman dituzte: «Elkarrekin asko eskalatu dugu, eta batak besteari ez diogu ezer demostratu behar. Berdin dio gai batean edo bestean nor den indartsuena. Garrantzitsuena izan da eraginkorrak izatea eta energiaren gestio ona egitea. Gauza asko ditugu komunean. Sokada bakoitzak estrategia eta estilo ezberdinak ditu. Gurea oso zehatza da, eta konfiantzan oinarrituta dago».

Bestalde, neguko trilogia hori berme handiagoarekin aurrera eramateko argi zegoen eguraldi leiho on bat behar zutela. Hiruzpalau egunekoa izan behar zuen, baina esku artean zuten iragarpena ez zen batere ziurra. Horrek nolabaiteko estresa eragin zien; izan ere, ez zekiten aurrera jarraitu edo atzera egin behar zuten.

Nahiz eta bi alpinistok estrategia oso zehaztuta zuten eta ingurumari hori oso ondo ezagutzen duten, jakin bazekiten jarduera berri baten aurrean zeudela: «Oso esperimentala izan da; pixka bat ezezaguna. Beste batzuetan gertatu zaigun bezala, trilogia honek moldatzera behartu gintuen. Prest geunden planak aldatzeko, eta hori behin baino gehiagotan egin genuen. Uste dugu izaera honetako proiektu baterako arlo hori giltza dela. Inprobisazioaren mende egon gara, eta xede honek erakutsi digu estrategian malgua izan behar duzula».

Amaitzeko, protagonistok jarduera horretan zehar bizitako ezustekoak eta eskalatu duten bide zailenaren inguruan hainbat aipamen egin nahi izan dituzte. Ez dute zalantzarik: “No siesta” izan da egoera nahasiena bizi izan duten bidea. Lehenik eta behin, esku artean zuten informazioa ez zen oso “egokia”. Horrekin esan nahi dugu iazko baldintzekin alderatuta aurtengoak oso ezberdinak izan direla. Hamazazpigarren luzean, adibidez, nahastu egin ziren, mistoko luze samur batean arroka ustelduarekin topo egin eta denbora asko galdu zuten, 5c mailako luze bat askoz ere gogorragoa bihurtu zen…

Hori guztia esan eta gero, alpinistok diote arazo horiek guztiak konpondu zituztela: «Nahiz eta bidean okertu ginen, berriro ibilbide zuzenera itzuli eta “No siesta” era askean eskalatu genuen. Estilo horretan igotzea hobe da askoz ere azkarrago eskalatzen delako. Horregatik, estilo horri lehentasuna ematen diogu. Oso eraginkorra da!».