GARA Euskal Herriko egunkaria

Etengabeko arretako murrizketak salatu dituzte Laudion


Laudioko anbulatorio parean Etengabeko Arreta Gunean murrizketarik ez egiteko eskatu zuten atzo protesta zara- tatsu baten bidez.

Urtarrilean arreta zerbitzuan pertsona bat hil zen mediku baten arretarik jaso gabe. Ordutik, egun askotan Aiaraldean protestak egin dituzte «osasun sistema publiko eta duinaren defentsan».

Hala, antolatzaileek azaldu zuten laudioarraren heriotzaz geroztik Laudioko Udalaren eta Osakidetzaren artean bilera bat egin zela, baina, Laudioko anbulatorio berrian eraikuntza lanetan dihardutenez, ez dela «ezer aldatu». «Laudioko Etengabeko Arreta Gunean ez dago bermatuta beti mediku bat egongo dela, eta egoerak horrela jarraituko duela dirudi, buelta ematen ez badiogu», esan zuten.

ASPALDIKO ESKARIA

Osasun Publikoaren aldeko plataformak, gertakariaren biharamunean, «etengabeko kontrol publikoko sistema» ezartzeko eskatu zuen, lehen mailako arreta osoan eta etengabeko arretako guneetan gutxieneko estaldura izan dadin.

Plataformak salatu zuen lehen mailako arreta zentroen kudeaketa erabat gardena izateko «inflexio puntua» izan behar zuela gertakari hark, eta mahai gainean jarri zituen bete beharreko zenbait ezaugarri: «informatua, arreta hurbila duena, duina eta %100 publikoa».

«Tamalez, gure herriak ez du, normalean, larrialdietako medikurik. Urteetan salatu dugun errealitate bati aurre egin behar diogu orain. Gure kritiken eta protesten jomuga izan da Osakidetzak funtsezko baliabide hori ezabatzeko hartutako erabakia», aipatu zuten urtarrilean.