GARA Euskal Herriko egunkaria

Nafarroako Kontseiluak legez kanpokotzat jo du euskara meritua izatea osasungintzan

Euskararen aldeko mobilizazioa, artxiboko irudia. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroako Kontseiluak legez kanpokotzat jo du euskara meritua izatea eremu mistoko Osasun plazetan. Hala dio PSNk eta Geroa Baik euskararen merezimenduak balioztatzeko adostu zuten dekretu proiektuari buruzko irizpen batek. Hala ere, adierazten du osasun estamentuei buruzko hizkuntzen erregulazioa ez dela doitua, «zehaztasun faltagatik».

Nafarroako Kontseiluaren erabakiaren berri izan ostean, Geroa Baik ohar bat plazaratu zuen, eta bertan adierazi zuen ez datorrela bat irizpenarekin, eta gaineratu du bere garaian ere ez zutela bat egin Auzitegi Nagusiaren 2019ko epaiarekin, «2017ko euskararen dekretua partzialki baliogabetu baitzuen. Nafarroako Gobernuak momentuan ez errekurritu izanaren erabakiarekin ere ez genuen bat egin, jurisprudentzia murriztailea sortzen zuelako». Kontseiluaren irizpenak «administrazioan hizkuntzen balorazioari buruzko araudiaren interpretazio murriztailea», egiten duela uste dute, batez ere osasunaren arloan.

Koalizioak adierazi zuenez, «araua zerbitzu publikoa emateko tresna gisa ulertu behar litzateke. Ikuspegi hori nagusitu behar da herritar gero eta eleaniztunagoen aurrean, beren Administrazioak beren erkidegoko hizkuntzetan hitz egiteko eta arreta jasotzeko eskubidea baitute, eta hori bateragarria da Funtzio Publikora sartzeko prozeduretan berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioekin».