13 FéV. 2024 PILOTA Elordi eta Rezustak hondoa jo zuten kolore bakarreko inauterian Jaka-Mariezkurrenak ez zuten gupidarik izan atzoko aurkariekin eta azken aukera bat eman diete Laso eta Aranguren enpresako kideei aurrera egiteko. Emaitza honekin, Zabalak eta Martijak 10 tanto nahikoa dituzte bikoteak laugarren postuan amaitzeko. Erasoan aritzeko oso aukera gutxi izan zituen Aitor Elordik, atzo, Tolosan. (Aitor KARASATORRE | FOKU) Jon ORMAZABAL Txapelketa hasiera horren ona izandako Elordi-Rezustaren gainbeherak etenik ez duela dirudi eta jipoi handi bat hartuta ekin beharko diote igandean Donostian Laso-Arangurenen aurka jokatu beharreko hil ala biziko partidari. Kolore bakarreko inauteria-estelarrean, batere errukirik gabe, Jaka eta Mariezkurrenak mesede bikoitza egin zieten euren enpresakideei; horiek bizirik mantentzeaz harago, aurkariak oso ukituta utzi zituzten, batez ere oso bigun aritu zen Beñat Rezusta. Play-offerako txartela jokoan zuten partida ezin okerrago hasi zuen Aspeko bikoteak, Elordik pasa egin baitzuen lehen sakean eta jarraian Rezustak ez zuen eramaterik izan Jakak zabalera ateratako lehen sakea. Hortik aurrerakoa ez zen askoz hobea izan, nahiz eta gantxo eder batekin mallabitarrak 3-1ekoa egin. Pilotalekuak beste urte batzuetan baino kolore gutxiago zituen eta Astelenita eguneko lehia nagusiak bakarra izan zuen, Jaka eta Mariezkurrenaren urdina. Jokoan ezer askorik ez zuten arren, oso lan txukuna egin zuten, apenas akatsik gabe, baina erraztasun handiak izan zituzten; gehienbat aspaldiko Rezusta tristeena izan zutelako aurrean, eta hori, 1-6koan pilota errebotean jarri bazuen ere, Jon Mariezkurrenak frenoa jarrita jokatu zuela, bere eskuina askorik behartu gabe. Bigun aritu zen bergararra, sakeak altxatzeko zailtasun handiekin, hutsak ere behar baino gehiago eginez eta Jakari aukerako pilota asko utziz. Ibilbidearen zatirik handiena elkarrekin egin dute bergararrak eta lizartzarrak, baina kantxan ez dago lagunik eta Erik Jakak etekin izugarria atera zien aurkariak 2aren barruan utzitako pilota ugariei. Eraginkor aritu zen oso Baikoko aurrelaria eta partida osoan akats bakar bat ere egin gabe. Izan zuen oldarraldiren bat edo beste Aitor Elordik partidan zehar, baina jokoan sartzeko aukera oso urriak izan zituen eta detaileak baino ezin izan zituen utzi mamirik gabeko lehia tristean. HAMARRA HELBURU Elordi eta Rezustaren porrotarekin, laugarren postua gaur azken jardunaldia Tolosan irekiko duten Altuna (Zabalak ordezkatuko du)-Martija eta Peña-Albisuren kontua da. Horretarako, Aspeko bikoteak nahikoa izango luke 10 tanto egitea. Hortik behera, Baikokoek lortuko lukete plaza hori.