GARA Euskal Herriko egunkaria

Parte hartzea kolokan dago Irango protesten osteko lehen bozetan

Mahsa Amini emakume kurduaren hilketak 2022ko irailean eragin zuen matxinadatik hona, Iranen lehen hauteskundeak egin ziren atzo. Oposizioak boikota iragarri zuenez, abstentzio handia espero zen. Teokraziaren aldekoen garaipena, dena den, ziurtatuta dago.

Jatami agintari gorenak goiz bozkatu zuen. (Atta KENARE | AFP)

Legebiltzarra eta Adituen Batzarra hautatzeko deituak ziren atzo irandarrak.

Egun gobernuan dauden kontserbadoreek, edo hobeto esanda «printzipalistek» (teokrazia islamiko xiia defendatzen dutenek) ziurtatuta dute garaipena. Batetik, hautatuen zerrendan sartu ahal izateko Zaindarien Kontseiluaren baimena behar delako. Zaindarien Kontseilua agintari gorenak, Ali Khamenei aiatolak izendatutako 12 «apostoluk» osatzen dute.

290 eserleku dituen legebiltzarrerako hautagaien kopurua sekula baino handiagoa da (12.500), baita ere emakumeena (1.700), baina denek galbahetik pasatu behar izan dute. Adituen Batzarra osatzen duten 88 postuentzat 155 hautagairi oniritzia eman diote, tartean Ebrahim Raisi egungo Irango presidente «printzipalistari». Baina 2013-2021 urte bitartean Irango presidentea izan zen Hassn Rohani moderatua -«erreformistatzat» jotzea gehiegi litzateke- kanpoan geratu da, Zaindarien inolako azalpenik gabe.

Erreformisten mugimenduak, Mohamed Jatami ulema eta presidenteak (1997-2005) ordezkatu zuenak, teokraziaren ezaugarriak arintzea edo deuseztatzea defendatzen zuen, Mendebaldearekin harremanak normaltzeaz gain. 2009ko Iraultza Berdearen atzean egon zen, baina erregimenaren errepresioaren eta hauteskunde iruzurren ondorioz erabat ahulduta dago.

Horrek ez du esan nahi oposiziorik ez dagoenik. Ordutik ia urtero matxinadak izan dira Iranen, azkena duela bi urte, «beloa gaizki eramateagatik» atxilotu zuten Mahsa Amini gazte kurduaren hilketa salatzeko.

Errepresioak 500 hildako, milaka zauritu eta milaka atxilotu eragin zituen. Horietako batzuk urkatu egin zituzten «terrorismoa» leporatuta.

Giltzapetuta dagoen Narges Mohamadi ekintzaile eta Nobel Bake saridunak eta ehunka ordezkarik, politika, gizarte eta kultura mundukoek, boikoterako deia egin dute.

Egoera ekonomikoak ere (%50eko inflazioa, Mendebaldearen zigorren eragina) ez omen du parte hartzea bultzatuko. Aitzitik, inkestetan %41 besterik ez dago bozkatzeko prest.

2020. urteko hauteskundeetan %42,57koa izan zen parte hartzea, 1979an Errepublika Islamikoa sortu zenetik ahulena.

Khamenei agintari gorenak bozkatzea nahitaezkoa eta fede kontua dela esan zuen botoa emateko orduan, eta parte ez hartzeak «etsaiak elikatuko» lituzkeela gaineratu zuen.

Irandarrek gaixorik dagoen eta 84 urte dituen aiatolari jaramon egin ote zioten ikusteko zegoen. Argi dagoena zera da, Adituen Batzarreko kideek aukeratu beharko dutela haren ordezkaria. «Guztia lotuta mantentzeko».