GARA Euskal Herriko egunkaria
WOMEN WINTER SERIES

Ikuskizuna eta goi mailako lehia uztartzeko helburu tinkoa

Gizonezkoen Winter Series bukatu berri, emakumezkoek lekukoa hartuko dute Durangoko Ezkurdi pilotalekuan, hurrengo astelehenean hasita. Iazko puntista berak lehiatuko dira, min hartuta dagoen Lizardiren lekua Gogenolak hartuko duela.

Durangoko Ezkurdi pilotalekuan egin dute Women Winter Series txapelketaren aurkezpena. (ERAMAN JAI ALAI)

Women Winter Series txapelketaren bigarren edizioa hasiko da hurrengo astelehenean, hilak 26, 19.00etatik aurrera. Iaz bezala, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan jokatuko dira partidak. Bi finalerdi eta final handia jokatuko dira datozen hiru astelehenetan. Berritasun handien artean Euskotrenen babesletza dago.

Gizonezkoen txapelketari lekukoa hartuko diote emakumezkoek, euren maila erakusteko prest direla. Arrakastatsua izan zen iazko edizioa, estreinakoa, bai mugitu zen jendearengatik, bai eta puntistek erakutsi zuten maila apartarengatik ere. Erika Mugartegik eta Arai Lejardik jantzi zuten txapela, final estuan, Maite Ortiz de Mendizabal eta Maialen Aldazabal mendean hartuta.

Bi markinarrak, gazteak izanagatik ere -berriro txapelketako gazteenak dira-, oso indartsu datozela erakutsi dute. Aurten ere arreta guztia beraiengan dago. Batez ere, Lejadirengan, Banakako egungo txapelduna da-eta.

Aurten, ordea, ez dute elkarrekin jokatuko. Oreka mantentzen saiatu dira antolakuntzakoak eta, Aldazabalek GARAri onartu dionez, «ez dut bikote bat bestea baino eskasago ikusten. Oreka handia dago». Berriatuarra izango da, hain zuzen ere, Mugartegiren bikotekidea.

BI IZEN, BAINA FABORITO ARGIRIK GABE

Arai Lejardik, bestalde, Helena Barrenetxea durangarrarekin osatuko du bikotea, eta honen ustez «bikote ona» egingo dute, aurrelariak pilotalekua ezagutzen duen plusa baliatuta. Dena dela, Mugartegi-Aldazabal bikotea jo du faboritotzat.

«Egia da Maialenek [Aldazabal] ez duela pilotarik galtzen. Ondo jokatzen du, berba pila bat egiten du eta edozeinekin ondo komunikatzen da», onartu du Mugartegik, baina ez du faborito txartela eraman nahi, are gutxiago finalerdian Gogenolaren aurka jokatuko dutela ikusita. Elaia Gogenola da, hain zuzen ere, berritasun nagusia. Berriatuarrak debuta egingo du Winter Seriesen, luzerako min hartuta dagoen Eneritz Lizardi ordezkatuz. Mutrikuarrak belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuen urtarrilean, eta martxoaren 14an egingo dioten ebakuntza egin zain dago. Horrenbestez, haren lekua hartu du Berriatuako aurrelari gazteak, eta atzean lagun izango du Ihart Arakistain, lehen aldiz atzeko koadroetan arituko dena.

Ziurgabetasun apur bat izan liteke bikote honetan, baina Gogenolak uste du «ondo moldatuko» direla. «Ihartek indarra dauka. Ez da izango inor baino gutxiago, atzean jokatu arren», esan du tinko berriatuarrak. Hain zuen ere, elkar ongi ezagutzen dute, sopeloztarrak entseguak Berriatuan egiten baititu. «Ihart eta biok batera hasi ginen zestaz. Hasi ginenetik elkarren aurka jokatzen ibili gara. Biok aurrelariak izanda, aukera berri bat suertatu zaigu. Ezin dugu esan esperientzia daukagula elkarrekin jokatzen, baina bai ondo ezagutzen dugula eta, lagunak izanda, konfiantza daukagula», azaldu du Gogenolak.

Modu honetan, Aldazabal harro agertu da Berriatuako zesta eskolako hiru kide Winter Seriesa jokatzen arituko direlako. «Gure sasoian lau neska hasi ginen, eta horietatik hiru txapelketa hau jokatzera iritsi izana handia da benetan», esan du.

Aurkezpen ekitaldian denek nabarmendu dute gogoz daudela euren maila erakusteko, «ikuskizuna emateko». Lehentasuna da hori, «eta gero, ahal bada, irabazi», adierazi du Mugartegik.

Iaz sekulako finala jokatu zuten. Aldazabal harago doa, eta espero du finalerdiak ere politak eta ikuskizun handikoak suertatzea: «Aurten ahalegindu behar dugu aurreko partidak ere horrelakoak izatea. Ez bada irabazten ere, eboluzionatzen joatea, jendea hurbiltzea eta datorren urtera begira beste txapelketa bat antolatzen jarraitzea».

Azken urteetan zesta-puntak sortu duen ikusminaren olatua probesten ari dira emakumezkoak ere. Egutegi osoago bat daukate, ikusmina areagotu da eta, horrekin batera, baita maila bera ere. «Zentzu horretan, pozik gaude. Hobetu daiteke, baina gero eta partida gehiago dauzkagu, eta gutxika-gutxika joan behar dugu», azaldu du Lejardik.

GIZONEZKOEN BANAKAKOA

Women Winter Series txapelketarekin batera, Banakako Series torneoa jokatuko dute gizonezkoek. Lau puntistak neurtuko dituzte indarrak. Lehen finalerdian Johan Sorozabal eta Ludovic Laduche lehiatuko dira, eta bigarrenean, Aritz Erkiaga eta Unai Lekerikabeaskoa, Binakako Winter Serieseko txapeldun eta txapeldunordeak.