14 FéV. 2024 DANTZAN AMAITU DIRA INAUTERIAK Astearte-inautea, Asteartita, Asteartiñabete, Aratuste-martitzena, izan zen atzo. Bestarik zirikatzaile eta basatienen hondarreko eguna. Lantzeko plazan, zortzikoa dantzatzen, Miel Otxin erdian dela. (Aitor KARASATORRE | FOKU) GARA Lantzen, Ziripot, gorputza lastoz betetako zakuekin estalia duen pertsonaia, botatzen saiatu zen Zaldiko. Ez zen erraza. Sasoian dago eta txatxoak zituen atzean, eusten. Zaldiko Miel Otxinen zaldia da; bere nagusi Miel Otxin mendian harrapatu eta herrira ekarri zutelarik, hari segika etorri zen. Herrikoak saiatu ziren Zaldiko beren aldera eramaten, ferrak paratuz. Baina inoiz ez du utzi bere burua domatzen. Miel Otxinen amaiera ikusita, plaza erdian erreta, inguruan zortzikoa dantzatzen ziotela, eskapu egin zuen atzo ere. Altsasun, momotxorroak, Juan Tranposo, akerra eta beste pertsonaia odoltsu batzuk atera ziren iluntzean. Jendea beldurtzeaz gain, momotxorroen zortzikoa dantzatu zuten. Bilbon, bestalde, aratusteak ospatu zituzten, literatura gaitzat hartuta. Lutxo Egiak eta Jasone Akizuk gorpuztu zituzten Farolin eta Zaranbolas, bi izaera txireneren ikurrak, harroputza eta patxadatsua. Beste makina bat herritan ere amaitu ziren inauteriak 13an tokatu zen asteartean, txarrak erreta, panpinei su emanez. Aurten goiz iritsi dira besta bihurrienak, baina oraindik bada non gozatu, eta apirilera arte ez da faltako maskaradarik.