GARA Euskal Herriko egunkaria

Oinezkoa


Iñaki izena du gaurko nire protagonistak, Tolosakoa da eta idazlea da. Izan artikulu, izan iritzi, izan abestirako hitz, baina gramatikaren uretan eroso dabil igerian. Izango da, noski, idazle kontsideratzeko liburu bat argitaratzea ezinbestekoa dela azpimarratuko didanik, baina nik ez dut idazlea leiho horretatik begiratzen, hurrena klub bateko partaide izatea ere oinarrizkoa dela eskatuko baitit beste inork. Ez da aspaldi Nicanor Parra antipoeta aipagai ukan dudala, nola Bob Dylani Literatura Nobela eman baino 20 bat urte lehenago, haren idazle izaeraren handitasuna azpimarratzen zuen; “Nire aita fabrikan dago eta ez du zapatarik, nire ama janari bila karrikan dabil, eta ni sukaldean nago hilobiko blues-a kantari" Dylanek idatzitako abesti baten zati ttipi batek nola ager zezakeen literaturaren hitz mordoilo anitzek ezin zutena. Hautsak ere harrotu baitzituen bere garaian Dylani abestiak idazteagatik Nobela eman izanak. Iñaki ez dut hona ekarri gai horrentzat, ordea, baizik lan polita egiten duelako prentsari behakoa emanda, beste idazle anitzen artikuluak selekzionatu eta e-posta edo whatsapp bidez zabaltzen, bere begirada gehituz batzuetan, iritzia emanda, edo artikuluaren nondik norakoa zehaztuz. Oinarrizkoa iruditzen zait oinezko honek isilpean egunero egiten duena; gure hizkuntza, gure prentsa, gure liburu eta beste ekoizpen askoren osasunari laguntza ekartzen diolako.