GARA Euskal Herriko egunkaria

Belako, Nakar eta Benizze, Arberatzen egingo den EHZn

Euskal Herria Zuzenean festibalak azken urteetan aterpe izan duen Irisarri utzi eta Amikuzeko Arberatze herrian ospatuko du 28. edizioa, ekainaren 28, 29 eta 30ean.

EHZren 2024ko edizioaren aurkezpena. (Nahia GARAT)

Euskal Herria Zuzenean festibalak Irisarriri agur esan eta Amikuzeko Arberatze herrian hartuko du aterpe 28. edizioan. Kokalekua aldatuko bada ere, EHZk azken urteetako formulari eutsiko diola baieztatu zuen atzo Donapaleun egin zuen aurkezpenean, eta parte hartuko duten lehen taldeak ere iragarri zituzten: Belako, Nakar, Benizze, Lysistrata eta Vincen Garcia.

Zehaztu zutenez, egunean zehar plazan denetariko animazioak (zirkua, kontzertuak, haurren txokoa...) izango dira, baita hainbat gairen inguruko mintzaldi, tailer eta mahai inguruak ere. Arratsaldean, aldiz, bi eszenatokik hartuko dituzte kontzertuak.

Aurresalmenta martxan da. Hiru eguneko sarrerak 40 euroko prezio berezia izango du martxoaren 31ra arte, EHZren webgunean, eta gerora erosiz gero, garestitzen joango dira. Laguntzaile izateko izen-emateak apirilean irekiko dira.

EHZk munduari «ikuspegi kritiko batetik» begiratu eta «pertsona eta herri zapalduekiko elkartasuna» erakutsi nahi duela adierazi zuen, eta denentzat eskuragarri den kultura baten alde egiten duela ere berretsi zuen.