GARA Euskal Herriko egunkaria
BIGARREN MAILA

Ipuruako ibilbideari eutsi nahi dio Eibarrek, aurkari gogorrenaren aurrean

Aketxe, berdinduta amaitu zen lehen itzuliko partidan. (SD EIBAR)

Denboraldiaren bigarren herena ixteko, 2. mailako aurkaririk gogorrenaren bisita hartuko du gaur Eibarrek (18.30).

Horrela adierazi du Joseba Etxeberriak, Espanyol «Lehen mailara igotzeko faborito nagusia» dela esanez. Sailkapenak ez du haren hitzekin bat egiten, Eibar bera izan baita indartsuagoa orain arte, bien arteko aldea puntu bakarrekoa besterik ez bada ere. Ezin da ahaztu, gainera, Ipuruan jokatuko dela neurketa. Armaginek partida bakarra galdu dute bertan, duela sei hilabete, eta 2024ko hirurak irabazi dituzte, hiruretan atea hutsean utzita. Espanyol, aldiz, kili-kolo dabil etxetik kanpo. Urrian azken garaipena lortu zuenetik, hiru puntu besterik ez ditu eskuratu bisitari bezala jokatutako zortzi partidetan.

Eztabaidarik ez dago partidaren garrantziari dagokionez, Eibarrek irabaziz gero, lau puntura handituko bailuke abantaila, gol-averagea bere alde uzteaz gain. Ipuruako ibilbideari eusteko, aurreko astean Elxen egindako jokoa dezente hobetu beharko du talde gorri-urdinak, eta azken aste hauetan lan defentsiboan erakutsi duten hobekuntzan sakondu, Espanyol baita Eibar bera baino gol gehiago sartu dituen talde bakarra.

Zigorra bete ondoren, Berrocal Etxeberen deialdira eta hamaikakora itzuliko da.