GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Etxeberria eta Zabaleta zuzenean finalerdietara sailkatu dira

Aspekoak 1-8 aurreratu ziren lehen tantoetan, eta hortik aurrera aldeari ongi eutsi zioten Labriteko partida borrokatu eta ikusgarrian. Lau pilotariek maila ederrean jokatu zuten, atzelariek oso gutxi galduz eta aurrelariek asko amaituz.

Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta garaipena ospatzen, atzo Labrit pilotalekuan. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta Binakako Txapelketaren finalerdietara sailkatu dira zuzenean, atzo Labriten Iñaki Artola eta Ander Imazi lehen ligaxkako partida erabakigarria 14-22 irabazi ondoren. Neurketa borrokatua eta ikusgarria izan zen, eta lau pilotariek maila ederrean jokatu zutena, atzelariek gutxi galduz eta aurrelariek asko asmatuz.

Peio Etxeberriak 13 tanto egin zituen jokoan, sakez beste bat ere bai, eta pilota bakarra galdu. Iñaki Artola ere oso zehatz aritu zen errematean, 12 izan zituen eginak. Baina aldea galdutakoetan egon zen: Etxeberriak pilota bakarra galdu zuen, Zabaletak bat bera ere ez, eta gorriek aldiz zazpi izan zituzten galdutakoak, horietatik bost Artolak. Ez dira zenbaki tamalgarriak, baina markagailuan tartetxoa irekitzeko adina bai.

Beraz, Artolak eta Imazek play-offa jokatu beharko dute: lehen partida ostegunean, Tolosan, Altuna eta Martijaren kontra. Irabazten badute, finalerdietara; galduz gero, bigarren aukera bat izango dute igandean, beste kanporaketako irabazlearen aurka.

PEIO ETXEBERRIAREN HASIERA INDARTSUA

Markagailuko aldea lehen tantoetan ireki zen urdinen alde. Peio Etxeberria izan zen bereziki indartsu jokatu zuena lehen txanpa horretan, errematea azkar bilatuz eta asko asmatuz.

Zabaletak azken asteotan izterrean izan dituen arazoengatik agian, bikotearen zama bere gain hartzea erabaki zuen zenoztarrak eta tantoa azkar amaitzen saiatu zen. Baita asmatu ere: 0-4ko lehen partzialean aurreneko hiru tanto ikusgarriak berak amaitu zituen, eta 1-8rako sei zituen jada errematez eginak.

Gorriek, gainera zetorkien erauntsia ikusita, bi atseden gastatu behar izan zituzten lehen tanto horietan, eta behin arnasa hartuta, lortu zuten odoljarioa nolabait etetea. Egiari zor, Iñaki Artola izan zen Peio Etxeberriaren enbidoari eutsi eta hiru erremate ikusgarri sinatu zituena, 4-8 hurbiltzeko. A zer gantxoak bi aurrelarienak!

KOLPE TRUKAKETA, URDINEN MESEDETAN

Hurbildu bai, baina aurrea hartu inoiz ez. Zabaleta bera ere, beste egun batzuetako txinpartarik gabe izan arren, maila bikainean aritu zen, oso seguru. Eta aurkariek pilotarik galdu ezean, zaila izaten da markagailuan horrelako alde handiak iraultzea, are gehiago urdinak 4-11 aurreratu zirenean.

Hala ere, zaila izango da emaitzari dagokionez emozio handirik gabeko neurketa batean zaleek atzo bezainbeste gozatzea. Defentsa lanetan ikusgarri aritu zen laukotea, eta erasoan ere bai. Peio Etxeberriak eta Artolak mota guztietako tantoak sinatu zituzten, eta Ander Imaz bera ere ikusi genuen aurrean erremate eder bat egiten: 6-11koa, airez, txokoan utzita.

Azkenean, 529 pilotakada eta ia 70 minutuko partidan Etxeberria eta Zabaleta izan ziren garaileak, jokoan zegoen sari potoloa eskuratuz: zuzenean finalerdietarako sailkapena eta hurrengo asteburuan atseden hartzeko aukera.

Artolak eta Imazek, aldiz, lanean jarraitu beharko dute datorren astean. Baina atzoko maila erakutsiz gero, ez dute arazorik izango finalerdietako ligaxkara sailkatzeko.

ZABALETA, POZIK ETA MINIK GABE

Neurketaren amaieran baieztatu zuenez, Jose Javier Zabaletak ez zuen minik sentitu azken asteotan arazoak sortu dizkion ezker izterrean. «Lehen tantoetan beldurrez aritu naiz. Izterra lotuta jokatu dut, horrek segurtasuna ematen zidalako, baina hasieran kosta egin zait horretan ez pentsatzea. Minik gabe amaitu dut eta uste dut ez didala arazorik emango».