21 FéV. 2024 KOLABORAZIOA Familia eta eskola jardunaldia Maite BURGOS, Marco RIVERA, Ianire CÓRDOBA eta Ana CASANOVA Jardunaldi jarraiaren aldeko plataforma Datozen egunetan Nafarroako familia askok haien seme-alabentzat eskola jardunaldia hautatzeko bozketetan parte hartu ahal izango dute. Egun, eskolen %84k jardunaldi jarraitua aukeratu badu ere, harrigarria da Hezkuntza Departamenduak 2024-2025 ikasturterako, hautaketa prozesurik abiatu ezean, ikastetxe guztientzat jardunaldi zatitua ezarri izana. Honek zalantzan jartzen baitu eskola komunitate zabal baten erabakia. Kontseilariak jakingo du zergatik jokatzen duen horrela edo zein interes dituen hori egiteko. Noren mesedetan? Prozesu hau abiatuko dugun eskoletan ere ez dugu izango urteotan aldarrikatu izan dugun gehiengo soilez erabakiak hartzeko eskubiderik. Erroldatutako ikasleen %60aren baietza beharko baita jardunaldi zatitua ez den beste jardunaldi bat aurrera atera ahal izateko. Gainera, edozein hauteskundeetan ez bezala, abstentzioak, zuriak edo boto baliogabeak ezezko bozkei erantsiko zaizkie. Portzentajea eta bozketa sistema justuagoa ezartzeko eskari hau Hezkuntzako eragile guztiek bere egin bazuten ere, bere horretan mantendu dute. Hezkuntza Departamenduak berak eta sindikatuek aitortu duten bezala, ez dago nahikoa froga, ezta ebaluaziorik, eskola jardunaldi bat edo bestea hobea dela esateko; ez eta emaitza akademikoetan eragiten duela baieztatzeko ere. Departamenduak, urteotako ebaluazioen datuak izan arren, nahiago izan du ez argitaratzea. Ustezko ebaluazio baten esperoan egon eta gero, susmagarria da halako erabaki potolo baten aurrean, daturik argitaratu gabe, eskola guztiei jardunaldi zatitua ezartzea. Prozesu honen erdigunean haurren ongizateak egon beharko balu ere, familien egoera eta iritzien esku uzten du hartuko den erabakia, eta ondorioz, gutxienez datozen lau urteetako gure haurren bizitzak baldintzatuko dituenez, gaiaz hausnarketa sakon bat egin behar dugula uste dugu. Familiek ardura handia dugu. Norbanakoon interesetatik harago eta helduon betebeharrak alde batera utzi gabe, umeen beharrei merezi duen garrantzia eman behar zaiela uste dugu, gure seme-alabak prozesu honen erdigunean kokatuz. Horretarako, haurtzaroa errespetuan eta maitasunean oinarritutako begirada batetik ulertu behar dugu. Gainera, gaian jantzita dauden aditu askok dioten moduan, eskolatik harago, familian kalitatezko denbora partekatzea funtsezkoa da beraien garapen integralerako. Zenbatetan ez ote dute esaten haiek ere eskolara lanera joaten direla? Egunerokoan zer da eskola haurrentzat? Zer da familia eta familia bizitza? Asteburuetako eta afalorduko kontua soilik? Apustu egin dezagun haurren eta haurtzaroaren alde. Zer gertatuko litzateke haurrei galdetuko bagenie? Izan gaitezen zintzoak: ez da egunero pizza edo makarroiak aukeran ematea..., haurren beharrak hobestea baizik. Ondoan behar gaituztelako, izan gaitezen haien bidelagunak! Hezkuntza etxetik hasten delako eta guztion aukerak malgutasunez kontuan hartzen dituelako: bozkatu jardunaldi jarraituaren alde! Esan baietz! Haurtzaroa errespetuan eta maitasunean oinarritutako begirada batetik ulertu behar dugu