GARA Euskal Herriko egunkaria

Harrera zentroetako lau nerabetatik bat suizidatzen saiatu da, EHUren arabera


EHUko ikerketa talde batek ondorioztatu du Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako harrera zentroetako lau nerabetatik bat bere buruaz beste egiten saiatu dela. Atzo ohar batean azaldu zuenez, zentro horietan lanean ari diren profesional gehienek «ez dute beharrezko ezagutzarik jokaera suizidak detektatu eta kudeatzeko».

Prestakuntza falta horrek egoera okertzen du, harrera zentroetan bizi diren pertsonek «jokaera suizidak izateko arrisku faktore gehiago dituztelako, haurtzaroan izandako bizipen traumatikoen eta autoestimu baxuaren ondorioz, besteak beste».

Horregatik, ikertzaileek beharrezko ikusten dute «kolektibo zehatz honekin lan egiteko estrategia eta baliabideak sortzea. Aldiz, esku hartze egokiak prestatzeak egoeraren inguruko informazioa eskatzen du eta, momentuz, oso gutxi aztertu da». Informazio faltari aurre egiteko, Biobizkaiarekin batera, jokaera suizida eta autolesioetarako joera aztertu dituzte 25 harrera zentrotan bizi diren 185 neraberen artean. «Orain arte datu oso gutxi genituenez, ikerketa berritzaile bat egin dugu. Emaitzek agerian utzi dute prebentziorako eta informazioa jasotzeko premia», adierazi zuten.

Gazteen erdiak baino gehiagok sentitzen dute ez dutela inor laguntza eskatzeko. Generoaren arabera ezberdintasunak daude: nesken %53,8k aitortu dute ideia suizidak izan dituztela. Mutilen artean, %18ra jaisten da kopurua. Hiltzeko asmorik gabe beren burua zauritu duten gehienak ere neskak dira (%69,9), %28 mutilak eta %2,1 ez binarioak.