03 MAR. 2024 Korrikatik 2025eko udaberrira, «herri libre bat» bultzatuko du Gure Eskuk «Herri libre bat» dinamika aurkeztu du Gure Eskuk, zenbait ekimen bilduko dituena eta hurrengo asteotan Korrika zein Aberri Eguna palanka gisa erabiliko dituena. «Une egokia da, hainbat mugimendu gertatzen ari baita gure inguruan», adierazi dute taldeko kideek. 2025eko udaberrirako ekimen indartsua prestatuko dutela aipatu dute. Gure Eskuren ekitaldia, atzo, Bilbon, bi urteko plangintza aurkezteko. (Monika DEL VALLE | FOKU) GARA BILBO «Herri libre bat» nahi du Gure Eskuk eta izen hori eman dio bi urtean zehar une eta ekimen ezberdinak bilduko dituen planari. Atzo aurkeztu zuen Bilbon; bide-orri osoa ez zuen zehaztu, baina epe motzeko zenbait hitzordu, bai. Hasierako biak ezagunak dira: hilaren 14an abiatuko den Korrika eta martxoaren azken egunean ospatuko den Aberri Eguna. Izan ere, «herria ilusiotik mugituko du, herri bakoitzaren laguntzarekin Euskal Herri anitz bat irudikatzea lortuko dugu», ziurtatu zuen. «Une hau egokia da», nabarmendu zuen Josu Etxaburu bozeramaileak, zenbait tokitan burujabetzari ematen ari zaion bultzada ikusita. Irlanda, Korsika, Eskozia, Katalunia, Galizia... zerrendatu zituen. Euskal Herrian ere norabide horretan pausoak emateko «abagunea» izan badela erantsi zuten, EAEren, Nafarroaren eta Ipar Euskal Herriko Elkargoaren «egituraketaren etorkizunari buruzko gogoeta eta eztabaidak zabalik ala zabaltze bidean» daudela esanez. Irantzu Perelloren hitzetan, gainera, «lurralde auziaren edota nazio aniztasunaren inguruko eztabaida ireki da modu publikoan Estatu espainolean zein frantsesean, eta, erronka honen aurrean, euskal eragile politikoek indar posizio interesgarria dute». Ez zituen ahaztu, halaber, bidean dauden oztopoak: «Denok ditugu gogoan euskararen aldeko hizkuntz politikak egiteko botere judizialetik sistematikoki datozen trabak edo Nafarroako Trafikoari buruzko eskumena deuseztatuz autogobernatzeko gaitasunari egindako eraso judiziala». “Herri libre bat” dinamika nola hasiko den azaldu zuten gero. Hasteko, 23. Korrikan parte hartuko du Gure Eskuk, zenbait puntu esanguratsutan lekukoa eramanez: Trebiñu, Erribera, Tolosa, Baiona... Horrez gain, bere ikurrak zabalduko ditu egunero. Eta horrekin bat egiteko deia egin zieten euskararen aldeko lasterkari guztiei, «Euskal Herria harrotasunetik irudikatzeko». «Eta, irudikatzetik, ospatzera», jarraitu zuten, Aberri Egunerako hitzorduarekin lotura eginez. «Aldarrikapena eta festa giroa elkartzeko eguna izango da, ikurrak astintzeko eguna eta burujabe izateko borondatea plazaratzeko eguna», iragarri zuten. Apirilaren 13an beste ekitaldi bat egingo dute: «Hamar urte beteko dira lehen aldiz Euskal Herriko herri batek, Etxarri Aranatzek, estatus politikoari buruzko herri galdeketa bat antolatu zuela. Herri galdeketen lehen mugimendua izan zen, lehen harria, eta hortik aurrera Gure Eskuk Euskal Herrian beste hainbat herri galdeketa bultzatu zituen», gogoratu zuten. Urtemugan Sakanan elkartuko dira berriz, «bozka bidez gure etorkizuna erabakitzearen beharra ortzi-mugan kokatzeko». Gehiago ere bada. Maiatzean, «Euskal Herriko lurralde ezberdinak lotuz, martxan gaudela erakustea xede izango duen ekimen bat egingo dugu», aipatu zuten, momentuz zehaztapenak gordez. Ekainean, 2025erako mugarriak aurkeztuko ditu Gure Eskuk, «erronka gisa planteatuta». AURRERA BEGIRA Azaroan, «herritarren sormenari esker, gure herria hamabi orduz iraungo duen ikuskizun batean bilduko dugu -aurreratu zuten-. Bideoz eta ekitaldiz osatutako maratoia izango da. Sor-lan kolektibo horrekin nazioartera begira jarriko gara». Eta 2025eko udaberrian, lau haizeetara zabalduko dute Euskal Herriaren aniztasuna, indarra, ilusioa eta gogoa: «Nazioartean azpimarratuko dugu herri bat, nazio bat garela, eta burujabeak izan nahi dugula. Herri libre bat erakutsiko diogu munduari». «Aurrerapausoak behar dira. Eman ditzagun. Gure Eskuk, bederen, ez du utziko aukera hau alferrik galtzen» «Euskal Autonomia Erkidegoaren, Nafarroako Foru Erkidegoaren eta Ipar Euskal Herriko Elkargoaren egituraketaren etorkizunari buruzko gogoeta eta eztabaidak zabalik ala zabaltze bidean daude»