GARA Euskal Herriko egunkaria
ELKARRIZKETA
Entrevue
Naiara Rodriguez-Ezpeleta
AZTIko ikertzailea

«Arrainen genetikaz ikasiz, eboluzioaz gehiago jakingo dugu»

DNA leku guztietan dago; esaterako, katilu batean. Baina baita itsasoan ere. Zer-nolako DNA aurkitzen da, ordea, itsasoan? Zertarako da argigarria? Informazio genetikoak itsas bizitzaren katalogaziorako eta horri dagozkion neurriak hartzeko balio dezake. Hala azaldu du Naiz Irratiko Gelditu Makinak saioan Naiara Rodriguez-Ezpeleta AZTIko ikertzaileak.

(Gorka RUBIO | FOKU)

 

Naiara Rodriguez-Ezpeletak itsasoko DNA ikertzen du. Aztiko zientzialariak azaldu duenez, itsasoko ura organismo txikiz betea dago (bakterioak, zitoplaktonak...), baina organismo handiagoen arrastoak ere badaude (arrainen ezkatak eta itsas ugaztunen ehun zatiak kasu). Beraz, ur litro gutxi batzuk aztertuta, bertako biodibertsitatea aztertu daiteke. Lehenengo, ura bildu eta filtratu egiten dute. Ondoren, filtroetan geratzen den material horietatik DNA erauzten da. Gero, ikerketa-galderaren arabera, bi analisi mota egiten dira: espezie jakin bat eremu horretan dagoen edo ez jakitea eta, bestea, eremu horretan zein espezie bizi diren jakitea.

Nola biltzen da informazioa?

Lagin asko hartzen dira eta konparazioak egiten dira. Eremu edo garai desberdinetan hartutako ur laginak konparatuta, espeziearen jokaera edo migrazioa ondoriozta baitaiteke. Kutsadura saihestea da zailena. Esaterako, sakonera desberdineko laginak aztertu nahi baditugu, beraien artean nahastea ekidin behar da.

Nola dakizue jasotako uretan dagoen DNA zerena den?

Gure lanaren oinarria datu base osoak izatea da. Espezieen izenak eta dagozkien sekuentziak ditugu; beraz, laginketatik ateratako sekuentziak konpara ditzakegu eta jakin zer espezie aurkitu ditugun. Erreferentzia base bat dago laginak konparatzeko.

Hala ere, organismo ezezagunak topatzen al dituzue?

Egia da analizatzen ari garen ur eremu batean organismo ezezagunak badaude edo beraien genetikaz gutxi baldin badakigu, aurkitzen ditugun sekuentziek ez dutela korrespondentziarik izango datu baseetan. Hala ere, konpara ditzakegu leku edo sakonera desberdinak eta jakin dezakegu non dagoen ezezagunen sekuentzia kopuru handiena.

Zergatik da garrantzitsua arrainen genetika ezagutzea?

Arrainen genetikaren gainean gehiago jakiteak eboluzioari buruz gehiago jakiteko balio du; gaixotasunak gehiago ulertzeko, baita gizakien gaixotasunak ere (badaude arrain modeloak analisi molekularrak egiteko); kutsadurari buruzko informazioa eskuratzeko… AZTIn egiten dugun lanari esker, arrainen konektibitatea eta ingurumen-aldaketetara egokitzeko gaitasuna ezagutu nahi dugu.

Konektibitate arazoak gehiago aipatzen dira erreketan. Itsasoan ere ba al daude?

Itsasokoa ez da erreketako egoera bera; ez da barrerak jarriz zatitzen ari garen eremua. Gure kasuan, konektibitatea ezagutzea espezie baten zenbateko populazioa dagoen jakiteko da. Zergatik? Kudeaketa, espezie osorako baino, taldeka egiten delako, eta begiratu behar dugu talde horiek genetikoki zentzurik ba ote duten, konektatuta dauden edo ez.

Espezie batetik bestera asko aldatzen al da genetika?

Desberdintasuna erlatiboa da. Bai, desberdinak dira genetikoki eta, gainera, genetikak lagun gaitzake antzekoak diren espezieak bereizten; esaterako, zapo zuria eta zapo beltza. Guretzat garrantzitsua da espezie berdin baten barruan dagoen desberdintasun genetikoa.

Gurutzaketa genetikoak gertatzen dira espezie desberdinen artean, zapo zuri eta beltzetan adibidez?

Bai, zapo zuri eta beltzaren artean hibridoak ikusi ditugu, eta gainera, ez gutxi. Leku batzuetan % 20 edo gehiago izan daitezke hibridoak. Horrek zer inplikazio duen aztertzen ari gara.

Informazio genetikoak informazio esanguratsua eman al dezake, besteak beste, espezieen kudeaketa egiteko?

Bai, eta gainera inplikazio zuzena dauka. Itsas kudeaketan taldeak erabiltzen dira eta, ez badaude ondo definituta, parametro guztiak ez badaude egoki identifikatuta, ebaluazioa txarto egongo da.

Ba al dago espezierik garrantzi berezia hartu duenik?

Guk hemen garrantzitsuak diren espezieekin egiten dugu lan: hegalaburra, legatza, zapoa, antxoa, berdela, sardina… Ekosistemaren osasuna ez badago ondo, bertan bizi diren espezieen osasuna ere ez da ondo egongo. Giza eragina ere aztertzen dugu, honen ondorioz ura berotzen ari delako eta jakin nahi dugulako espezieak genetikoki horretara egokitzen ari ote diren, edo lekuz aldatzen…

Eraldaketa genetikoa egiten al da arrainetan?

Nahita akuikultura arloan egiten da. Interesatzen zaizkigun ezaugarriak dituzten espezieak erreproduzitzen dira. Naturan ere gertatzen da, baldintzak aldatzen diren bezala, arrainen aukera bat da genetikoki egokitzea. Genetikoki egokituta dauden indibiduoak gehiago ugalduko dira, eta ezaugarri genetiko batzuk gero eta ugariagoak izango dira.

Europan abian jarri den «BIOcean5D» egitasmoaren barruan kokatzen da TREC espedizioa. Egitasmoan diziplina anitzeko ikerketa taldeak ari dira elkarlanean, tartean AZTI. Bizkaia da puntu garrantzitsuetako bat. Zergatik?

Puntu garrantzitsu batzuk definitu dituzte, eta Bilbo eta Urdaibain ibili dira, hemen datu asko daudelako hartuta. Paleo-sedimentuak ikertzeari esker, garai desberdinetako ingurumeneko DNA ikertu ahalko da. Nahi duguna da Europako kostaldea nola dagoen dioen linea bat ateratzea etorkizunean erabili ahal izateko, esate baterako, aldaketak eta espezieen distribuzioaren garapenak ikusteko. Orain dugun ezagutza pila bat handituko da.