GARA Euskal Herriko egunkaria
SURFA

Euskal ordezkaritza zabala Tahitin: Criere eta Duru ere Olinpiar Jokoetara

Nadia Erostarbe eta Janire Gonzalez-Etxebarriren bideari jarriki, surflari hendaiarra eta baionarra ere hitzordu olinpikoan lehiatuko dira.

Andy Criere, Olinpiar Jokoetarako txartelarekin. (BASQUE TEAM)

Lau euskal surflari izango dira Tahitin, ordezkaritza oso zabala osatuz. Ostiralean, Nadia Erostarbe eta Janire Gonzalez-Etxebarrik lortu zuten Olinpiar Jokoetarako txartela eta, horien bideari jarraiki, asteburuan Andy Criere eta Joan Duru batu zaizkie, bigarren aukera ederki aprobetxatuta.

Puerto Ricon jokatu den Munduko Txapelketan, beraz, euskal surflarien artean irribarrea nagusi izan da azken jardunaldira arte, Olinpiar Jokoetarako txartela lortzeaz gain, finalean ere lehiatu baitira Nadia Erostarbe eta Joan Duru. Finalean, biek ala biek, laugarren postuan bukatu zuten, aurkariengandik urrats bat atzerago baina izen handien artean euren lekua irabazita.

Zarauztarrak txapelketa bikaina egin du, merezimendu osoz lortu baitzuen finalerako txartela. Bosgarren eta seigarren errondan bigarren eginda iritsi zen lau onenen arteko lehiara eta, azkenean, laugarren postuan bukatu zuen (9.57). Emakumezkoetan, Sally Fitzgibbons australiarrak irabazi zuen (13.10), Tatian Weston Webb brasildarraren (12.24)eta Johanne Defay frantsesaren (12.00) aurretik.

Criere ere -bigarren aukera ondo baliatu eta lau onenen artean lekua eginda- aurkariengandik urrun geratu zen final handian, laugarren postuan, 7.10 punturekin. Gabriel Medina brasildarrak (16.40) irabazi zuen Munduko Txapelketa gizonezkoetan, Ramzi Boukhiam marokoarraren (15.34) eta Kauli Vaast frantsesaren aurretik (14.33).

HISTORIA EGINEZ

Aurtengoa surfaren bigarren hitzordu olinpikoa da. Tokion estreinatu zen eta bertan egin zuen debuta Pauline Ado hendaiarrak, Olinpiar Jokoetan lehiatzen zen lehen euskal surflaria bilakatuz. Erostarbe eta Gonzalez-Etxebarrik aurten lortu dute balentria, hein handi batean historia eginez, lehendabiziko surflari gipuzkoarrak izango baitira.

Hala, Andy Criere eta Joan Dururen kasuan, gizonezkoetan, lehen euskal surflari olinpikoak bilakatuko dira Tahitin, uztailaren 27an abiatuko den txapelketan.

Donostian jaio baina Hendaian bizi den surflariak bigarren aukerako 9. kanporaketan aurrera egiteari esker lortu zuen helburua, oraindik kuotarik gabe jarraitzen zuten lehiaketako sei gizon onenen artean kokatzea lortu baitzuen; horrek plaza olinpikoa ziurtatzea ekarri dio.

Taldekideak «Andy, Andy!» oihuka ari zirela, Fernando Aguerre ISAko (International Surfing Association) presidentearen eskutik jaso zuen Crierek Paris 2024rako kuota ziurtatzen zuen txartela, Arecifeko hondartzan bertan. «Ezin dut sinetsi. Egia bihurtutako ametsa da. Jende askok lagundu dit nagoen lekura iristen. Erronka berri bat dugu elkarrekin prestatzeko», adierazi zuen. Finean, lau euskal surflari izango dira Tahitin.