GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Material «zozoa» topatu zuten Jaka-Mariezkurrenak

Lizartzarrak iradoki zuen bere atzelaria koadroko jotzailerik handiena izateak baldintzatu egin dezakeela intendente eta hautatzailearen jarduna.

Jaka-Mariezkurrena ez ziren gustura geratu. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Denbora luzez ekitaldi protokolario hutsak izan eta gero, azkenaldian biderkatzen ari dira pilotarien kexuak material aukeraketetan, eta Erik Jaka eta Jon Mariezkurrena izan ziren euren egonezina plazaratu zutenak, larunbaterako pilota «zozoak» topatu zituztelako. Hori bai, atzoko eta partida eguneko Labriteko baldintzak giro aldetik oso desberdinak izango direla jakinda, lehiatzeko orduan biziagoak izango diren esperantza galdu gabe.

Dena dela, Lizartzako aurrelaria pauso bat aurrerago ere joan zen, eta bere bikote Jon Mariezkurrenaren ahalak materiala baldintza dezakeela iradoki zuen: «Ez naiz errua hautatzaileei eta intendenteei botatzen ari, baina guri, txapelketa osoan zehar, gure partidetako pilotak besteetakoak baino zozoagoak iruditu zaizkigu». Jakak ez du uste eurei kalte egitera joan direnik, baina bai kontuan izan dutela partida bakoitza nork jokatuko duen: «Alde horretatik Mariezkurrena tartean egoteak bai sortzen duela halako zuhurtzia bat».

ARTOLA, HOBETO

Ez zen bere enpresa-kideekin bat etorri Ander Imaz eta saskian topatutakoak «frontoi honetarako egokiak» iruditu zitzaizkion oiartzuarrari, are gehiago, larunbatean partidaren orduan kantxan atzo baino gradu batzuk gehiago izango direla jakinda.

Igandekoarekin alderatuta, Iñaki Artolak beste aldarte bat erakutsi zuen atzo Labriten. Hobera egin du nabarmen, eta partida egunerako erabat osatua egotea espero du.