GARA Euskal Herriko egunkaria

«Ez naiz ondo akordatzen», Karlos Linazasororen «autohagiografia» bat

Karlos Linazasororen irudimena agorrezina dela frogatuta geratu da beste behin. Atzo aurkeztu zuen bere lan berria, “Ez naiz ondo akordatzen. Autohagiografia bat 101 ataletan”. Bere «santu bizitza» kontatzen du, literaturarekin duen harremana eta kezkatzen duten gaiak lantzen ditu tonu jostariarekin.

Linazasorok liburu berria aurkeztu zuen, atzo, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Azaletik bertatik suma daiteke Karlos Linazasororen liburu berriaren tonu jostaria. Santu bat agertzen duen margolanean Linazasororen aurpegia ikus daiteke, eta liburuaren titulua bezain garrantzitsua den azpititulua: “Ez naiz ondo akordatzen. Autohagiografia bat 101 ataletan”.

Xabier Mendiguren editoreak argitu zuen atzo egindako aurkezpenean «autohagiografia» hitzaren esanahia: «Santu baten bizitza esan nahi du; santu batek bere bizitza eta bere mirariak kontatzea da». Eta Linazasorok tonu serioz jarraitu zuen liburuaren jatorria azaltzen: «Santu izendatu ninduten. Duela bi edo hiru urte gutun bat jaso nuen, euskal literaturan agintzen dutenena, eta literaturaren arloko santu izendatu ninduten. Egia esan, ez dakit euskal literaturan besterik badagoen». Literaturaren santu izateko bi baldintza bete behar direla kontatu zuen idazleak; lehenengoa «sekula enfant terriblea ez izatea, eta ez naiz izan; oso esanekoa eta zintzoa naiz». Eta, bigarrena, gutxienez hamar aldiz porrot egitea.

Testu laburrak dira eta «zehazgabetasuna dago», iragarri zuen idazleak berak. 101 ataletan banatuta dago liburua, 101 testu daude; «nire santu bizitza kontatzen dut, aurretik idatzitakoak eta ondoren idatzitakoak. Nire bizitzako gauzak idazten ditut, idazletzarekin zerikusia dutenak, nire pentsamenduak».

Izenburuarekin lotu zuen ideia hori: «Memoria ona ez dudanez, ez ditut ongi bereizten errealitatea eta fikzioa». Eta, ondorioz, data batzuk, leku-izen batzuk, bai eta zenbait hitz ere ez daudela ondo aitortu zuen; «ez dira propio gaizki egindakoak, ez naiz ondo akordatzen gauzekin».

JOLASERAKO DEIA

«Nire filiak eta fobiak kontatzeko ironia handia dago; nire buruari barre egiten diot», adierazi zuen, eta euskararekin duen kezka edota umore beltz eta basatia landu dituela. «Santu naizelako banatu ditut ostia dexente liburuan», onartu zuen irri txikia ahoan.

Guztia «ludikotasun batez zipriztinduta» dagoela kontatu zuen, eta irakurlea jolas egitera gonbidatu. Testuak dauden ordenan irakurtzeko gomendatu zuen, eta egunean lau edo bost besterik ez irakurtzeko, «bakoitzari zukua ateratzeko». Gomendio nagusi bat ere eman zuen aurkezpenean: «Konprobatu dudanez testu bakoitza sei aldiz irakurtzen baduzu, estasi batera iristen zara».

Mendiguren editoreak adi entzun zituen aurkezpenaren gainekoak ondotik; «adarra jotzen ari zaigu», aitortu zuen. Datu okerrak edo gaizki idatzitakoak zuzentzen hasi eta ohartu zen propio ari zela idazlea: «Adarra jotzen ari da, adi irakurtzen ez bada gehienak oharkabean pasatuko dira».