13 FéV. 2024 GAURKOA Sanferminetako eskailera, bertsio klero-poliziala Sanferminetako eskailera ospakizun ludikoa da, joan den mende erdialdean Iruñean sortua, «uno de enero, dos de febrero, tres de marzo...», kantak markatutako erritmoari jarraiki, sanferminak gero eta hurbilago daudela ospatzeko. Horretan, mota guztietako kuadrillak biltzen dira urtarrilaren 1ean, otsailaren 2an... uztailaren 6ko txupinazora gorputzak ongi koipeztatuak irits daitezen. Baina egun batean, Elizak, plater oro txirimizkatzeko eta bere sorora ura ekartzeko trebea den erakunde horrek, erabaki zuen, 2009an, bere eskailera propioa ere ospatzea San Lorenzo elizan, bertan San Fermin kapera baita. Modu horretan, peña eta elkarteetan afari parrandazaleak zirenak meza sakratu eta jainkozale bihurtu ziren San Lorenzon. Bistan denez, ez da gauza bera. Aurten, gainera, bertzerik gabe, San Lorenzoko erretore iparra galduak iragarri zuen sanferminetako otsailaren 2ko bigarren eskailera mailako mezan Polizia Nazionala sortu zuteneko 200 urteak goretsiko zirela, gorputz horrek sanferminetako segurtasunean izan duen funtsezko zereginagatik. Ekitaldian San Fermini kapote urdin bat eman zioten, mota guztietako ikur polizialez brodaturik. Hara bertaratu ziren Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria, Estatu espainiarreko Gobernuko ministro bat, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea eta UPN, PP eta PSNko zinegotzi batzuk. Meza, horrela, ekitaldi politiko bihurtu zen, oso mezu zuzenaz horniturik. Gure irudiko, ekintza hori azken 45 urteotan Iruñeko eta Nafarroako herritar aunitzek azaldu duten memoria borrokalari eta aldarrikatzailearen aurkako atentatua da, Iruñeko populazioak Polizia espainiarrarengandik jasan zuen eraso handienetako batentzat egia, justizia eta ordaina galdatzen dituen memoriaren aurkakoa. Basakeria haren ondorioak ezagunak dira: German Rodriguez gaztea hilik, balaz zauritutako hamaika pertsona, 300 inguru ospitaleetan artaturik, hiri bat suntsiturik eta bestak leherturik. Eta basakeria horren irudia garbitzea dute helburu. Horregatik, 2019an, Iruñeko Udalak Martin Villa persona non grata deklaratu zuen, baina hari horrek bost axola dio. Eta jardun polizialak sekulako larritasuna izan bazuen, ez da gutxiagorako darabilten inpunitatea, funtzionario publikoek eta gainean zuten Martin Villak, hura guztia babestu baitzuen, gauzatutako delituak estaltzeko. Inpunitate horrek erasotako pertsonak birbiktimizatzen ditu eta ustez demokratikoa den jendartea doilortu egiten du. Gure memoria aldarrikatzailearen aurkako oldar horri, alajaina, Gobernuaren eta Epailetzaren kideek eman diote abala. Elizaren laguntza estimagarriarekin, bertze urrats bat egin nahi du botere judizialak 1978ko sanferminetako gertaerak isilarazi eta itxuragabetzeko lanetan, aldi berean inpunitate politika indartuz. Eta, kasu honetan, larriagoa dena, PSOEren gobernu «aurrerakoiak» ematen dion babesarekin. German Rodriguezen ahaideak, zauritutakoak, sanferminetako peñak, herritarren elkarteak, justizia ari gara galdatzen krimen harengatik. Sistematikoki ukatzen zaigun eskubidea dugu. Baina, jakina, justiziako zein auzitegi ausartuko da 1978ko sanferminetako gertaerengatik biktimek eta herritarren elkarteek paratu ditugun kereilak izapidetzea onartzera, besta lehertu zutenen armarriez apaindutako kapote batekin Saindua estaltzeko ekitaldi gaitzesgarri batean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea bera baldin badago? Eta zer erran Gobernuko ordezkariaren eta ministro baten presentziaz? Pertsonen aurkako krimentzat hartuak izatea merezi duten ekintzak ahantzarazteko eta haiengatiko inpunitatearen irudikapen gaitzesgarri batean daudenek, zer memoria eta bizikidetza mota defendatzen dute? Nola betetzen dute Gobernuaren ordezkari horiek biktimak aitortu, erreparatu eta duintzeko duten eginkizun saihetsezina, errepresiogileak goraipatu eta biktimak isilarazten dituen ekitaldi batera joaten? «Tiro egin, zuen indar guztiekin; ez izan hiltzeko ardurarik» agindu zen irrati polizialetik sanfermin haietan, eta orain ohoreak ematen zaizkie agindu haiek eman zituztenei eta bete zituztenei. Elkarkidetza ez daiteke lortu iraganaren ahanzturatik eta itxuragabetzetik, egia eta justiziaren gainean baizik. Ahanztura, San Lorenzoko erretorea ahalegin horretan tematurik ere, ez da demokrazia baterako hautua. Estatu mailan, bai eta gure lurraldean ere, ikusten ari garen bezala, memoria ez da baketsua, liskartia baizik, eta horren adibide nabarmena joan den 2ko meza dugu. Aldebakarreko memoria eraiki gogo duen ekitaldia, giza eskubideen urraketa, bizitzarako eskubidea barne, eragin zuten oso gertaera larriengatik amnesia praktikatzen duena, eraso egin zutenak goretsiz eta haien ikurrekin Saindua zikinduz. Estatuko Gobernuaren ordezkaritza hor egotea −ordezkaria eta ministroa− bereziki larria da, zeren eta, beharrezko bizikidetza baketsuaren ikuskera berezi horrekin arriskuan paratzen baita giza duintasunak berezkoak dituen eskubideak eta askatasunak erabiltzea, eta zalantzan paratzen baitu demokraziaren eta Iruñeko herritarrak, 1978ko sanferminetatik, galdatzen ari diren funtsezko eskubideen defentsarako duten konpromisoa. Inoiz ez dugu estatuko Gobernuaren ordezkaririk ikusi gure hirian gertaera haien memorian eta biktimak oroitarazteko gauzatutako inongo ekitalditan. Inoiz ez dugu aditu edo irakurri inolako aitortzarik bere aldetik Iruñeko eta Nafarroako populazioak jasandako eraso polizial bereizi gabeko hartan erantzukizun zuzena onartuz. Baina han zeundeten zuek, lehen lerroan, San Lorenzo elizan, 1978ko sanferminetan gauzatutako Estatu krimena kapote urdin batekin estaltzen lagunduz. Gure irudiko, ekintza hori azken 45 urteotan Iruñeko eta Nafarroako herritar aunitzek azaldu duten memoria borrokalari eta aldarrikatzailearen aurkako atentatua da